ALEX TXIKON 1. KANPAMENTURA IRITSI DA ALTUERAKO HIRUGARREN ERROTAZIOAN ETA 6.100 METRORA IGARO DU GAUA

  • Euskal mendizalea 1. kanpamentura iritsi da, eguraldi egokiarekin oinarrizko kanpamentutik bost orduko igoera egin ondoren

  • Txikonek bihar 2. kanpamentuko igoerari ekitea espero du, altueran “gozatzeko gogoz”, 5 eguneko eguraldi oneko leiho bat irekiko dela kontuan hartuta.

Alex Txikon Everesteko 1. kanpamentura (6.100 m) iritsi da, Kanpamentu Nagusitik (5.360 m) bost orduz gora egin ondoren. Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria Kanpamentu Nagusian daude orain, baina Txikonekin joan ahal izan dira izotz jauzira heldu arte. Eguraldi ona eta motxila arin samarra (15 kg) direla eta, euskal alpinistak igoera erosoa izan du, eta badirudi datozen egunetarako bost egun inguruko eguraldi oneko leihoa irekiko dela.

Mendizale bizkaitarrak bihar 2. kanpamentura igotzeko asmoa du, altueran egoteko eta Himalaiak eskaintzen dion abentura berri honetaz gozatzen jarraitzeko gogoz. Egun batzuk barru gailurra egin gura duten lehen espedizioak gaur goizean abiatu dira 2. kanpamentura, zerua nahiko garbi zegoela.

Behin 2. kanpamentura iritsita, Txikonek 4. kanpamentura igotzeko asmoa du eta, mendiaren egoeraren arabera, 2. kanpamentura edo Kanpamentu Nagusira itzuliko da.

Txikonek azaldu duenez, “primeran nago, bero handia egiten du. Azken urteetan nire lana zentratu duen neguko denboralditik kanpo Himalaiara itzultzea oso berezia izaten ari da. Paisaia ikusgarria da, tokiaren handitasuna, gaueko isiltasun ikaragarria, gero, garai honetan Everesten ez dagoela bakardaderik esan dezaten”.