AUZO-LOTSA 11 ERORIKOAK

Irakasle eskolan, asko kostatako ditxosozko matrikula hura egin ondoren, normala eta logikoa den bezala, ba, egun batean, azkenean, hasi nintzen ikasgelara joaten. Taldean, neska-mutil askotxo ginen, berrogeita hamarren bat, eta, arrunta den bezala, inguruko taldeko jendea hobeki ezagutu eta harreman politagoa egin nuen besteekin baino; noski, pertsona guztiekin ezinezkoa baita hartu-eman berbera edukitzea.

Gauzak hala, eta, ni, ikastetxetik urruti samar bizi nintzenez gero, beti eramaten eta itzultzen ninduen pertsonaren batek, metro asko ezin nituelako egin oinez, eta, horren ondorioz, batzuetan, lagun batzuek motoz egiten zidaten garraio lana, beste batzuetan, ordea, beste pertsona batzuek autoz, eta, beste batzuetan, aldiz, ezinbestean, ba, taxiz moldatu behar.

Horrela, ba, behin San Jose plazan egonda, mototik jaitsi edota autotik atera, eta, orduan, bastoia ezker eskuarekin hartu eta makila tolesgarria eskuin eskuaz heldu ondoren, irakasle eskola aldera abiatu ohi nintzen. Baina, han, sartu ondoren, batzuetan, arazo larriak izaten nituen zoruarekin, izan ere, euria, kazkabarra, langarra edota elurra egiten zuenean, ikasle tropel bat sartzearekin batera, korridoreko lurra, ia-ia osorik busti egiten zen, eta, zolagaina, baldosa oso leunez egina zegoenez gero, une batez ni adigabetzen baldin banintzen, bastoiaren edota makilaren gomak zoruan irristatu, eta, behin baino gehiagotan joaten nintzen lurreraino, muturrez aurrera, jende guztiaren artean. Pentsa ezazue zer-nolako lotsa! Lagunen eta ezagunen artean soilik erortzen baldin banintzen, gaitz erdi!, baina, sarritan, arrotzen eta irakasleen aurrean ere erortzen nintzen, eta, orduan, handiagoa izaten zen jasotzen nuen lotsa, hartutako oinaze fisikoa baino.

Denboraren joatearekin ikasi nuen poliki eta arreta handiz ibiltzen, ez jausteko, bai eta bazterretan barna igarotzen ere, haiexek lehorxeagoak egoten zirelako, baina, hala eta guztiz ere, behin baino gehiagotan, eta, gutxien espero nuenean, nire ahalegin guztiak zapuztuta gelditzen ziren, zeren eta, zorua erabat lehor egonda ere, nahikoa izaten baitzen lurrean ekilore-pipita azal kaxkar bat egotea, makilen gomekin zapaldu, irrist egin eta egundoko zanpatekoa hartzeko; berriz ere beste musu bat lurrari! Gero, gainera, berriro ere komeriak egin behar: jaiki, eskumakilak hartu eta aurrera jarraitu.

Halako istilu eta estualdietan, errua ez zen inola ere nirea izaten, noski, baina, hala eta guztiz ere, ni izaten nintzen lotsatuta eta barregarri sentitzen nintzena. Ai ama!, hau bizimodu petrala!