AUZO-LOTSA 16 IKURRIN KONTUAK

Laurogeiko hamarraldiaren erdialdeko egun batean, udaberrian, naski, beste bi lagun eta hirurok, Baigorri aldera abiatu ginen Iruñetik, auto partikular txiki batean. Lagun bat gidari, bestea atzean, eta, ni aurrean nindoan, kopilotuaren lekuan, gurpil aulkia atzean, nola edo hala, sartu ondoren, tolestu eta gero.

Esan bezala, Iruñetik atera eta Baigorrira gindoazen, Nafarroaren Eguna ospatzera. Zubiri zeharkatu eta Eugi herria atzean utzi ondoren, pixkanaka-pixkanaka, Urkiaga mendateko gainaren aldera hurbiltzen ari ginen, baina, garai hartan, gaina baino lehenago, guardia zibilen kuarteltxo bat edo antzeko zerbait zegoen. Hara iritsi eta guardia zibil batek, autoa gelditzeko keinua egin zigun; gidariak berehala gerarazi zuen gure ibilgailua.

-Nora zoazte? -guardia zibilak.

-Baigorrira -gure gidariak.

Guardia zibilak, segituan, gure nortasun agiriak eskatu zituen, eta, guk, jakina, azkar asko eskuratu genizkion.

Baina, aurrera jarraitu baino lehen, xehetasun bat azaltzea komeni da, istorioa hobeki ulertzeko. Izan ere, zenbait urte lehenagotik, nire nortasun agirian, Espainiako banderaren gainean, nik neronek marraztu eta margotutako ikurrin bat neukan zinta itsasgarriz itsatsita, Espainiako piper-potoa ez ikusteagatik.

Horiek horrela, guardia zibil espainiar hark, nik egindako ikurrina, leku hartan ikusi bezain laster, liztor batek ipurdian ziztatu izan balu bezain suminduta jarri zen. Niregana sutan etorri, autoko atea bortizki zabaldu eta zera agindu zidan biziki haserre:

-Atera hadi hortik istantean, txoropito halakoa!

-Ezin dut -nik, serio-, ikusten duzu hor atzean dagoen gurpil aulki hori, ba, horixe behar dut nik, hain zuzen ere, ibili ahal izateko -azaldu nion, lasai, aulkia seinalatuz.

Segituan, ahoan eta begietan, egundoko gorroto disimula ezina nabaritu zitzaion, eta, une batez, ematen zuen, ni paparretik hartu eta airean aterako ninduela autotik, amorrazio bizian, baina, ez, nonbait ez zen ausartu eta atzera egin zuen, bere gogoari eutsita. Jarraian, lipar batez hausnartu eta honako sermoi antzeko zerbait bota zidan parrastadan, amorru bizian, nire ikurrina nortasun agiritik, mespretxuz desitsatsi eta gero:

-Begira, ergela, ez bestea!, hemendik 500 urtera, balizko kasu batean, Euskal Herriak bere independentzia lortuko balu, orduan ikurrina hire bandera izanen lukek, baina, bitartean, ez, bitartean hire bandera bakarra Espainiakoa duk, hau! -nire nortasun agirikoa erakutsiz, eta, aldi berean, kolpetxo bat emanez, lehenago nortasun agiritik erauzitako ikurrina, paparrean jarri zidan iritsirik, mespretxu aurpegia adierazita-. Ulertu al duk, txepel horrek? Eta ikurrina eraman nahi baduk, eraman ezak hor, paparrean, baina, ez, nortasun agirian, alajainkoa! Tira!, eta orain nahi baduzue, zoazte behingoz Frantziara madarikatu horretara!

Eta, gu, Frantzia madarikatura ez ginen joan, baizik eta Euskal Herritik Euskal Herrira, Baigorrira, alegia, niri, guardia zibil batek ikurrina paparrean jarrita, alajaina!; zer bitxikeriak gertatzen diren batzuetan!