Gaur, ekainak bost, Orreagako Andre Maria kolegiatan, bi musika kontzertu garrantzitsu izan dira, lehena, eguerdian, eta, bigarrena, 19:30ean. Bi arrazoi izan dira ekitaldi horiek egiteko, bat, Jesus Labiano priore ohiak, 95 urte bete dituelako, eta, bestea, Orreagak 800 urte osatu omen dituelako bere hasieratik.
Nire inguruko jendea gustura joan da kontzertu horietara, eta, baita atseginez beteta itzuli ere. Nik, ordea, gurpil aulkian ibilita, ez joatea erabaki dut, aspaldian hartu nuelako deliberoa, oztopo arkitektonikoak dauden lekuetan, ez egiteko antzerki eta zirku gehiagorik, eta, Orreagako monumentu gune hartan, oraindik oztopo ugari eta garrantzitsu daude.
Duela bi hamarkadaz geroztik, gutxienez, aritu izan naiz harremanetan kolegiatako arduradunekin, eta, baita Vianako Printzearenekin ere, Orreagako monumentu gunea, eskuragarria izan dadin arauz kanpoko funtzionaltasuna daukaten pertsona guztientzat, baina, zoritxarrez, gaur egun, oraindik ezin dugu esan horrelakoa dela; noiz arte? Auskalo! Bide gaitz hori oso luze doa pertsona askorentzat! Eta inork ez dezala esan, mesedez, ez daukala konponbiderik! Gauza askoz ere zail eta konplexuagoak egokitu dira-eta!
Kontzertu horietara joateko, pertsona guztiek ez dute izan erraztasun berbera, elbarriek, esate baterako; are gehiago, batzuei eragozpen handiak jarri zaizkie haraino iristeko, eta, ondorioz, nazioarteko giza eskubide guztiak ez dira berdin errespetatu pertsona guztientzat, eta, hala ere, 2021ean omen gaude. Nahikoa da! Entzun dezatela entzun behar dutenek, eta, batez ere, egin dezatela egin behar dutenek!
Eta bukatzeko, beste giza eskubide bat. Kontzertu horien egitaraua nire eskuetaraino iritsi da, eta, samin handiz, ikusi ahal izan dut, den-dena espainiera garbi eta hutsean dagoela. Antolatzaile: Nafarroako Arte eta Ondare Katedra (Nafarroako Unibertsitatea); babesle: Nafarroako Gobernua eta Diario de Navarra; laguntzaile: Orreagako Andre Maria Errege Kolegiataren Lagunen Elkartea. Orreaga ez al dago, ba, Nafarroako euskal eremuan? Noiz arte jarraitu behar dugu izaten bigarren mailakoak euskaldunok, geure etxean? Non ote daude euskaldunon hizkuntza eskubideak?
Pertsona batek baino gehiagok, barkamena eskatu beharko luke, hainbeste jenderen giza eskubide batzuk ez betetzeagatik! Eskatuko ote dute? Ez dut uste.