Bihotz minbera edo hunkibera baduzue, hemen geldi zaitezte otoi. Saguekin eta haien etxeetako hormetan zuloekin edo haurrentzako kontakizunetan zilipurdiekin, idazlan honek ez du deus ikustekorik.
Alderantziz, lanbidean edo atsedenetan makina pisuekin, kable tinkatuekin edo itzultzen diren tresnekin lanak egiten badituzue, istripu hilgarri horren deskribapenak eta ondoko gogoetak zerbait eraman diezazuekete. Agian, zeuen gogoetak elikatuko dituzte.
Zergatik kontatu nahi dizuet horrelako istripu lazgarri edo izugarri bat aldizkari literario batean? Istripua, 2000ko urriaren 9an gertatu zen zulatze plataforma batean, Ipar itsasoan, Eskoziako Aberdeen-etik 120 miliara. Orduan ez nintzen gehiago zulatze lanetan, lanbide horretan lehenago hamalau urtez segitu arren. Segurtasun lanbidean ere ez izanez geroz, ez nituen gure industriako istripuak hurbiletik segitzen. Horrez gain, munduan zehar, industria honetako istripuek ia hogeita hamar langile hil zituzten 2017an. Hobekuntza bat zen: 2008an ehun bat hil ziren eta 2000n are gehiago ziur aski. Izan ere, espezialistek bakarrik istripu guztien segitzeko edo ikertzeko denbora dute.
Hala ere, istripu horrek, industriaren gehienei markatu zizkigun izpirituak. Duela hamar urte erretrata hartu arren, oraindik dut buruan. Agian, idazteak burutik kenduko dit gaia, beste gauza alaiagoetara pasatzeko!
Hemen, barka iezadazue xehetasun teknikoengatik, baina zuek gertatu zena argiki ulertzeko, lerro batzuetan istripuaren ingurumena deskribatu behar dizuet.
Sagu zuloak, ingelesez mousehole-ak, petrolio industriaren zulatze plataformetan, zulatze prozesuan aspalditik parte hartzen du. Sagu zuloak ia zulatze plataforma denetan daude, bai lehorrean, bai itsasoan, eta han flotatzen duten edo hondoan finkatuak diren plataformetan.
Sagu zuloa altzairu hodi bat da, luzeran hamar bat metrokoa, diametroan hogeita hamar bat zentimetrokoa. Zulatze lantegi edo derrick-aren zoladuratik zintzilik dago eta zoladuran agertzen da haren ahoa. Noizean behin hodi hau haren lekutik kendu behar da haren ahoa libratzeko. Orduan, istripuaren egunean bezala, beste zerbait, tresna edo zama bat sagu zuloaren ahotik garraia edo zintzilika daiteke, kable bat erabiliz.
(Public Domain, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=2740716)
Bestela, laburki, hona nola erabiltzen den sagu zuloa zulatze prozesuan. Ehunka direnetako zulatze hodi edo zurtoin bakoitza besteei lotu behar da. Derrick-an sartu orduko, sagu zuloan kokatzen da. Handik, lanabes bereziak erabiliz, beste hodiei torlojutzen zaie. Segidan, zulatzea berriz hasten da, gehitutako hodi horren 9 bat metroz zuloa sakontzeko.
Orain ikus dezagun gertatu zen istripua. Interneten bidez, Istripu Hilgarri Ikerketa edo FAI (Fatal Accident Inquiry) aurkitu eta laburtu dizuet (1).
Gordon Mackie Moffat biktimak, zulatze plataformako derrickman laguntzaile lanpostua zuen.
Derrickman-ek bi erantzukizun nagusi dituzte. Alde batetik, hodiak zuloan sartzen edo zulotik ateratzen direnean, derrick-en goi mailan lana egiten dute, gorago aipatu dudan kakora edo kakotik hodiak gidatzeko. Bestaldetik, derrick-aren azpiko lantegietan zulatze lohia kudeatzen dute, produktu kimikoak gehitzen, tenperatura neurtzen etab.
Itsasoko plataforma gehienetan bezala, lau talde zeuden. Egunero bi talde etxean daude eta bi talde plataforma funtzionarazten dute. Batek eguerditik gauerdira lan egiten du eta besteak gauerditik eguerdira, hots 12 orduz egunero. Erritmo horren konpontzeko, bi astez lanean eta segidan bi astez etxean daude. Etxetik munduko leku urrunetan, erritmoa lau astez lanean eta segidan lau astez etxean bilaka daiteke, denbora gutxiago bidaietan galtzeko.
Biktima zen lau taldeetako baten derrickman-aren laguntzailea. Istripuaren gauan, laguntzaile gisa, zuloaren buruari kautxuzko hodi hidrauliko batzuk finkatu behar zizkion. Hori egiteko, zulatze zoladura eta azpiko zoladuraren artean zintzilik zegoen, airean, segurtasun uhal batean. Uhala altzairuzko kableari lotua zitzaion. Kablea sagu zuloaren ahotik pasatzen zen gorantz eta gero polea batetik zulatze zoladuran zegoen gindaxeraino. Gindax horrek bost tonako indarra zuen. Hots, bost auto txikiren, adibidez bost “Twingo”-ren pisua.
Hodiak finkatu eta gero, biktima zen hamabi edo hamabost metrora azpiko zoladurara gainean. Handik igoa zen eta hodi hidraulikoen presio frogatzea egin ondotik, hara jaitsi izanen zen. Hodi hidraulikoen presio frogatzean zehar, gorantz metro bat inguru urrundu behar zuen.
Tokiko gider edo besoaz gindaxa ibilarazten zuen langile edo operadoreak ezin zuen biktima ikusi. Sagu zuloaren ondoan ez zegoen inor gau hartan. Horregatik azpiko zoladuran zegoen maniobra zuzentzaileak, walkie-talkiez galdetu zion gindaxa operadoreari igo dezan. Metro bat inguru eginik, biktimak oihukatu zuen “Stop!”.
Zoritxarrez, arrazoi batengatik walkie-talkieak ez zuen funtzionatu eta gindaxaren operadorea ez zuen agindua entzun. Biktimak “Stop!” oihuka errepikatu zuen behin eta berriz. Maniobraren zuzentzaileak agindua ez zela entzuna ulertuz gero korrikaz ibili zen plataformaren bozgorailu sistemaren hurrengo punturaino, handik hamabi metrora eta “Dena stop!” agindu zuen. Halere epe bat hartzen du sistema horrek mezuak grabatzeko eta kablea, ia bi metro minutuko igotzen jarraitu zen.
Bozgorailuk mezua eman zuenean, operadoreak gindaxa gelditu zuen: berantegi.
Berantegi: biktima haren gerritik sagu zuloan partzialki tiratua izana zen eta bertan hila. Biktimak borondatez ordezkatzen zuen lankideak, berantago Istripu Hilgarri Ikerketa arduradunei erran zien: “Ezin genuen sinetsi nahi…baizik ez trapuak, baizik ez trapu bilduak, horri so eginez pentsatuko zenukete”.
Gu gehienak ere, industria honetan, behin edo gehiagotan kable batetik zintzilik izan ginen baita beste asko ere beste industrietan. Egoera honetan ginenean, ez genuen kablearen mugimendua manatzen. Beste lagun edo lankide batek gindaxaren giderra eskuetan zuen. Beraz gure bizitza zuen eskuetan. Guk, autoz eramaten ditugunena bezala. Erru bat debekatua zitzaion.
Gordon Mackie Moffat biktimak, ziur aski, zerbait gaizki zihoala konturatu zen sagu zulora igotzen zenean. Bere hil ordua etortzen ikusi zuen, azken segundora arte halere kablea geldituko zela esperantzarekin. Ea nobeletan idazten den bezala haren bizitzaren film azeleratua ikusi zuen, “Stop” oihukatzen ari zenean?
Bat-bateko istripu askoren arriskua onartua da gure gizartean. Adibidez, Frantzian, astean bitan gasari lotutako istripu bat gertatzen da (2): baina guretako nork uko egiten dio gasarekiko sukaldaritza edo berotzeari?
Logika berean, urtero guretako ia 3000k bizitza galtzen dute auto istripuetan. Nork gidatzeari uko egiten dio?
Leku txarrean momentu txarrean bagara, gerta dakiguke. Bai. Baina oraindik bizirik irauten dugula froga dugu besteen kontua baizik ez zaiela. Orain arte. Bai. Beharbada, egoera hauek menperatzen dugula pentsatzen dugulako arriskua onartzen dugu.
Halere, kabletik zintzilika, ez dugu ezer ez menperatzen. Horrez gain, hiltze oinazetsua laster gertatzear dela, erremediorik gabe, ideia jasanezina zaigu. Horregatik hori pairatu zutenekin izugarritasuna partekatzen dugu.
Istripurik gabe maniobra batean, Iroiseko itsaso zabalean, 1978an, lankide bat jautsi behar izan zen kable batetik zintzilika. Haren abiapuntua plataformaren zubia zen. Egiteko lana ur azalaren hurbila zen, hogeita hamar bat metro beherago. Ia hamar bat solairu edo estai beherago. Kako mota bat aingura baten kableari lotu behar zion. Lana eginik zubira etorri zenean, lankideen txaloekin, aurpegia zuri-zuria zuen. Beldurrez zuritua.
Sagu zuloaren istripua baino hamabi urte goizago, 1988an, Piper Alpha plataforma istripuan, 167 langilek hil ziren, infernuko hidrokarburozko sute erraldoi batean (3).
1977an, hots hamaika urte goizago, Tenerifeko aireportuan, laino lodi batean, 583 bidaiari hil ziren bi hegazkinen arteko talka batean.
Sagu zuloaren istripua, Piper Alpharena eta Tenerifena, hiruak kausatu zituzten komunikazio akatsek, ikerketen arabera.
Hiru adibide hauez gain, munduko istripu katastrofikoen zerrenda luze-luzea da. Askotan ere, komunikazio faltek edo akatsek sortu zituzten. Halere, batzuetan gizakiaren diruzalekeria hobenduna da.
Atzo ikasia, gaur ahantzia: Mexikoko Golkoan, 2010ean, BP petrolio konpainiak, lehertze eta sute erraldoian Deepwater Horizon plataforma galdu zuen. Hamaika (11) lankide hil ziren eta ordura arte ez ikusitako kutsadurak golkoaren itsasbazterrak jo zituen. Hiru hilabeteren barne, konpainiak balio erdia galdu zuen burtsan, diruzalekeria susmoagatik eta konfiantza galtzeagatik.
Gaurko birus mikroskopikoak sortutako pandemia, milaka edo milioika hildakoenekin, nola sailkatuko dugu, zuen ustez?
2020/03/01
(1) Helbide elektronikoa, xehetasun guztiak ingelesez irakurri nahi badituzue, da:
(3) https://www.youtube.com/watch?v=VXZRx7sE1qc
“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (72. zenbakian)
You must be logged in to post a comment.