ARRAUNGAILUARENA

Egon gelan ere, batez ere neguan, arraungailu edo ergometroari esker, arraun egiten dut ia astero. Konfinamenduaren denboran, beste sasoietan ere!

Euria botatzen duenean, kanpoko ibilketa eta lasterraldia desatseginak dira. Ordu batezko arraunketak, trenpua mantentzeko, denbora bereko ibilaldiak baino gehiago balio du. Horrez gain berak, bizkar zahar edo gazteetako minak murrizten dituela, kine batek erran zidan 1998an.

Urte hartan, bizkarra oso blokatua ukana nuen, hainbat egunetan, zerbait pisuegi eraman ondotik. Sendatu eta gero, beraz, berriz arraunketa praktikatzen hasi nintzen Baionan, “Société Nautique de Bayonne” edo SNB elkartean. “Berriz” erraten dut, zeren Okzitaniako Tolosan, hogeita bost urte lehenago, ikasketak egiten nuelarik, eskolaren taldean kirol hau praktikatzen bainuen.

Orain badakizue ez naizela euskal traineruez ari! Ibaietako arraunketa, Euskal Herrian ere praktikatzen da baina hedabideetan arrakasta gutxiagorekin. Ibaietako arraunontzietan, lanaren parte nagusia egiten da zangoez bultzatuz, ipurdia eserita gurpiltxo jarlekuan. Postura horrek bizkarra babesten du. Alderantziz, euskal traineruak gurutzatzen ditudanean, hamahiru bizkarrezur ikusten ditut lanean. Duela urte batzuk, Zumaiara belaz etorri ondotik, taldearekin jatetxe baten bila ginelarik, traineru talderen bat ikusi genuen, estropadaren ondotik gauza bera egiten. Ai gaixoak, nola bizkarra zurruna zuten arraunlariek!

Ibaietan, arraunlarien kopurua aldakorra da ontziaren arabera. “Skiff” batean, bakar bat izaten da. “Bi”, “lau” edo “zortzi” direlako ontzietan, izenen zenbakiak dira arraunlarien kopuruak, gehi lemaria ala ez. Arraunlariek, traineruetan ez bezala, lerro bakar batean eseriak dira. Bestalde, kroskoaren egonkortasuna negatiboa da, hots, arraunlaririk gabeko ontziak bere gila airean ukanen luke. Kroskoaren goiko partea, hola, beherean kokatuko litzateke. Goiko partea ur gainean gelditzea, arraunen eta gorputzen pisua erdi-erdian kokatuz lortzen da. Pixka bat sokaren gainean ekilibristaren gorputza bezala. Beraz, ontziaren oreka obsesioa da, baita indarra arraunei emanez ere.

Bigarren obsesioa da zuzenki ibiltzea. Ikusia dudanaren arabera, obsesio bera dute ere traineruetan. Behin, Garona ibaian, Tolosako akademiaren txapelketa batean, “lau” batean nintzen, maiatzaren hastapenean. Arraunlarietako bi, nagusia eta ni, pisu arinekoak ginen, hirurogeita hamar bat kilokoak, eta beste biak “idiak” ziren. Laurogeita hamar kiloko sailean ziren, idiak bezain azkarrak, eta horregatik “idiak” deitzen genituen. Askotan bezala, ontzia arintzeko, lemaria neska arin-arina zen. Baita segitzen dena ongi ulertzeko, ibaietako ontzietan lema txiki-txikia dela erran behar da ere.

Estropadaren erdian, bigarren tokian ginen eta nagusiak edo “la nage”-ek, hots, popatik ikusirik lehen arraunlariak eskatu zigun indar gehiago egiteko. Oihukatu hitza, eskatu baino zuzenago izanen zatekeen. Eginahalak eginez, pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen hasi ginen. Gure “Idiek” beren izengoitia ere egiaztatzen zuten.

Halere, lemariak ere berehala oihukatzen hasi zen:

Ababor! Ababor!”— horrela erranez indar gehiago beharrezkoa zen ababorreko arraunetan norabidea zuzentzeko, gure aurrean zen barkuarekin talkaren saihesteko. Lemaz egin zezakeena, ontzia lerro zuzenean atxikitzeko ez zen aski.

Izan ere, gure “idiek” istriborreko bi arraunak zituzten eta guk beste biek, arinagoek, ababorreko arraunez ez genuen “idien” indarra orekatzen. Horrez gain, lemaria ontziaren gibelaldean edo popan dagoenez, lemari txikiari arraunlarien sorbaldek aurrerako ikuspena trabatzen zioten. Aurretik ikusten zuen beste ontzia, orain haren bistatik desagertua zen.

Krask” entzun genuen, gure brankak bere erdian aurreko ontziaren arraun euskarri bat harrapatu zuenean. Brankatik, ura ontzian berehala sartzen hasi zen. Hala ere, zoroak bagina bezala, arraun egiten jarraitu genuen, “la nage” segitzen, ontzia are fiteago urez betetzen zelarik. Laster baino lasterrago Garonaren erdian igeri egiten genuen, salbamendu jakarik gabe. Salbamendu jaka arraunean ezin delako erabili. Maiatzean izan arren, Garona, Pirinioetako elur urtuez betea aski hotza zen. Zorionez inor ez zen ito arraunontzia ibai bazterrera emeki-emeki bultzatu genuenean.

Egon gelan horrelakoak ezin dira gertatu. Abantaila nabarmena da. Are nabarmenago zahartzen garelarik. Kristalezko ateetan zehar, ondoko zuhaitzak ikus ditzaket. Noizbehinkako txoriek, sasi batetik bestera hegaldian, paisaia zeharkatzen dute. Edo, lurrean pauso azkar batzuk eginik, belarretan tanpez gelditzen dira mokoa lurrean. Nola erabakitzen duten mokoaren sartzeko hurrengo lekua, lerro zuzenean hiruzpalau metro kurritu ondotik, arraun kolpeak emanez nire buruari galdetzen diot.

Horretarako denbora dut. Ordu bat ohikoa zait. Lasai baino lasaiagoa da giroa. Olaturik ez. Haizerik ez. Azantzarik ez, salbu ondoko gelako garbigailu eta nire arraungailuarenak. Ordu batez mugimendu bera egitean, beste gauzez pentsatzeko denbora badago.

Arraunketa ez zen nire familiako kirolen bat, bela baizik. Aitarekin, belaontzietan ikasia genuen. Ikasketaren parte bat zen gibeleko arraunaren erabiltzea, “godille” delakoa, Bretainiako eta beste leku batzuetako tradizioren bat. Gibeleko arraunketak biziki mugimendu berezia du. Ibai arraunlarien mugimenduarekin ez du ezer ikusteko. Tibortak (arraunaren eskutokiak), esku bat edo biez helduak, zortzi formako figurak airean egiten ditu. Arraunaren beste muturrean, palak uretan zortzi simetrikoak egiten ditu, horrela ur bermapuntua sortzen. Aitak, haren gaztaroan arraun eta gibeleko arraun lehiaketetan parte hartzen zuela erraten zigun, “Aber Belon” itsasadar edo beste batean. Haren postua zen gibeleko arrauna. Ez traineruetan bezala norabidea mantentzeko baina abiadura ere emateko. Trebetasun berezia ukan behar zuen beraz. Horregatik beharbada pixka bat harrotasunekin kontatzen zigun.

Urteak jin, urteak joan, Tolosako garaitik bizkarreko blokatzera, ez nuen arraunketa praktikatu izan. SNBn topatu nuen helduen laket arraunketa taldea biziki sinpatikoa zen. Urte batzuez harekin nabigatu nuen bai Aturrin asteburuetan edo oporretan, bai ateraldi pare batean.

SNB klubeko entrenamendu gelan, gaurko SNBren webgunean ikusten den bezala, Tolosan erabiltzen ez genuen arraungailuak zeuden. Zera, Baionan, noizean behin, gelako arraun egiten genuela erran behar da. Neguan edo eurite handien ondotik, Aturrin arraunontzizko nabigazioa ez da segurua. Edo olatuek fite bete ditzakete arraunontziak, biziki apalak baitira uraren gainean edo zuhaitz enborren kontra talka egin daiteke krosko hauskorrak direlarik edo korronte azkarrekin Santespietako zubia lortuz gero zurrunbilo lanjerosak topa daitezke.

Horrelako arraungailua erosi nuen pixka bat berantago, Nigeriako nire hurrengo lanpostuan trenpua gordetzeko. Lagos hirian bizi behar genuen emazte eta biek. Asteburuetako atsedena baliatzeko, txandatan konpainiak antolatzen zuen hondartzako egoitzara joan gintezkeen. Han itzalean piknika jan aurretik Atlantiko olatuetan bainatu genezakeen, edota hondartzan ibili. Ibilaldi haietan, ia inor ikusten genuen, salbu arrantzale bakar batzuk eta oihal tindatuen saltzaileren bat. Asteburuetan saltzaile hauek, Europarrak izanen liratekeela konpainien egoitzetan bazekiten. Izugarrizko oihal zamak zeramatzaten bizkarrean, kilometroz kilometro sable edo hondarrean. Ginen egoitzako hesira etorri eta gero zabaltzen hasten ziren oihal tindatuak. Gustu denetakoak. Batzuk egiazki politak. Eta indarrak berritzeko kuluxka egiten hasten ziren. Baina begi bakar batez! Guretako bat oihaletara hurbildu orduko, zutik eta prezioak negoziatzen!

Izan ere, kostaldeko herrixka pobreak, Atlantikoko hondartzaren eta “Badagry Creek” kanal luze baten artean zeuden, itsasotik ehun bat metrora. Kanal horretatik, hogei bat kilometro eginik motor txalupa batez, Lagos zentrotik gentozen hondartzako egoitzara. Hastapenean portuaren zentroa zeharkatu behar zen. Trafiko sinestezina ikus zitekeen. Piraguak batez ere, norabide guztietan. Uraren arrasean eta arrada beterik, jendez edo zamaz. Askotan gasolinak upel handiak betetzen zituen, bere usain jakinak salaturik, azpiko negozio erraldoian. Gaur egun ere “Google Maps”-ez haien uhara edo ur-ildoak ikus daitezke. Portuko ura, erdi itsasokoa, erdi itsas aintziretakoa, ia beltza zen. Hiri handiak eta zutoin edo paldo gaineko etxola edo txabola auzoek sorturiko zikindura han zegoen, noizean behin animalia edo gizaki gorputzen batekin ere. Ur kirolen praktika sustatzen ez zuen giroa.

Horregatik arraungailua! Gure Lagoseko apartamenduan, aire girotuan, gorputza eta bizkarra mantentzeko hain baliagarria, batez ere hondartzara gure joateko txanda ez zenean!

Nigeriatik Australiara arraungailua eraman genuen eta, erretretarako, horrekin itzuli ginen Arrangoitzera.

Gaur goizean, astelehenez ohi zait bezala, arraun egiteari ekin diot. Baratzeko txoriak gutxi ziren eta belarrietan nuen arraungailuaren azantza. Bi motatakoa da azantza. Alde batetik, kroskoaren kontrako uraren erresistentzia simulatzen duen turbinak, airea ufatzen du metalezko sare batean zehar arraun kolpe bakoitzarekin. Haize ufada soinuarekin. Eskuetan dudan eskutokiak, arraunen ordez, kate batez itzularazten du turbina hau.

Bestaldetik, eseria naizen aulkiaren gurpiltxoek, metalezko ernai edo habean joan-jin bakoitzarekin, ia minutuan hogei aldiz, beren soinu propioa ematen dute. Tren baten barneko azantza gogorarazten dit. AHTrik ez baina denboran, gure gaztaroan, hartzen genituen trenena. Gazte-gazteak ginenean, Parisetik Brestera aitatxi-amatxi bisitatzera. Gaur egungo AHTetako lerratze isilik ez zen. Burdin bidearen zatiz zati pasatzeak bagoi bakoitza mugiarazten zuen kulunkan eta “DUGUN-DUGUN” bezalako soinua zortzi orduz entzuten genuen. Salbu geltokietan geldituak ginenean.

Berantago, Parisetik Tolosara ikasketen egiterako bidaietan, jadanik luzeagoak ziren burdin bide zatiak eta kulunka eta “DUGUN-DUGUN” soinua erritmo urriagoan genituen. Gauezko trena hartuz, lokartu ondotik, ametsetan kulunka eta “DUGUN-DUGUN”ik ez! Salbu geltokietatik berrabiatze bakoitzean. Oraindik dut belarrietan goizeko bi edo hiruretan, gauaren beltzenean arrasten edo balazten oihu ozena eta: “Brive! Brive! Trois minutes d’arrêt!” Azentuaz jadanik Loireren hegoaldean ginela genekien! Ginen Paristarrek ez zuten inoiz pentsatzen azentua haiena zela! Goiz goizean Tolosara etortzen ginenean, zintzurra lehor-lehorra zitzaigun, zigarreten keagatik, erretzailea izan ala ez. Estudiante gelara etorriak, usainagatik konturatzen ginen jantzi guztiak garbigailuan sartzekoak zirela!

Egon gelako arraunak horrelako izpirituaren sasieskola onartzen du. Ibai edo itsasoan ez bezala, ez da norabidearen zain egoteko beharrik, beste barku batekin talka ez egiteko! Hausnarketa hauez denbora fiteago iragaten da. Baita neurri batean ere ahalegin fisikoa, ahanzten da.

Oroitzapenik ez bada agertzen, ziur aski beste gaia izanen da: ea baratzean babak ereinen ditudan ipar-hego edo eki-mendebaleko lerroetan aurten? Edo nola metro karratu bat gehiago okupatuko dut emaztearen lorategian entsalada gehiago hazteko? Edo nola funtzionatuko duen U-tubean ikusi nuen pikondoen mozteko modu berri hori?

Arraungailuak, ez dit ezer erantzuten.

Zeruak euria botatzen jarraitzen du.

2021/03/01

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (72. zenbakian)