Enpresak ibilgailu espazial berrerabilgarri eta tripulatu gabeko baten segurtasun azpisistemako antenak fabrikatuko ditu
Anteral, Nafarroako Unibertsitate Publikoko antenen ikerketa-taldeak sortutako enpresa, Europako Espazio Agentziaren (ESA, ingelesez) Space Rider proiektuaren parte izanen da, hots, ibilgailu espazial berrerabilgarri eta tripulatu gabeko bat orbitan jarriko duen eta Lurreko orbita baxuan askotariko misioak gauzatuko dituen proiektuarena.
Anteral 16 kidez dago osatua, eta ESAren misioaren kontratista nagusia den Thales Alenia Space Italia enpresak aukeratu du proiektu horretan parte hartzeko. Zehazki, NUPen “spin-off” hori ibilgailuaren segurtasun azpisistemako antenak diseinatu, fabrikatu, probatu eta kalifikatzeaz arduratuko da.
Space Rider ibilgailua Vega-C suzirian bidaliko da, 2023an segur aski, Europak Guyana Frantsesean duen espazio portutik. Bi hilabete iraunen duten misioetan esperimentuak egiteko gai den laborategi robotikoa da, eta aukera emanen du Biomedikuntzan, Farmazian, Biologian eta Zientzia Fisikoetan ikerketak egiteko eta teknologiak egiaztatzeko.
Tripulatu gabeko ibilgailua altuera baxuko orbita batean egonen da espazioan, eta bere karga erabilgarriarekin lurreratzeko sartuko da berriz Lurreko atmosferan, paraxut baten laguntzarekin. Ondoren, berritu eta hurrengo misiorako prestatuko dute.
Space Riderrek hegaldi libreko aplikazioak hartzeko ahalmena izanen du, hala nola mikrograbitate esperimentuak, orbitan dagoen teknologia frogatzeko eta balidatzeko prozesuak –esplorazioetan aplikatzeko, robotikarako, Lurrari behatzeko, instrumentaziorako, telekomunikazioetarako etab.– eta planetako hondamendien zaintza, sateliteen ikuskapena eta bestelako aplikazioak.
Negozio ildoak
Anteral 2010ean sortu zen, NUPeko antenen taldearen eskutik, eta Unibertsitatearen eta enpresaren arteko ezagutza-transferentziaren adibide ezin hobea da. Sortu zenetik, ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egin du. Bi negozio ildo ditu. Lehenbizikoa, helduagoa eta finkatuagoa, sektore aeroespazialerako, telekomunikazioetarako, segurtasunerako, defentsarako eta abarretarako prestazio handiko antenen eta pasiboen garapenean oinarritzen da. Hala, bere garapenetako batzuk 12 satelite baino gehiagotan aplikatu dira, eta sektoreko enpresa eta erakunde liderrekin egin du lan: Airbus, Thales Alenia, Indra, ESA, JPL-Nasa, etab.
Bere bigarren negozio ildoa radar teknologiaren garapena da, eta haren erabilera hiri adimendunetan, industrian, hezkuntzan, osasunean eta bestelako sektoreetan sustatzea eta unibertsalizatzea du helburu.
Gainera, bi lerro horiek barne hartuta, Anteralek hainbat produktu garatu ditu bere gaitasun teknologikotik eta irrati-maiztasunen arloan duen esperientziatik abiatuta.
You must be logged in to post a comment.