Bere izen botanikoak Chamomilla recutita, Matricaria chamomilla, Matricaria recutita dira. Asteraceae familiakoa da. Euskaraz larranbilo ere deitzen zaio eta Manuel Larramendik bere hiztegian (Donostia, 1745) magarza deitzen dio. Gaztelaniaz, camomilla, manzanilla, manzanilla común, manzanilla dulce, manzanilla de Aragón, manzanilla alemana deitzen zaio. Frantsesez, camomille allemande, matricaire.
EZAUGARRI BOTANIKOAK
Urteroko landare belarkara, 20-40 zentimetrokoa. Zurtoin glabroa eta adarkatua. Hostoak pinnatisektoak dira, erpin estua eta arantzatsua dute. Berde ilunak dira. Fruituak akenio txikiak dira, lauak dira kanpoaldean eta bost saihets-lerro dituzte barnealdean.
Infloreszentziak kapitulu terminalak dira, 1-1,5 zm-ko diametroa dute, pedunkulu luze batez lotzen zaizkio zurtoinari. Diskoko loreak oso ugariak dira, hermafroditak, tubularrak, 2,5 mm-ko luzera dute, hori kolorekoak, sakziformeak. Erradioko loreak, 12-20 dira, ligulatuak, zuriak, emeak, 10 mm-ko luzerakoak.
Lore usaintsuak eta zapore mingotsekoak.
ERAGIN TERAPEUTIKOA
Europako Farmakopearen arabera, terapeutikan, lore-kapitulu lehortua erabiltzen da. Haren osagai nagusia olio esentziala (%0,3-1,5) da. Flabonoideak ere baditu, horien artean apigeninaren heterosidoak, baita beste flabonak eta flabonolak ere. Beste osagaiak ere baditu: polisakarido muzilaginosoak, kumarinak, fenolak eta laktona seskiterpenikoak.
Europako Fitoterapia Kooperatiba Zientifikoak (ESCOP) eta Europako Medikamentuaren Agentziak (EMA) kamamilaren loreak barne-bidetik eta bide topikotik eragina duela onartzen du.
Barne-bidetik, digestio-asalduren tratamendu sintomatikoan, hala nola urdail-hesteetako espasmo arinetan, hantura-egoeretan, distentsio epigastrikoan, flatulentzian eta goragaleetan.
Bide topikotik, larruazaleko eta mukosetako inflamazioetan, narritaduretan eta infekzioetan, horien artean, aho-faringe barrunbea, hortzoiak eta ahoko aftak (irakuzketak); arnasbideak (inhalazioak) eta eremu uzki-genitala (bainuak eta pomadak).
Europako Medikamentuaren Agentziak (EMA) ere onartzen du loreek marrantaren aurka eragina dutela, eta olio esentzialak, berriz, larruazalaren eta uzki-genitalen mukosaren narritadurak arintzeko.
Hainbat azterketa klinikotan, kamamila baliagarria izan da antsietatea, loezina eta depresio arinak tratatzeko; baita hilekoaren aurreko sindromearen minak arintzeko ere, mastalgia barne.
Alemaniako Osasun Ministerioko Erregistro Agentziak (Standardzulassung) gomendatzen du begi-eremuan infusioa ez ematea, substantzia narritagarriek edo beste substantzia batzuek eragin ditzaketen kalteak prebenitzeko.
KAMAMILAREN ERABILERA BERTAKO HERRI-MEDIKUNTZAN
Kamamila barietate asko daude. Ezagunena Chamomilla recutita edo Matricaria chamomilla (kamamila, manzanilla dulce) da. Hala ere, bertako herri-medikuntzan espezie hau gutxi jasotzen da, eta askotan, kontsumitzen dena, baratzean landutakoa izaten da, ez basokoa. Astakamamila eta kamamila erromatarra dira Nafarroan erabilienak.
Kamamilaren herri-erabilera urria da. Batez ere, infloreszentzia lehorrak, infusioetan, digestio-arazoetarako hartzen dira. Infusio hau ere begiak garbitzeko erabiltzen da. Halaber, erlakiztenak tratatzeko, kamamilarekin, ezkiarekin, harkaitzetako tearekin, olioarekin, ardoarekin eta argizari birjinarekin ukendu bat egiten da. Osagai guztiak su motelean jartzen dira, ondoren iragazi, eta argizaria gehitzen zaie.
Pello Ituria Sarasibar
Erreferentziak:
Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.
Consejo General de Colegios Oficiales de Farmacéuticos. 2011. Catálogo de plantas medicinales.
Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.
http://www.fitoterapia.net Matricaria chamomilla