TOKIKO MONETAK, INTERES OROKORREKO MONETAK

Urte eta erdiko azterketaren emaitzak

Frantzian lehen tokiko moneta osagarria agertu eta 10 urtera, gaur 82 badira. 10.000 enpresa eta elkarte eta 35.000 herritar biltzen dituzte. Euskal Herrian, Euskoa 2013an sortu zen, eta Europako tokiko monetarik garrantzitsuena da, zirkulazioan dituen 2,5 milioi euskoekin. Bere sarean 4.000 erabiltzaile partikular, 1.100 profesional eta 28 herriko etxe* biltzen ditu, baita Euskal Hirigune Elkargoa ere.

Lurralde garapeneko eragileak erronka berriei erantzun zehatzak ematen saiatzen diren bitartean, tokiko moneta osagarriek hainbat modutan lurralde dinamikoagoak, solidarioagoak eta erresilienteagoak eraikitzen laguntzen dute. Moneta berri horien eragina neurtzeko, berrogei bat moneta biltzen dituen SOL Mugimenduak, 2019ko urritik 2021eko martxoa artean, haien erabilgarritasun sozialari buruzko azterketa zabal bat zuzendu du, eta Eusko erabiltzaile anitzek erantzun diote. Ikusten diren emaitzak maila globalekoak dira baina baita tokikoak ere, eta moneta horiek beren lurraldean duten eragin bertutetsua agertarazten dute.

Trantsizio ekologikorako urratsak

Tokiko monetek zirkuitu laburrak garatzen dituzte, eta honen bidez, garraioarekin lotutako berotegi efektuko gasen sortzeak murrizten dituzte. Hala, Euskal Herrian, Eusko erabiltzaileen kasik erdiak (%48) gehiago zuzenean erosten dute Eusko kidetu direnetik, eta oro har, %72ak tokiko ekoizpenen kontsumoa handitu dute. Orokorrean, Tokiko Moneten erabiltzaileen %69a lehen baino gutiago joaiten da saltoki handietara, eta erdia baino gehiagok (%51) lineako erosketak murriztu dituztela adierazi du. Aldaketa hori hurbileko saltokien mesedetan egiten da, Ipar Euskal Herrian adibidez, Eusko erabiltzaileen %61ak lehen baino gehiago saltoki ttikietan kontsumitzen du. Beraz, tokiko monetek, hurbileko komertzioaren alde egiten dute, eta hori garrantzitsua da bereziki gaur egungo egoeran.

Sareko profesionalek ere beren zeregina dute trantsizio ekologikoari dagokionez, eta tokiko monetek gaitzeko eragina dutela nabari da: inkestari erantzuten dioten profesionalen %84ak erraten du tokiko monetan kidetu denetik bere ingurumen inpaktua murrizteko lan metodoak egokitu dituela, adibidez, energia berde hornitzaile bat hautatuz. Horiek tokiko monetek, Euskoak bezala, plantan eman dituzten araudi nagusiarekin bat egiten dute. Araudi hauetan sozialki edo ekologikoki arduratsuak ez diren pratikak baztertuak dira (banaketa handia edo laborantza industriala); lehentasuna tokiko ekoizpenei eta laborantza herrikoiari ematen zaie, gizakia eta ingurumenaren garapen errespetutsu batentzat.

Azkenik, tokiko monetan trukatutako euroak banku etikoetako erreserba fondo batean jartzen dira, eta “monetaren zirkuitu bertutetsu bikoitza” sortzeko aukera ematen dute. Horrek erran nahi du, trukatu den euro batek bi aldiz kondatzen duela, alde batetik lurraldean tokiko moneta unitate bat zirkulazioan jartzeko aukera ematen baitu, eta bestetik finantza zirkulazio etiko batean den erreserba fondo bat ere elikatuko baitu. Nagusiki Crédit Coopératif eta Nef bankuetan ezarriak, erreserba fondo horiek inbertsio arduratsuko zirkuitu berriak elikatzen dituzte, gizarte edo ingurumen balio handiko proiektuak finantzatzeko erabiliak dira.

Giza loturen sortzaile den sare solidario bat

Tokiko Moneten sareetan balore amankomunak eta komunitate bateko kide izatearen sentimendua sortzen dira, eta horiek harreman berrien garatzea ahalbideratzen dute.

Horrela, Eusko erabiltzaileen %81ak lehentasunez sareko profesional baten gana joaiten direla dio, eta haietariko %83ak Euskoa onartzen duten profesionalak gomendatzen ditu. Gainera, tokiko monetaren erabilerak partikular eta profesionalen arteko loturak etengabe indartzen ditu: partikularren bi herenak tokiko moneta onartzen duten profesionalekin gehiago hitz egiten dutela dio.

Elkartasun eta jende arteko lotura hau sareko profesionalen artean ere adierazten da: %80ak tokiko moneta onartzen duen lankide bat gomendatu dute, eta haietariko ia heren batek, usu egiten duela dio.

Euskoan, tokiko monetan egindako erosketak solidarioak dira ere, eta tokiko elkarte sarea finantzatzen dute: euskoz egindako erosketen zenbatekoaren %3a kideak aukeratutako elkartearendako atxikia da (elkarteak gutxienez 30 babesle baditu). Sistema honen bidez, hasieratik, Euskal Monetak 130 000 eusko banatu dizkie 60 bat elkarteri.

Azkenik, Tokiko Monetak ere jendeen arteko loturak sortzen dituzten elkarteak dira, proposatzen dituzten ekitaldi eta sentsibilizazioen bidez. Eusko kideen bi herenak jadanik parte hartu du tokiko monetak antolatutako ekitaldi batean, eta Frantziako lurraldean berriz, 40.000 lagun baino gehiago tokiko monetei sensibilizatuak dira urtero.

Lurralde dinamiken bizkortzalea

Tokiko Monetakek tokiko ekonomian duten eragina biderkatua da, eremu definitu batean bakarrik erabil daitekelako. Euskoz erabilitako euro bat Ipar Euskal Herrian egonen den euro bat da, eta lurraldeko ekonomia eta beraz, tokiko enplegua indartuko ditu. Transakzio bakoitzak zirkulazio zirkulu bertutetsu bat abiarazten du, eta zehazki trukeen birkokapenean parte hartzen du. Horrek tokian tokiko lotura ekonomikoak biderkatu eta finkatzen ditu, eta moneta erabiltzen duten biztanle, enpresa, elkarte eta tokiko elkargoak lotzen dituen sare bateko merkataritza harremanak sustatzen ditu. Horrela, sareko profesionalen %56ak gutienez tokiko hornitzaile berri bat hartu du, eta %84ak ez du inoiz euskorik eurotan bihurtu behar izan, eta horrek frogatzen du Euskoa zirkulatzen dela! Eta Frantziari dagokionez, tokiko moneta baten kide diren profesionalen %22ak uste du eragina duela bere diru sarreretan.

Azkenik, tokiko monetek beren lurraldeko ekonomia eta kultur ondarearen ikuskortasuna haunditzen laguntzen dute. Tokiko Moneten erabiltzaileen %80ak adierazi du bere lurraldeko beste alderdi batzuk (tokiak, monumentuak, artisauak, etab.) aurkitu dituela tokiko moneta erabiliz. Ipar Euskal Herrian, Euskoak aktiboki parte hartzen du euskararen ikuspenean, komunikazio elebidunaren bidez, eta sareko profesionalei proposatutako desafioen bidez, adibidez afitxaketa elebidunaren plantan ematean, jadanik 250 saltoki baino gehiago lagundu ditugu.

Elkargoen funtsezko eginkizuna

Bistan da kolektibitateek Tokiko Monetak erabiltzean moneten sinesgarritasuna areagotzen dute, bai biztanleen ikuspegitik bai eta ekonomia egiturentzat. Azpimarratu behar da moneta horiek tokiko hainbat politika publiko desberdinetan artikulatzea funtsezkoa dela, haien eragin ekonomiko, ekologiko, sozial eta solidarioak azkartzeko. Tokiko monetan egindako ordainketa batek eurotan egindako ordainketa batek baino 1,25 eta 1,55 aldiz diru sartze gehiago sortzen ditu lurralderako!

Euskal Herrian, adibidez, enpresek ihardetsi die tokiko zergen igoerari. Zerga horien zati bat biltzen duen Euskal Hirigune Elkargoari bere gastuak tokiko monetan garatzeko eskatzeko interesa lukete, diru hori neurri batean lurraldeko enpresetara itzul dadin. Izan ere, Euskoz ordaindutako diru laguntza, faktura, soldata edo hautetsien ordainsarien parte bat nahitaez tokiko saltoki batean edo lurraldeko enpresa batean berrerabilia izanen da. Era berean, herriko etxeek interes osoa dute ordainketak Euskoz egitea, eta joan den herriko botzetan berrogei bat eusko kidetzea engaiatu ziren.

Euskoa Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzen parte hartzeko dinamika hori integratu nahi duten hautetsi, enpresa, elkarte eta partikular guzien laguntzeko prest da!

* Aintzila, Ainhoa, Anhauze, Azkaine, Aiherra, Baigorri, Baiona, Bastida, Bidarrai, Donapaleu, Donibane Garazi, Eiheralarre, Ezpeleta, Gabadi, Gamarte, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Izura-Azme, Lehuntze, Lekorne, Makea, Maule, Milafranga, Ozaze-Zühara, Sara, Uztaritze eta Ziburu.

📷 Argazki liburutegia