Gaur egungo haur, gaztetxo eta gazte askorentzat, ematen du “jokatu” aditza ez dela existitzen, dena baita “jolastu” eta “jolastu”. Gainera, bide batez, Euskal Herriko lurralde ugaritako “jostatu”, “olgatu” eta abar ere, erabat baztertuta uzten dituzte. Baina, ez da hori bakarrik, baizik eta kontua da, gainera, “jolastu” aditza oso gaizki jokatzen dutela gehienetan, eta, horren ondorioz, behin eta berriz, mota honetako esaldiak entzuten dira, kirol partiduak jokatu baino lehen edota ondoren, hots, <gaizki jolastu dut>; <oso gaizki jolastu dugu>; <guk baino hobeki jolastu dute>; <asko entrenatu dut>; <oso ongi entrenatu dugu> eta abar, eta abar; nazka-nazka egin arte. Hemen ez naiz hasiko irakasten zergatik eta nola den, baina, dakienak, badaki.
Pentsatzen dut, horren arrazoiak eta erruak etorriko direla, etxe eta eskola askotan ez direlako ongi transmititu kontzeptu horiek, baina, bueno, nire asmoa hemen, ez da, hain zuzen ere, errudunak bilatzea, baizik eta konponbideak aurkitzea, -norberak atera ditzala bere kontuak-.
Beste alde batetik ere, suposatzen dut, pilota enpresetan eta futbol klubetan, besteak beste, borondate ona izanen dutela arduradunek, beraien kirolariek, euskara modu egokian erabil dezaten hitz egiterakoan, batez ere, euskal komunikabideetan, are gehiago, ikusita ETB1en, konparazio batera, esatariak saiatzen direla erakusbide ona ematen, kirolari gazteek euskararen erabilera txukuna egin dezaten, baina, argi dago horrela nekez lortuko dutela emaitza onik, horrexegatik, nik honako galdera eta proposamena eginen nieke kirol arduradunei, enpresaburuei eta abarri, benetan borondate ona baldin badute, behinik behin: horren zail izanen ote litzateke, kirolari gazte horiei ikastarotxo txiki bat ematea, oinarriko kontzeptu horiek, behin betiko, ongi ikas ditzaten? Jakina, betiere, era egokian eta irakasle eskudunekin.
Erantzunen bat gustura jasoko nuke.