AUZO-LOTSA 17 HIZKUNTZA ESKOLAN

Laurogeiko hamarkadan, tarteka-marteka, eta, batez ere, bolada batzuetan, Iruñeko Hizkuntza Eskolara joatea egokitzen zitzaidan, euskara-eskolak emateko, izan ere, garai hartan, Nafarroako Gobernuak oraindik ez zeukan toki propiorik, euskara-ikastaro trinkoak emateko, eta, eraikin hura erabiltzen zuen, hain justu ere, zeregin hartarako.

Dagoeneko, gorago, behin baino gehiagotan azaldu dudan bezala, ordurako, ni, gurpil aulkian mugitzen nintzen, eta, ikastetxe hartan ere, arazo batzuk izaten nituen sartzeko, ateratzeko eta baita barruan ibiltzeko ere, nire kabuz, autonomiaz mugitzeko, alegia. Zehazkiago esateko, honako oztopo hauexek ziren, hara joaten nintzen bakoitzean, gainditu beharreko eragozpenak, hau da: sarrera nagusian espaloi bat zegoen, arrapalarik ez zeukana; ezkaratz barruan, ate handi, astun eta moldakaitz bat; eta, jada, erabat barnean, hiru igogailu, baina, denak, botoiak oso goian zeuzkatenak.

Gauzak hala, eskolako zuzendariarekin hitz egin eta ea zer ondorio zekarkidan ikustea, bururatu zitzaidan. Pentsatu eta egin. Garai hartan, hizkuntza eskolako zuzendaria jauna, Andres Iñigo Ariztegi iturendarra genuen, eta, harexekin hitz egin behar. Momentua iritsita, aida batean, nire arazoak eta oztopoak kontatu nizkion, bai eta balizko konponbideak proposatu ere. Berak, berehalaxe, bere eskuetan zegoen guztia egiten saiatuko zela, hitz eman zidan, alegia, Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko Udalean, izapideak eta kudeaketak egiten, sarrerako espaloian arrapala bat egin zezaten, ezkaratz barreneko ate baldar hartan, txirrin bat jar zezaten, atezainari deitzeko, eta, azkenik, igogailuetan, kanpoko eta barruko botoiak jaits zitzaten, ni ere eroso iritsi ahal izateko.

Ordura arte, halako kasuetan, ezin da esan oso zorte eta arrakasta handirik izan nuenik, beraz, aldi hartan ere, nahiko sinesgogor gelditu nintzen gai harekin, baina, bueno, itxaropen pixka bat gordetzea ere, beti komeni omen da, eta, hango okasio hartan ere, halaxe egin nuen.

Denbora, beti bezala, orduan ere, azkar eta etengabe joan zen aurrera, eta, hara non gertatu zen, hiru hilabete baino lehen, egin beharreko lan guztiak, burutuak zeudela! A zer ustekabekoa eta aldea beste kasu askorekin alderatuta! Izan ere, ordura arteko kasu gehienetan, edo ez zidaten jaramonik egiten, edota egiten baldin bazidaten, izaten zen oso-oso denbora luzea igaro eta gero, baina ez oraingoan bezain laster, esate baterako, eta, urrutira joan gabe, Iruñeko udaletxean eta Agoitz kalean zegoen Pablo Saratsate kontserbatorioan. Baina, bueno, gertaera horiek aurrerago tratatuko ditut; gaur, momentuz, honekin geldituko naiz.

Argi dagoena zera da, alegia, Iruñeko Hizkuntza Eskolako kasuan, bere zuzendari zen Andres Iñigo Ariztegik, ez zidala batere inoren lotsarik sentiarazi, baizik eta alderantziz, mirespena, poza eta harrotasuna.