Per aspera ad astra
Lan-merkatuan sartzeko aukera gaixorik dago. Itxuraz, zerbait jakiteaz haratago, jakintza zehatz bat eskuratzeko azterketak gainditu eta, honatx garrantzitsuena, ordaindu direla egiaztatzen duten tituluen zerrenda gero eta luzeagoa eskatzen delako edozein lanpostuetako lan-poltsako sarrerako atean.
Ez du gehiegi axola bakoitzak zer dakien erakusteak, izan ere, nork jarri ahal izan du praktikan eta ganoraz benetan karreran ikasitakoaren laurden bat? Eta zer esanik ez oposaketetarako ikasi behar den astakeria guztiaren ondorengo egin beharrekoei buruz, horiek ez ziren azterketetan (pluralean) sartzen, zoritxarrez.
Ikasle garaian irakasle zein orientatzaileek gomendatzen ziguten gustuko genuen zeozer ikastea, beti ere, kasu gehienetan bederen, gomendio haien gehiengoa unibertsitateko karreraren batera zuzenean bideratuta egon ohi zelarik. Eta, egian esan, orain ulertzen dut zergatik: garrantzitsua da gustuko duzun zerbait ikastea, ikastea bera esfortzu handia eskatzen duen (edo beharko lukeen) ekintza gaitza delako berez, eta gaztaroko urterik onenak fantasiazko mundu horretan murgildurik igaroko direlako. Gainera, ezinbestekoa da gustuko duzun zerbait ikastea, gero etorriko baitira gustuko ez dituzun lanak egiteko garaiak, etorkizun kulunkaria, damuak, negarrak eta izerdia hil bukaerako ordainketa ziztrinarekin lehortuko direnak, hilabetez-hilabete. Urteak joango dira amaren gonapetik ateratzeko aurrezkiak onargarriak izatera iristerako. Horrenbeste kostatako ordainsaria (saria?) haize bolada leun batek etorri ahala eramango duena, hain zuzen, urtez urte, bizitza amaitu arte.
Sarritan guztiok zaku berean sartzea bidegabekoa dela esaten bada ere, esanak esan, lan baten bila dabilen gizabanakoa egoera bertsuan dauden beste askoren poltsa berean sartuko da; norbait gaixotu, haurdun geratu, nazkatu edo hil arte, hantxe, poltsan sartuta egon behar. Eta, bien bitartean, taberna zuloren baten, edozerren klase partikularrak ematen, hanburgesa koipetsuak zerbitzatzen edo bizilagunaren haur bihurria zaintzen ateratako limosna apurrarekin titulu gehiago ordaindu ahal izateko itxaropenaren garrari piztuta eutsi behar.
Bestalde, Curriculum Vitae-ren esanahia ez da ezustekoa, ez horixe. Esamoldeak berak adierazten duenez, bizitzako lasterketatxoa da lanerako prest gaudela erakusten duen orri editagarria. Tamalez, ordea, atzizki txikigarria soberan dagoela esango nuke. Lasterketatxoa ikasketak direla baieztatuko nuke, entrenamendua, eta lasterketa, funtsean, txikigarririk gabe, lehendabiziko titulua jasotakoan hasten dela azpimarratu. Papera eskuan duzun unean entzungo duzu egiazko korrikaldiaren irteteko pistola-tiroa.
Lan-poltsaren hantura da, hortaz, gaur egun lana topatzeko lehiak jasaten duen gaitza. Lana topatzea lehiaketa bat delako, borroka, billarreko piloten arteko kolpez jotako norgehiagoka. Eta ez dago gaizki esanda, hots, “titulitis” hitzak bete-betean adierazten baitu lan bila dabilenaren egoera. Inflamatuta dago, noski, bizitzako urte gehienak ikasten igaro ondoren, birziklatzearen edo eguneratzearen izenean ikastaro desberdinetara apuntatu eta azterketak egiten jarraitu behar duen etorkizuneko langilearen bizitza, puztuta haren curriculuma eta handituta haren prestutasun eta jakituriaren zerrenda luzakorra. Bere onetik aterata, bere jakintzez baliatuz lan egin nahi duen etsitako langilea.
Oinarrizko zein ondorengo ikasketez gain, gainera, kotxeko karneta eta kotxea izatea hobesten da, bigarrena lehenengoa ateratzearekin batera oparituko balukete bezala. Hizkuntzak jakiteak ere lanerako aukerak zabaltzen omen dituenez, poltsa barruko edozein kidek baino goragoko letra duen ziurtagiriren bat edo beste edukitzea komeni da, hura zapaldu eta zu aukera zaitzaten; beraz, hizkuntza askotako C1 titulua, gutxienez, ateratzea gomendatzen da eta, gogo izpirik geratzen bazaizu, C2a, nahiz eta urteekin eta erabilera ezarekin, nahitaez, A1 mailara jaitsiko zaren. Baina zaude lasai, hori gutxienekoa da.
Amaitzeko, komeni da edozein lan-elkarrizketetan bizitzan beste zereginik ez duzula argi eta garbi adieraztea, erabateko prestasuna duzula azpimarratuz; eta urteetan gurasoek emandako pagarekin eta hainbeste kostatako aurrezkiekin ordaindutako ziurtagiri guztiak bene-benetakoak direla frogatzen duten konpultsatutako fotokopiak ere pagatu ostean, ondorioa bat eta betikoa besterik ez da: erdi-mailako klaseko gizabanakoa izatea merezi duzula uste baduzu, zuritu ezazu dirua.