Maisu ikasketak egiten ari nintzenean, zehazkiago esateko, bigarren mailan ari nintzela, EGA azterketa, gehien bat nire kontura prestatu nuen; prestatu, Donostiara joan, nirez kabuz aurkeztu nintzen etsaminara, eta, zorionez, lehen ahaleginean lortu nuen aipatutako agiria.
Irakasle ikasketen hirugarren maila lantzen ari nintzenean, eta, oraindik, irakasgairen bat gainditu gabe nuela, AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundean lan egiteko eskatu zidaten; nik, txintxo-txintxo eta bi aldiz pentsatu gabe, berehalaxe onartu nuen proposamen erakargarri hura, euskara irakasteko.
Gauzak hala, 1980ko udazkenean, segituan hasi nintzen lanean, euskara irakasle moduan, AEK-k, garai hartan, Iruñeko Bigarren Zabalgunean zeukan Joan Amenduze izeneko gau-eskolan, 18:00etatik 21:00etara, gutxi gorabehera, oso oker ez banago.
Horraino, dena oso dotorea eta polita izan zen, baina, kontua da, ni, ordurako, dagoeneko gurpil aulkian ibiltzen hasita nengoela, nahiz eta gogotik saiatu nintzen, nire kontura, une hura irits ez zedin, ariketa fisiko ugari eta abar eginez, baina alferrik izan zen, ordea, etorri behar zuen eta etorri egin zen. Bueno, bada, gorago aipaturiko Joan Amenduze gau-eskola hura, Vazquez de Mella izeneko eskola publikoetan zegoen kokatuta, nire zoritxarrerako. Zoritxarrerako diot, zeren eta eraikin hark sarreran eskailera luze bat baitzeukan, etzana eta zabala, hori bai, baina, azken batean, eskailera bat zen, bere maila guztiekin, eskailera guztiak bezalaxe, eta, jakina, hara iritsitakoan, eramaileak igo behar izaten ninduen beheko solairuraino, eta, eskolak bukatutakoan, noski, berriz ere, lehengo pertsona berak edota beste batek, ni jaitsi eta etxeraino eraman behar, hau da, Arrosadia auzoraino. Zorionez, eta, egia esateko, inoiz ez zitzaidan lagunik faltatu izan garraio lanak egiteko, baina, egiari zor, aitortu behar dut, egundoko asperdura ekartzen zidala beti-beti horrela ibili behar izateak, hau da, betiro laguntza eskatu behar izateak, eta, gainera, eskailera haien oztopo zail erantsi harekin.
Baina, amorrua ez zen bukatzen han, izan ere, garai hartako, AEK-ko Arturo Campion izeneko euskaltegira ere, tarteka-marteka, joan behar izaten nuen, material gehiagoren prestaketa zela eta, koordinazio lanak zirela eta, metodologia berriak lantzeko, pedagogian sakontzeko, noizean behin ikastaroak ere egiteko eta abar. Baina, han ere, zailtasun ugari izaten nituen, hasteko eta behin, ezkaratzeko ate ondoan, mailaren bat zegoen, gero, barrurago, igogailua baino lehenago, alegia, beste mailadi txiki bat, eta, azkenik, igogailua, baina modelo zaharra, txikia eta oso konplikatua zen gurpil aulkian ibiltzeko. Ondorioz, handik denbora batera, utzi nion Arturo Campion euskaltegira joateari, asperduraren asperduraz.
Baina, jakina den bezala, egoera zail guztiek, aukera izaten omen dute oraindik zailago bihurtzeko, eta, niri ere, antzeko zerbait gertatu zitzaidan, hara, handik hiru bat urtera, lortu nuen nire lehenengo gurpil aulki motorduna; ni, pozik txoratzen! Oso ongi gogoratzen dut: lehendabiziko egunean, -ostiralarekin izanen zen-, Arrosadia auzoko etxebizitzatik atera, eta, lehenik, gau eskolara joan nintzen, harro eta hantustetsu, gero, lagun batzuekin, Alde Zaharrera, zerbait hartzera, eta, azkenean, handik, Donibane auzora, parranda pixka bat egitera. Baina, gauzak zer diren!, jakina, ni, aulki motordunen gai hartan, erabat hasiberria nintzen, eta, ordaindu ere, halaxe ordaindu behar izan nuen hasiberri-saria, izan ere, halako itzulinguru handia egin ondoren, eta, jadanik, etxerako bidean nintzela, hara non bukatu zitzaidan baterien karga, eta, etxeraino, aulkia, lagunek bultzaka joan behar! A zer estreinaldi arranditsua egin nuena!
Gerora, gurpil aulki motordun hura, hantxe egon zen hilabete eta hilabetetan, beste etxe batera joan ginen arte, bateriak deskargaturik zeuzkala, gure bizitzako ezkaratzean, ezin erabilirik, gu, lehenengo solairuan bizi ginelako, eta, ez genuelako modu egokirik ibiltzeko, aldiro-aldiro, aulki gurpilduna igotzen eta jaisten, bateriak kargatzeko. A zer-nolako bitxikeriak eta ironiak gertatzen diren bizitza honetan, e?, gurpil aulki motorduna eduki eta ezin erabili! Hau da marka, gero!