NAFARRÓA

Azken urteotan, nahiko jarduera ohikoa bihurtu da entzutea “Nafarróa” hitza, horrela, azentu grafikoa balu bezala, betiere espainieraz hitz egiten edota irakurtzen ari direnean, eta, segur aski, hori esaten duten pertsona horiek, pentsatuko dute, azentu horrek oso euskaltasun handia ematen diela beren hizketaldiei.

Niri, betidanik, belarrietan, halako kolpetxo desatsegina gertatu izan zait horrela entzutean. Are gehiago, oso oker ez banago, orain dela aste batzuk, Onintza Enbeitak berak ere, bere zutabe batean, antzeko zerbait aipatu zuen.

Izan ere, euskal azentuazio estandarrari buruzko gaietan, ni batere aditua ez banaiz ere, Txillardegi, Iñaki Gaminde eta beste autore ospetsuen azalpenei jarraituta, hala nola, ETB1en erabiltzen dutenari eta Berria egunkariaren audioetan entzuten denari ere kasu eginez, behinik behin, ez zait iruditzen modurik egokiena izan daitekeela, “Nafarróa” hitza horrela ahoskatzea, alegia, doinuera horrekin.

Beraz, pentsatzen dut, ez legokeela batere gaizki, ohitura kaskar eta ez gomendagarri hori, pixkanaka-pixkanaka, hasiko bagina aldatzen eta zuzentzen, modu egokixeago batez entzuteko. Adituen arabera, euskara estandarrarentzat, jakina, aproposagoa omen da honela: “Nafárroa”. Ea noizbait sumatzen ote dugun aldaketatxo hori! Bururatuko ote litzaiguke esatea, konparazio baterako, “Berastégi”? Bada, oker ez banago, antzekoa omen da.