“HATSA”REN EGUNA

Garai honetan, zahar izatetik berriz haur izaterako bidean naizelako, usu, suarekin harremanetan sartzea maite dut. Batzuetan, bere sufre irakituaren ausikiekin min egiten dit, eta beste batzuetan, bere mihise lama troxatzaileekin, goxaduraz, erdi lo-kuluxkan ezartzen.

(Auxtin Zamora)

Iragan agorrilaren 10ean, HATSAren bigarren egun bat ospatu genuen, gure lagun olerkariak behin eta berriz aurkitzeak hatsegin handi bat ematen baitigu, eta eskerrona bertaratu ziren guztiei. Etortzea ezinezkoa zutenengan ere pentsatu dugu, eta bihoakie horra egunaren kronikatxoa.

Hatsaren Poesia liburuaren urteroko aurkezpena eginik, oraingoan uda usainez askoren oporraldian, agorrilaren 10ean arratsaldeko bostetan Auxtin Zamorak Larraldean hilabete osoan zehar erakusgai egonen dena aurkeztu digu: liburuko 110 poeton esaldi banarekin SU-HATSA izeneko erakusketa poetiko-eskulturala osatu du aluminioz.

2021. urteko ”Hatsa”kideen arnasez eta sua-suertearenganik ukan opariz beteta, opariak egiten dizkigu Auxtinek, aire-banbada eta egur xixtapur batzu eskainiz. Zartaketa batekin jauzikatzen zaio artistari eta, bere haserrea entzutean, ezin du burutik kendu, bere lehen sormena ‘big bang’ famatu hura izan zela. Urruntzen zaio, eta, bere jabaltzeko, espazioan noizbait sortutako elurrezko lur xuri bat zeruko ur urdin zerbait ematen dio jatera eta edatera. Sumindura gorriz, guziak, bere erraietan, txegozten ditu, bai eta ere, azkenean, goitikatzen, mila itxuretan, aitzinetik asma ez zitzakeen suertezko magma indefinitu bat jaurtikiz.

Hori ikustean, aldi oroz, uste du Auxtinek suak suerteari su ematen diola, eta, duen aitzineko errealitatea desagertzen zaiola, beste mundu berri-berri baten erdian, bere burua aurkitzeko.

Sua sentitzeak burutazioak dakarzkio muinetara, eta, uste du, gure hatsa, suari berari konpara zezakela, zeren, beroturik gure baitan dugun su enigmatikoarekin, hitzekin nahasturik, gure errealitatea etengabe erretzen duelako, bai eta ere, inkontzienteki, suertearen laguntzarekin, mundu berri bat, oraino gure aitzinean eta gure baitan sortzen.

Hori da funtsean agorrila osoan zehar Larraldean erakusgai egonen den SU-HATSA erakusketaren muina, munduko sua eta poeton hatsa, airea alegia. Horrek oroitarazten baitigu munduko haizeak ekartzen digula benetan behar duguna, eta ez desio duguna. Duela 23 urte Auxtinek desio zuena egikaritu zuen liburu gisa, eta HATSAREN POESIAren lehen alearekin batera, partehartzaile bakoitzari gorosti bat oparitu zion… ez dakigu 23 urteren buruan 35 gorosti haien suerteaz, baina bat bederen Auxtinek berak du eder bere Senpereko etxean, eta duela guti jakin dugu Eñaut Etxamendik ere HATSAren gorosti eder bat duela oraino bere etxe aitzinean.

Duela bi urte Senpereko Larraldean, hatsaren poesia egunean apirilez gorosti bat eta mizpira bat landatu genuen, baina horiek ihartu eta galdu dira maleruski. Hala ere, horiek landatu genituen tokian sahats bat atera da suertez ez dakit nondik etorria, lurrak edo haizeak ekarria nonbait, eta horrek erakusten digu naturak bere bidea egiten duela gugan ere, behar duguna eskaintzen digu eta ez nahi edo desio duguna. Hatsaren poesiaren ikur bilakatu da gure SAHATSA, haizeak edo lurrak ekarritakoari ongietorri egiten diogu, hark gurekin egon nahi duelako eta ez mizpirak edo gorostiak. HATSAk bere barnean baitu SUA eta lurreko SAGUA, isilean gure alde lanean ari den laguna.

Auxtin Zamoraren erakusketaren aurkezpenaren ondoren, Leire Zabala Telleriak egindako GURE HATSA kantua pantailan proiektatu eta abestu genuen. Eta horren ondotik, lagun musikariek eskaini kantaldi ederraz gozatu ere bai: Amaiurko artzain eta kantari den Pantxoa Etxebere “Pottoka”k pare bat kanturekin hasi zuen kantaldia, eta ondoren bere lagun bizkaitar Teresa Urkiola otxandiotarrak beste bi kantu goxo abestu zizkigun. Horrekin aski ez eta Amaiurko lagun kantariaren abeslari katalanek, Arturo eta Lali Rodriguezek, beste bi kantu abestu zituzten, eta ondoren, Josu Zabala musikari bizkaitar ezagunak Pottokarekin Nafarroaren eguneko abestiaz animatu zuen jendea, gitarraz eta eskusoinu txikiaz.

Bukatzeko kantaldi ederra Pottokak “San Jose lorea” abestia kantatu zuen, eta ondoren, HATSAkide den Ainara Maiak aurtengo liburuko bere olerkia errezitatu zuen, musikari katalanek lagundurik: “Amatxiren sua”.

GURE HATSA kantua abestuz bukatu genuen erakusketa-hasieraren ekitaldia, era ondoren elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera izan genuen, jan-edan batzuez lagundurik, arratseko bederatziak arte! 

Auxtin Zamoraren aurkezpena: 

https://youtu.be/7Rj4N9ycSFQ

Iragan agorrilaren 10ean hasi zen Larraldean erakusketa poetiko permanentea arratsaldero, eta heldu den agorrilaren 29an igandean finituko da, SU-HATSAREN POESIA-TAILER IREKI BATEKIN. 

Izan zaitezte ongietorriak bihotzetik bihotzera

Ni hiltzen naizelarik, maite, 

ez negar egin

baina nahi baduzu egin ezazu lasai.

Ni hiltzen naizelarik, maite, 

egin ezazu sentitzen duzuna

eta gorputzak eskatzen dizuna egin. 

Ni hiltzen naizelarik, maite, 

sahats honen azpian etzango naiz

zure zain. 

(Ainara Maia Urroz, 2021eko agorrilaren 19an idatzia, 2001etik HATSAkide duguna)