AMAZON-AK

Facta, non verba

Aitortu behar dut tarteka amazona bat naizela, hainbat erosketa Amazonetik egiten dudalako diot, ez pentsa zaldi gainean ibiltzen naizelako denik. Ezagutzen dut plataforma multinazional erraldoiari boikota irmoki egiten dion nor edo nor. Ausarta eta, batez ere, burugogorra behar du izan halako tentaldi erosoari zinez uko egiteko, teorian eta, bereziki, praktikan. Horiek dira, hain juxtu, benetako ez-amazonak. Izan ere, aldi berean, ezagutzen dut denda eskergaren aurkako iruzkin ezkorrak ozenki adierazi, baina isilpean eta, oso aldirian behin, saskiratutako produktuen erosketari onartzeko botoia sakatu, eta hurrengo egunerako ezinbesteko beharraren aitzakiaz, Amazonetik erosten duen errudunik ere.

Egungo erlijio kapitalistan, berehalakotasunak eta merkealdiak berebiziko zama duen txanpon-hotsik gabeko sinesmen digital honetan, aitorlekuek berezko gunea izan beharko lukete, tabernetatik haratago. Zerbaiten predikua egin eta, gutxitan bada ere, kontrakoa egiten duten bekatarientzat zeozer asmatu beharko litzateke, haien erruduntasuna zuritzeko. Gizagaixoak! Nola bestela? Gehiago eta gehiago erosiz? Koitaduak!

Ildo horretan, zentzuzkoa litzateke jatorrizko amazona mitologikoen irudia berreskuratzea. Baina, agian, berdintasunaren baitan, egungo bizimodura egokitu beharko litzateke haien eginkizuna. Gaurko amazonek, hortaz, gizonezkoak ere onartuko lituzkete. Amazonen taldekide izateko baldintza bakarra esaten denak egiten denarekin bat datorrela zintzotasunez erakustea beharko luke izan.

Gaur egungo emakume eta gizonezko amazonen betebeharra, berriz, gezurtiak akabatzea izango litzateke, besterik gabe. Partaideen nortasun borrokazale eta oldarkorra berezkoa izanagatik, amazonek ez dute epaituko izen bera daraman enpresa esplotatzailean zerbait erosten duen gizabanakoa. Ez dute ezta ere denda txikiak lotsaizunik gabe suntsitzen ari den enpresa zapalgailuan erosteko ohitura barneratuta duen inor erauziko. Norbanakoaren erantzukizuna hain aipatua (eta ez ondo erabilia) den sasoi honetan, amazonek iruzur-egileekin bukatzea izango lukete xede nagusi, baina ezinezkoa denez, gutxitzearekin etsiko lirateke, hartara, urteroko kurtso amaierako bileretan, datorrenean zer hobetu izango lukete, edo, behintzat, bileran hori esatea ahalbidetuko liekete. Gezurrontzi guztiak ezabatuz gero, euren funtzioa ere galduko litzateke eta, ondorioz, baita beraien izankizuna ezdeus bilakatuko ere.

Nire aspaldikeriekin hasita (barka beza irakurleak), Herodotoren Historiak liburuko (4. lib., 110-117) kontakizunaren arabera, eszitiar mutil gazte batzuek Amazonei gizarte bateratu berri bat sortzeko proposamenaren ondorioz sortutako arraza berri hura errusiar hegoaldeko sarmaten jatorritzat hartu izan da. Beraz, agian, egia-esaleen arraza berri bat sortzeko aukera legoke gezurtiak zakarki garbitzen dituen amazona berri horiekin.

Etimologikoki, bestalde, a-mazon hitzak “bularrik gabe” edo “bulartu gabe” esan nahi omen du; legendaren arabera, emakume haiek eskuineko bularra erretzen zutela esaten da, arkua eta lantza hobeto erabiltzeko xedez. Dena den, greziar artean ageri diren amazonek bular biak dituzte. Horiek horrela, egungo amazonen ikurra gezi itxurako irribarre xaloa izango litzateke, zaborrontzi kanpoan egon ohi diren kartoizko kaxa ugarik duten horixe bera, hain justu. Irriñoak benetakoak ala aizunak diren bereiztea izango da, hortaz, amazonen zereginik funtsezkoena.

Ondorioz, legendari tarte bat utziko diogu, zerbait esan eta isilean kontrakoa egiten dutenak mitoen parte direla adierazteko, esamesa besterik ez, bestela ez baita geldituko amazona izateko aproposa den inortxo ere; izen bereko oihanarekin gertatzen ari den modu bertsuan, zuhaitzik gabeko baso bihurtuko ginateke, birikarik gabeko mundu.