HATSAREN POESIAREN EGUNA

1999an, lehen aldiz, Auxtin Zamora olerkari senpertarrak goxoki bultzaturiko hainbat olerkariren lanak biltzen zituen Hatsaren Poesia. Olerki bilduma izeneko liburu ederra plazaratu zuen. Osora hogeita hemezortzi olerkarik hartu zuten parte: Eneritz Abruza, Jakes Ahamendaburu, Henriette Aire, Kepa Akixo, Daniela Albizu, Alvaro Aragon, Ur Apalategi, Aurelia Arkotxa, Joxe Agustin Arrieta, Josanton Artze, Jexux Arzallus, Manex Bergara, Itxaro Borda, Jon Casenave, Dagerre, Jean-Louis Davant, Marilu Dupouy, Eñaut Etxamendi, Mathieu Goñi, Arantxa Hirigoien, Xabier Iratzeder, Joan Mari Irigoien, Gabriel Korta, Manex Lanatua, Amaia Lasa, Gerardo Markuleta, Leire Mendiburu, Marijane Minaberri, Jose Luis Otamendi, Jose Luis Padron Plazaola, Andoni Salamero, Karlos Santisteban, Xabier Soubelet, Jan Pier Soudre, Josiane Valencia, Xabaltx, Auxtin Zamora eta Amaia Zubiriak. Horretaz gain Senpereko ikastolako haurrek ere hainbat olerki plazaratu zituzten.

Orduz geroztik, urtero horrelako liburu bat plazaratu dute Euskal Herri osoko olerkariek igorritako olerkiz mukuru. Hogeita hiru urte euskal olerkigintza zabaltzen, hogeita hiru urte euskaldunon sentimenduak plazaratzen, hogeita hiru urte euskal olerkariak Senpereko Amotze auzoko Larraldea etxe ederrean biltzen. Ez da gutti! Eta zoritxarrez, euskal hedabideetan oso zabalkunde eskasa ukanez. Aurten ere, urtero bezala, olerkariak ekainaren 13an elkartu dira Larraldea ederrean eta liburuaren aurkezpena egin dute adiskide giroan eta umore onean. 1999an, lehen aipatu hogeita hemezortzi olerkari izan ziren lehen ekitaldi hartan, aurten ehun eta bederatzi olerkarik hartu dute parte Hatsaren Poesiak plazaratzen duen olerki bilduman. Hau marka!!!

Baina itzul gaitezen 1999ko Hatsaren Poesiara. Orduko olerki bilduman, mugimendu honen egiazko sustatzaile eta bultzatzailea den Auxtin Zamorak aitzin-solasean, manifestu moduko honako aldarria zabaldu zuen:

Irakurleari: “Hatsaren Poesia” olerki bilduma honek ez luke ez lehena eta ez azkena izan nahi. Gure xedea da: urte guziez, Euskal Herriko ahal bezainbat, poesia idazle guziekin, olerki berri baten agertzea.

Ez ginuke nihundik poesia idazleeri, beren nahimen edo borondate singularretik deusik kendu nahi. Ez dira sekulan aski errespetatuko poesia sortzaileak… Bainan beraiekin, beraien zonbait idatzi irakurtuz, pentsatzen dugu: gizarte-inguramenak, momentu guzietan, botatzen duen arnasatik, poesia-hats fresko bat, urtean behin bederen elgarrekin irestea.

Gorostiatik datorren landareak, berritz bertze gorosti zuhaitz bat osatzen duen bezala, uste dugu: irakurlea idazlea bilakatzen dela…. Horra zergatik, irakurle, itxaropena dugun, datorren urteetako bildumetan, zuk idatzitako zonbeit olerki ere argitaratuko ditugula.

Ezagutzen ditugu poeta asko, olerki bat edo bi, beren gaztaroan idatzi ondoren, gero beren bizi guzian ixildu direnak. Zer lastima! Iduritzen zauku lehen pauso bat egin duenak bertze ainitz oraino egiten ahalko lituzkeela. Beharba, jakinean urte guziez hor ginuela prest, liburutxo bat gure idatzien sorta bat agertzeko, bai agian denen artean, poesiaren soka luzatzen ahalko ginuke infinituki!

Liburu hau eskaintzen dugu goizetan ihintzari ohartzen direnei, bai, lurra hunkitu gabe dabiltzaneri, eta manera berezi batez, errealitatearen itxuren itxurak, ixkribuz ixurtzen duten poeta guzieri.

Gaur egun agiri edo manifestu hau irakurrita, gauzak Auxtin Zamorak erran bezala gertatu direla ikus dezakegu. Ainitz dira Hatsaren Poesia-ren liburura hurbildu direnak beren olerkiak igorriz, edota Hatsaren Poesiaren Egunean Senpereko Larraldeara hurbilduz. Aurten, lehen erran dudan bezala, ehun eta bederatzi izan dira zazpi euskal herrietatik beren olerkiak igorri dituztenak. Halakorik ez da beste inon! Eta Auxtin Zamorak agirian erabilitako metafora berriro gogora ekarriz, erran dezagun jadanik ehun eta bederatzi gorosti zuhaitz hazi direla gure Euskal Herri maite honetan. Olerkari senpertarrak hazia erein zuen duela hogeita bi urte eta gaur uzta ederra daukagu.

Haatik, erran behar dugu Hatsaren Poesia ez dela olerki liburu hau bakarrik. Urtero olerki tailerrak antolatzen dituzte Euskal Herriko hainbat eskola eta ikastolatan, eta gero horko olerki hautatu batzuk aipatu liburuan plazaratzen dituzte. Hatsaren Poesiaren Egunean, olerki bildumaren aurkezpena egiteaz gain, urtero Auxtin Zamorak erakusketaren bat egiten du, gero hor zenbait egunetan ikusgai izaten dena; eta arratseko saioan, bazkaldu ondorengo tenore goxoan, diapositiben bidez, olerkarien lanak hainbat argazkirekin tartekaturik, proiektatzen dira. Ez da lan makala, Auxtin Zamorak egiten duena, ez! Alajainkoa!

Aurten Su Hatsa izeneko erakusketa poetiko-eskultorikoa zabaldu du Larraldeako goiko ganbera zabalean. Aurten parte hartu duten ehun eta bederatzi olerkarien olerki zatitxo batzuk hartu eta aluminioz Auxtinek egindako magma moduko eskultura ederrez apaindurik sekulako erakusketa ederra paratu du. Olerkiak eta eskulturak uztartuz ehun eta bederatzi mezu, ehun eta bederatzi aldarri aurkeztu ditu. Ikusgarria benetan! Eta erakusketa hau hobeto uler dezagun sentimendu handiko honako azalpena ezarri du ganberako hormetan:

Su Hatsa. Beharbada, garai honetan zahar izatetik berriz haur izaterako bidean naizelako, usu suarekin harremanetan sartzea maite dut. Batzuetan bere sufre irakituaren ausikiekin min egiten dit, eta beste batzuetan bere mihise lama troxatzaileekin, goxaduraz, erdi lo-kuluxkan ezartzen.

Opariak egiten dizkiot, aire banbada eta egur xixtapur batzu eskainiz, zartaketa batekin jauzikatzen zait, eta, bere haserrea entzutean, ezin dut burutik kendu beren lehen sormena big-bang famatu hura izan zela. Urruntzen nitzaio eta, bere jabaltzeko, berak espazioan noizbait sortutako elurrezko lur xuri, bai zeruko ur urdin zerbait ematen diot jatera eta edatera. Sumindura gorriz, guziak, bere erraietan txegozten ditu, bai eta ere, azkenean, goitikatzen mila itxuratan, aintzinetik asmatu ez nintzakeen suertezko magma indefinitu bat jaurtikiz.

Hori ikustean, aldi oroz, uste dut suak suerteari su ematen diola eta dutan aurreko errealitatea desagertzen zaitala, beste mundu berri baten erdian nere burua aurkitzeko.

Suaren sentitzeak burutazioak dakarzkit fuinetara eta uste dut gure hatsa, suari berari konparatu nezakeela, zeren beroturik gure baitan dugun su enigmatikoarekin, hitzekin nahasturik, gure errealitatea etengabe erretzen duelako, bai eta ere inkontzienteki, supituki bezala, suertearen laguntzarekin, mundu berri bat, oraino eta oraino, gure aintzinean eta gure baitan sortzen.

Hona beraz hemen: Su Hatsa erakusketa, 2021 urteko Hatsakideen arnasez eta sua-suertearen ganik ukan opariez gaindizka betea.

Bai, dudarik gabe, Auxtin etengabean gogoetatzen eta ekiten ari den magma dugu, sentimenduko mundu bat sortzen eta zabaltzen aritzen den ekintzaile nekagaitza. Eta luzaz hala bedi, izatearen magma, biziaren ilusioa, maitasunaren lilia lantzen eta zabaltzen, gainerako guztiok bihotzez eskertzen baitiogu.

Azken bi urte hauetan, Ainara Maia Urroz olerkari irundarra du laguntzaile prestu, adiskide suhar, eta biek ederki daramate Hatsaren Poesia-ren itsasontzia uhin handien artean, lema beti iparrera zuzendurik, eta oihalak haizez beterik. Segi horrela! Segi nabigatzen! Gaur egiten ari zaretena biharko euskal olerkarien argia eta norabide-erakuslea izanen baita. Belaunaldi berriek Hatsaren Poesia izeneko mugimendua oroituko dute, eta xendra berriak landuz euskal olerkaritza aberastu eta Euskal Herriko bazter guztietara hedatuko dute. Eta hori dena izanen da, duela hogeita hiru urte, Auxtin Zamora olerkari senpertarrak lehen hazia erein zuelako, gorosti ttipi bat landatu zuelako Larraldeako etxalde ederrean. Milesker Auxtin, eta segi luzaz nabigatzen olerkiz betetako itsaso zabal eta urdin horretan!