Bere izen botanikoak Anthemis nobilis, Anthemis odorata, Chamaemelum nobile, Chamaemelum odoratum, Chamomilla nobilis dira. Asteraceae familiakoa da. Lacoizquetak bere hiztegian (Iruña, 1888) kamamilla deitzen dio. Gaztelaniaz manzanilla amarga, manzanilla romana deitzen zaio. Frantsesez camomille romaine.
EZAUGARRI BOTANIKOAK
Landare belarkara, 15-30 zm-ko altuerakoa. Errizoma oso sakona du, eta hortik, gorako zurtoinak ateratzen dira, sinpleak edo adarkatuak, iletsuak, kolore berdexka-zurixka ematen diotena. Hostoak berde grisaxka edo berde bizi kolorekoak, alternoak, 2-4 zm-ko luzerakoak, bi edo tripinnatisektak, lobulu linealak dituzte. Fruituak 2 mm-ko luzera duten akenioak dira, triangelu formakoak, azala laua, hiru lerro dituzte azpialdean, marroi-argi kolorekoak, kardilaunik gabekoak.
Infloreszentziak kapitulu terminalak dira, forma globularra, 2-2,5 zm-ko lodierakoak. Erradioko loreak ligulatuak dira, emeak, zuriak, 10 mm inguruko luzera dute. Diskoko loreak tubularrak, hermafroditak eta horiak. Ez dira sakziformeak.
Loreak usain sendokoak dira eta zapore mingotsekoak.
ERAGIN TERAPEUTIKOA
Terapeutikan lore-kapitulu lehortua erabiltzen da. Osagai garrantzitsuenak olio esentziala, laktona seskiterpenikoak, flabonoideak (horien artean, apigeninaren eta luteolinaren heterosidoak), konposatu fenolikoak, kumarinak eta umbeliferonak dira.
Bai Europako Fitoterapia Kooperatiba Zientifikoak (ESCOP), bai Europako Medikamentuaren Agentziak (EMA) erabilera tradizionala ontzat ematen dute, hau da, urdail-hesteetako afekzio espasmodiko arinen tratamendu sintomatikorako (sabeleko distentsioa eta flatulentzia kasu); baita aho-faringe barrunbeko hanturak tratatzeko ere. ESCOPek ere zauri eta urraduretan modu topikoan erabiltzea onartzen du, baita azkuraren aurka eta konjuntibako narritadurak arintzeko ere. Ekzema, zauri eta hanturen kasuetan ere erabiltzen da.
ERABILERA BERTAKO HERRI-MEDIKUNTZAN
Zenbait lekutan, herritarrek astakamamila hartzen dute eskueran dutelako, baina jakin badakite mendi-arrasoetan, abereak bazkatzen diren zelaietan, beste kamamila barietate bat badagoela, gozoagoa eta eragin handiagokoa; esaterako Urbasa mendilerroan dagoena, eta uda garaian haren bila joaten dira. Kamamila barietate hori kamamila erromatarra (Anthemis nobilis) da, hain zuzen. Astakamamila eta kamamila erromatarra dira bertako herri-medikuntzan erabilienak. Askotan, kamamila erromatarra non jasotzen den, huraxe izena du: Aralarko kamamila, Belateko kamamila, Moncayoko kamamila, Urbasako kamamila, Andiako kamamila, Mendaurreko kamamila eta abar.
Infloreszentzia lehorreko infusioak, batez ere, digestio arazoetarako hartzen dira. Zenbait lekutan, kamamila beste landare batzuekin nahastuta hartzen da, hala nola milorriarekin eta oreganorekin. Hesteak garbitzeko, berriz, pasmo-belarrarekin nahasten da.
Era berean, zenbait kamamila-biltzailek, infloreszentzia lehortuak, anisean edo beste edari bizian beratzen jartzen dute. Prestakin horren zurrut txikiak hartzen dira urdail-hesteetako arazoei aurre egiteko. Urdaileko mina arintzeko ere, landarea olio pixka batekin berotzen da; ondoren, olio horrekin gaza bat bustitzen da, eta bero dagoela, tripa gainean jartzen da.
Halaber, kamamila horren infloreszentzia lehortuekin, olioarekin eta argizariarekin ukendu bat egiten da zauriak, pikortak eta erlakiztenak tratatzeko. Ukendu hori ere kamamilarekin eta beste zenbait sendabelarrekin nahasturik egiten da, berbena, baratxuria eta pasmo belarrarekin esaterako. Era berean, kamamilaren infloreszentziarekin, askotan berbenarekin eta pasmo-belarrarekin nahasturik, infusioa egiten da. Infusio horren ura aurpegiko pikortak tratatzeko erabiltzen da. Halaber, infloreszentziaren infusioak hartzen dira lasaitzeko eta buruko minari aurre egiteko. Infusio hori ere odola arintzeko hartzen da. Bestalde, kamamila, milorri eta oreganoarekin infusioak egiten dira bihotz-arazoak tratatzeko.
Kamamila erromatarra ere begien arazoak tratatzeko erabiltzen da: infusio epelak begiak garbitzeko, makarrak kentzeko eta begitxindorrak sendatzeko.
Era berean, belarriko minari aurre egiteko kamamila erromatarraren infusioa eta olioa berotzen dira zartaginean. Prestakin hori iragazi, epeltzen utzi, eta tanta batzuk belarrian jartzen dira.
Kamamilaren infusioaren ura ere etxe-abereei (oiloak, ardiak eta beste) ematen zaie gaixotzen direnean.
Pello Iturria Sarasibar
Erreferentziak:
Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.
Consejo General de Colegios Oficiales de Farmacéuticos. 2011. Catálogo de plantas medicinales.
Lacoizqueta JM. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. 1994. Gil Bera E, Gobierno de Navarra. Edición facsímil de la de 1888.
http://www.fitoterapia.net Chamaemelum nobile