AUZO-LOTSA 12 KEA

Irakasle ikasketak egiten hasi nintzenean, hau da, 1977an, tabakoa erretzea oraindik ez zegoen debekatua inon, alegia, garai hartan oraindik ez zegoen legerik gai hori erregulatzeko, eta, horren ondorioz, pentsa daitekeen bezala, jende gehienak edozein lekutan eta edozein ordutan erretzen zuen tabakoa, inolako errukirik eta errespeturik gabe, erretzen ez zutenenganako, eta, gure ikasgeletan ere, beste horrenbeste gertatzen zen, hots, pentsa ezazue, gure gelan, berrogeita hamarren bat pertsona izanen ginen, gutxienez, eta, haietatik, erdiak baino gehiago, behinik behin, erretzaileak. Ikasgelak, garaiak, bai, baziren, baina ez oso luzeak eta zabalak, hortaz, edonork atera dezake kontua, han zer-nolako giroa jarriko zen orduak igaro ahala. Goizeko bederatzietan hasi, hamaiketan, ordu erdiko atsedenaldia, eta, gero, ordu biak arte, neska-mutil gehienak etengabe erretzen. Hantxe jartzen ziren giroa eta eguratsa arrunt astunak eta ezin arnastuzkoak ziren, batez ere, neguan eta eguraldi hotz egiten zuenean, hau da, leiho guztiak itxita egoten zirelako, baina, tira!, hantxe egon behar, nahitaez! Ez zen giro gela hartan.

Ikasgela hartan ere, ni atetik hurbil jartzen nintzen, pare-parean, gutxixeago ibili behar izateko eta errazago molda nendin sartu eta ateratzeko garaian. Alde horretatik oso ongi, baina, leku hark, ordea, desabantaila nabarmen bat ere bazeukan, geroxeago ikusiko dugun bezala. Izan ere, gure irakasleen artean, gehienak batere kexatzen ez baldin baziren ere, bazen bat, Pascual abizenekoa, oker ez banago, matematikakoa, hain zuzen ere, halako egoerak inondik inora ere jasaten ez zituena, eta, horren ondorioz, gure ikasgelara sartu baino lehen, ateko atalasean plantatu eta zera esaten zigun ozenki, zizpak hartuta:

-Egun on, gazteok! Uf!, hori da hori, ke-lainoa! Jasanezina! Bueno, ba, nahi baduzue ni horra sartzea eskola ematera, lehendabizi atea eta leiho guztiak ireki beharko dituzue gela egurasteko, bestela, hemen geldituko naiz! Zuek ikusi! Ea zer erabakitzen duzuen!

Orduan, jakina, irakaslea jarrera irmo hartan ikusita eta eskola hartu nahi genuenez gero, ez genuen beste erremediorik izan atea eta leiho guztiak irekita uztea baino. Eta, gorago azaldu dudan arrazoiarengatik, ni ate pare-parean egoten nintzen, metro gutxiago egiteko sartu eta ateratzerakoan, baina, noski, nahiz eta nik tabakorik batere erre ez, hantxe pairatu behar izaten nituen keak eta haize-laster hotz guztiak, irakasle haren ikastorduek irauten zuten bitartean. Halaxe, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, matematika geneukan egun oro. Azkenean, ez zen batere harrigarria izaten, nik, noiz edo noiz, eztarriko mina edukitzea, ke astun harengatik, edota hotzeria jasatea, haize-laster hotz eta madarikatu hura zela eta. Zeresanik ez, aulkitik altxatzeko momentuetan ere, askoz ere zailtasun handiagoak izaten nituen, gorputz adar guztiak hoztuta eta gogorturik gelditzen zitzaizkidalako.

Horrela, bada, azkenerako, Hirutasun Santuari gertatzen zitzaion antzeko zerbait pasatu ohi zitzaidan niri ere, alegia, ni pertsona bakarra nintzen, baina, hala ere, hiru kalte batera, gutxienez, jasan ohi nituen kolpe bakar batez, hau da, ke zikina, haize-laster izoztua eta gaixotasun mordo bat, alajainetan!