AUZO-LOTSA 9 SAREKADA

1977an, Iruñeko apezgaitegian, UBI Unibertsitatera Bideratutako Ikasturtea egiten ari nintzen, Aralarko San Migel izeneko ikastetxean. Han, gehienak, Nafarroako hainbat herritako ikasleak ginen, mutilak, noski, Iruñerriko bakan batzuk joaten baziren ere, eta, irakasleen artean, denetarik genituen, hau da, erlijiosoak (apezak) eta laikoak -gizonezkoak eta emakumezkoak-, haien artean, baita gizon militar izandako bat ere.

Haiek oso urte asaldagarriak eta aztoratuak ziren Iruñean, Hego Euskal Herriko gainerako hiri gehienetan bezalaxe. Ezin dugu ahaztu, Ferroleko Francisco Franco Bahamonde diktadore eta faxista ankerra hil zenetik, urte bat eta bi hilabete pasatxo baino ez zirela igaro oraindik, eta, horren ondorioz, Iruñeko auzo askotan, eta baita Iruñerriko beste hiri eta herri ugaritan ere, sarritan gertatzen zirela langileen kale agerraldiak, elkarretaratzeak, polizien oldarraldiak, borra ukaldiak, salaketak, atxiloketak, tratu txarrak, torturak, isunak eta abar, eta abar.

Horrekin batera, jakinarazi beharra dago, gure ikastetxe hura, oso irekia, permisiboa eta aurrerakoia zela garai hartarako; askatasun dezentekoa, alegia. Hori horrela, konparazio batera, gogoratzen dut bazkaldu ondoren, bosgarren mailakoak eta goragokoak, atera ahal ginela ikastetxetik hirira joateko, nahi izanez gero, jakina, eta batek baino gehiagok, gustura asko aprobetxatzen zuten aukera eder hura, beren burua egurasteko; nik, ez, noski, oinez ibiltzeko neuzkan zailtasunengatik. Baina, arratsaldeko eskolak bukatutakoan ere, egokiera berbera zegoen nahi zuten guztientzat.

Gauzak hala, 1977ko ilbeltzaren 25aren inguruan, nik oraintxe bertan ez dut zehazki gogoratzen nola zegoen Iruñeko egoera soziopolitikoa, baina ziurrena da, egun hartan ere, segur aski, mugida bat baino gehiago izanen zirela hirian zehar. Kontua zera da, ilunabar aldean, gure mailako ikasle gehienok, logeletako ondoko korridorean hizketan ginenean, halako batean, ikusi genuen eskaileretan gora lasterka zetozela gure ikaskide batzuk garrasika, eta honako hauxe hasi ziren oihukatzen: <kontuz, kontuz!, grisak ikastetxe barrura sartu eta gure bila heldu dituk ziztu bizian! Mugi!, ezkuta zaitezte azkar!>.

Eta halaxe gertatu zen, izan ere, apezgaitegian Espainiako polizia mordo handi bat sartu eta guregana etorri ziren lasterka, basatien moduan. Gu, noski, ahal bezala saiatu ginen ezkutatzen, norbera bere logelan. Grisak zalaparta batean eta garrasi eginez sartu ziren gure lotokietako korridorera, eskailerak igotakoan. Horretarako, sarrerako atea kolpe handi batez ireki zuten, ostiko bortitz bat emanda; gu, ordurako, izuturik, ihes eginda geunden.

Logela bakoitzak ohatzea, ikasmahaia, armairua, konketa, ispilua eta leihoa zeuzkan; askoz gauza gehiagorik ez. Komunik, uste dut ez zeukatela, oso ongi gogoratzen ez badut ere. Loleku haietan, gure abizenen ordena alfabetikoaren arabera geunden sailkatuta, baina, ni oinez, zailtasun handiarekin ibiltzen nintzenez gero, lehenengo logelan jarrarazi ninduten apezek, ibiltzerakoan metro gutxiago eduki nitzan.

Anabasa larri hartan, zera gertatu zen: ni beste bi lagunekin, nire logelan zain eta beldurrak airean nengoenean, bat-batean, lotokiko atean kolpe lehor bat eta dardara ikaragarria entzun genituen, izan ere, kanpoko ateak nire logelako atean egundoko takateko latza jo eta zabalik gelditu zen, kanpokoa, jakina, baina nirekoa, ordea, itxita, eta, horrela nire logelako atea kamuflatua bezala gelditu zen grisentzat, hau da, ez ziren ohartu ere egin hantxe beste loleku bat gehiago zegoela, eta, hari esker, nirekin zeuden bi lagunak eta hirurok, deus ere egin gabe, erabat libratu ginen istilu gorri hartatik.

Esan bezala, poliziak iritsi baino lehentxeago, mutil bakoitza non edo han saiatu zen ezkutatzen, gehienak, logeletan, baina komunetan ere, bat edo beste kukutu zen. Bat, grisak bere logelara sartu zirenean, ohatze azpian, pultsuan, hankak altxatuta egonda, libratu omen zen; beste bat, ikasmahaiari buelta emanda eta han sarturik geratuta; beste bat, ordea, armairuko arropa artean gordeta eta abar.

Beste mutil batzuek, aitzitik, beste leku batzuetara jo behar izan zuten ezkutatzeko, alegia, dirudienez, poliziak sartu zirenean, aipaturiko mutilak, ikastetxeko sarrera nagusiaren inguruan omen zebiltzan, eta, horrexegatik, beste ezkutaleku batzuk aukeratu behar izan zituzten, presaka eta lasterka. Batzuek, eraikinaren sarrerako dorrerantz jo zuten izualdi larri hartan, hots, gurutze ospetsura, eta, hantxe, nola edo hala, lortu omen zuten iskin egitea polizia kankailuei. Beste ikasle batzuek, aldiz, ikasgela nagusiko oholtza azpian aurkitu omen zuten gordelekua, haietako mutil bat handia eta indartsua izaki, oholtza altxatu eta han sartu omen ziren banaka batzuk. Eta, segur aski, izanen ziren kasu bitxi gehiago ere, nik inoiz jakin izan ez nituenak.

Antza denez, ilunabar hartan, gure ikastetxe aurreko semaforo gorrian, polizien furgoi batzuk geldirik zeudenean, gure ikaskide batzuek, irain batzuk edota objekturen bat bota omen zizkieten, eta haiexek izan behar omen zuten grisen su piztailea, jokatu zuten moduan jokatzeko.

Horren guztiaren ondorioa zera izan zen: ikasgela bateko mutil guztiak eraman zituzten polizia etxera, baina ez beraiek bakarrik, ez, baizik eta baita bizpahiru apez eta irakasle laikoren bat ere. Mutil haietako batek, komisarian bete omen zituen 18 urteak, gau hartan, Espainiako polizia atsegin eta goxo haien konpainia erakargarrian; a zer balentria, e? Biharamunean, denak aske utzi omen zituzten, baina ez dakidana da, ikastetxeari isunen bat edo beste iritsi ote zitzaion ala ez, horixe ez dakit.

Orain, denborak ematen duen perspektibatik begiratuta, batzuetan pentsatzen dut ea zer gertatuko zatekeen, grisak izeneko espainiar poliziak nire logelara sartu izan balira, alegia, emanen ote zidaten denbora azaltzeko ezin nintzela ibili oinez ongi? Sinistuko ote zidaten? Eta, sinistu ezean, emanen ote zidaten nik behar nuen denbora guztia, bastoia eta makila tolesgarria hartu, jaiki, nire abiaduran ibili eta eskaileretan behera jaisteko? Ala, agian hasiko ote zitzaizkidan, horren gustukoak zituzten jokamoldeak erakusten, hau da, bultzaka, kolpeka eta irainka? Auskalo!, orain berandu da jakiteko, baina nire sen onak dio ez litzatekeela batere harrigarria izanen horrela jokatzea. Zer eginen diogu, ba? Jakina da esaera zaharrek diotena, hots, <harriak harrikumerik ez> edo <ez joan arrantzura larrera> edota <ez joan haltzagana fruitu bila> edo <ez eskatu zumarrari garia>.