LANDARTE 2021EK KULTUR SORKUNTZA GARAIKIDEKO SEI PROZESU HARTUKO DITU NAFARROAKO LANDA-EREMUETAKO HERRIETAN

Bosgarren edizioan, programa hau Ezporogi-Ageza, Murieta, Murillo el Fruto, Araitz Ibarra, Artzibar eta Zubieta herrietan eginen da, Taxio Ardanaz, Conjunta estudio-lantegia, Ana Maestrojuan, Arantza Santesteban, Protocolectivo taldea eta Katixa Goldarazenaren parte-hartzearekin.

Landarteren bosgarren edizioa (www.landarte.es) ‘Kultura garaikidea eta landatartasuna’ lelopean eginen da, 2021eko irailaren 30era arte, Nafarroako sei herritan; horietan, hainbat artistek eta sortzailek kultura-prozesuak garatzen dituzten bertako biztanleekin lankidetzan. Taxio Ardanaz artistak Ezporogi-Ageza udalerrian lan egiten du; Conjunta arkitekturako estudio-lantegiak (Ines Castillo, Felipe Fuentes, Iker Ordoño eta Arantxa Satrusteguik osatua) Murietan; Ana Maestrojuan antzerkigileak Murillo el FrutonArantza Santesteban zinemagileak Araitz IbarreanProtokolektiboko taldeak Artzibarren; eta Katixa Goldarazena artistak Zubietan.

Prozesu horiek, gaur egun, hasierako fasean daude; artistek, egun hauetan, lan eginen duten herriekin harremanetan jartzen dira. Hurrengo asteetan, beren proiektuak definitu eta garatuko dituzte.

Ignacio Apezteguia Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak; Fernando Santafe Nafarroako Landa Garapeneko zuzendari nagusiak; Lorenzo García Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak; eta Anne Ibañez eta Marc Badal (Kanpoko Bulegoa kolektibokoa) proiektuaren koordinatzaile-taldeko kideek gaur goizean aurkeztu dute Landarte 2021, programako talde teknikoko hainbat kidek eta parte hartuko duten artistek lagun zituztela. Horrez gain, aukeratutako udalerriak tokiko agintariek grabatutako bideo batzuen bidez ordezkatuta egon dira.

Apezteguiaren hitzetan, ‘Landarte’ Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuaren apustua da, “landa-eremuko biztanleen arazo, behar eta interesekiko sentikorra izanen den arte publikoaren alde”. Horrez gain hauxe esan du: “Landa-eremutik sorkuntza garaikidea errazten duen programa gisa konfiguratu da. Horretan, sorkuntza egiteko modua egiten dena bezain garrantzitsua da; ez da programa finalista. Kultura zuzendari nagusiaren hitzetan, ‘Landarte’k kultura-sorkuntza garaikideko prozesuak sustatzen ditu, “sortzaileekin batera ezagutza eta esperientziak elkarrekin sortzeko eta gogoeta egiteko prozesuan parte hartzen duten landa-erkidegoekin batera; asmoa elkarrizketan aritzeko, ikasteko eta partekatzeko sare bat sortzea da, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik sostengagarriak izanen diren moduen inguruko programa etiko bat txertatuz”.

Bestalde, Landa Garapeneko zuzendari nagusi Fernando Santafek adierazi du: “Programa honen helburuak osagarriak dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Europako programen barruan egiten dituen jarduketekin, besteak beste, 2014-2022 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programarekin; horren bitartez, dibertsifikazio-neurriak eta tokiko garapen parte-hartzailerako estrategiak sustatzen eta babesten dira”. Azpimarratu du “Lan horretan, kultura, oro har, eta kultura partekatua, zehazki, auzokideen arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen hori, eta belaunaldien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duen hori, hurbilekoarekin lotzen gaituena eta imajinario kolektiboa aberasteko gaitasuna duena, beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere badela”.

 

Ingurumenarekiko eta sostengagarritasun ekonomiko eta sozialarekiko konpromisoak definitzen duen esparru etikoa du Landartek, belaunaldien arteko esku-hartzea erraztuz.

Hainbat helburu lortu nahi dira programa honekin. Batetik, landa-erkidegoen ahalduntzea sustatu nahi da, kultura garaikide, konprometitua eta bere garaiarekin lotura izanen duen kulturaren bidez, lurraldetik eta bertako jendearengandik hurbil egonen den kulturaren bidez. Halaber, kultura-sektorea profesionalizatzen lagundu nahi du, eta sektoreak bere begirada landa-eremura egokitzea; alegia, sormen-prozesuek landa-eremuetako herritarrei ahotsa ematea (enpatiaren bidez), beren ezagutzak balioestea eta kultura-proiektu batean jarduteko gaitasuna mobilizatzea. Erkidegoen autonomia eta erabakitzeko ahalmena zabalduko duen eta elkarrizketa erreala eta bere lurraldearekin, kultura-ondare immaterialarekin, bizimoduak besterentzearekin, iruditeria kolektiboarekin, besteak beste, harreman zuzena eta intimoa ezarriko duen kultura-ekintza sustatzea bilatzen du. Azkenik, gehienetan adiera tradizional eta ilustratuenean dagoen landa-eremuko kultura-ekintzaren esperientziak gainditzen saiatzen da.

Landarte 2021ek bitartekaritza-talde bat du eta horren egitekoak dira: partaide guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinatzea, tokiko biztanleria dinamizatzea, erkidegoarekiko eta bere inguruarekiko loturan laguntzea, eta artistak identifikatzea eta proiektu koherenteetan aholkatzea. Gainera, programak dokumentazio- eta komunikazio-talde bat du lan-prozesuak erregistratzeko, eta material grafikoak eta ikus-entzunezkoak sortzeko. Material horiek web orriaren, blogaren eta sare sozialen bidez zabaltzen ditu.

Landarte 2021

2021ean, Landartek 2020an hartutako ikuspegiari eutsi dio. 2020an programa berriz pentsatu zen tokiko biztanleek proiektuaren garapen osoan parte hartzea bultzatzeko eta prozesuaren bilakaerak (gogoeta, topaketa, elkarrizketa) azken emaitzen aurrean duen garrantzia azpimarratzeko.

Iaz bezala, Landarte 2021ek aurre eginen dio COVID-19ak eragindako pandemiaren erronkari. Eta, 2020an bezala, programa ezustekorik gabe garatu ahal izan zenean, bosgarren edizioa osasun-segurtasuneko neurri egokiak hartuz diseinatu da, eta egoera berriak sortzaileen erkidegoa bere lan-moduak birplanteatzera eta bere burua berrasmatzera behartu duela onartuta. Horrez gain, Landartek aukera izan nahi du Nafarroako landa-erkidegoek nahi duten landa-munduaren ereduari eta hori lortzeko praktikei (sozialak, kulturalak eta ekonomikoak) buruzko funtsezko gaiak planteatzeko.

Landarte sustatzen dutenentzat funtsezkoa da tokiko biztanleek proiektuetan parte hartzea sortzaile profesionalekin batera, modu kolektibo eta horizontalean edukiak eta diskurtsoa sortze aldera. Xedea da erkidegoak sorkuntza garaikideari buruz eta artistak landa-komunitatearen errealitateari buruz dituzten begiradak bata bestearekiko suspergarriak eta aberasgarriak izatea. Hori lortzeko, aukeratutako herrietan lan eginen dute sortzaileek, haiekin elkarreraginez, bertako jendea eta diskurtsoak mapatuz, herri bakoitzerako zentzua eta nortasuna izanen duen proiektu kultural baten gakoak aurkitzeko.

Eta testuinguru horretan, proiektuaren sortzaileak kontzientzia hartzeko eta erkidegoen eta transmisio-kateen autopertzepzioa birplanteatzeko eragile gisa postulatzen dira, landa-kultura kultura garaikidearen erdigunean txertatzeari dagokionez.