KONFIANTZAREN PEDAGOGIA

Adeste fideles

Harremanak konfiantzan oinarritzen direla aitortzen duen pedagogia motak, beste guztiak edo izenburu hori esplizituki ez daraman edozein irakaskuntza mesfidantzan oinarritzen direla iradokitzen ote duen susmoa jariatzen duela esango nuke. Konfiantzazko hezkuntza ezarri ahal izateko, beraz, giza harremanak, pedagokikoak izan edo ez, urkoarenganako sinesmenean hezurmamitzen direla ulertzea ezinbestekoa da, norbait ezagutzen dugun unetik denborak haren arrastoa lausotzen duen arte.

Konfiantza, ordea, ez da debaldeko zerbait, eman eta irabazi beharreko bertutea baizik. Edozeinek gugan konfiantza izateko gure jarrerak egiantzekotasunaren bide zintzoa jarraitu behar du, desbideratzeetatik aldendu gabe, bidezidorretatik besteari aurrea hartzeko ahaleginik egin gabe, ordainpeko autobidetik hura baino azkarrago iristeko beharrik gabe. Konfiantzaren bidean, gainera, mantenu lanak tarteka egitea ere komenigarria da, bidea sastrakarik eta belar txarrik gabe garbi manten dadin, luze, denboran zein espazioan.

Edozein ezezagun aurkezten digutenean praustakoan bota ohi dugun formula “Urte askotarako!” da, jakin badakigun arren, formularen hutsaltasunaz bustitako hitzak direla, ondo geratze aldera esandako adei-legea, besterik ez. Izan ere, nola jakin lehendabizikoz ikusi berri dugun pertsona jakin hori urte askotan gure bizitzako partaide izan dadin nahi al dugun?

Esan bezala, konfiantzarena erein beharreko soro emankor bat da, esku itxi batetik zabalik zain dagoen ahur batera igarotzen den txanpona, hain zuzen. Eta pertsonak bankuko kontu korronte zenbakiak garen txanpon hotsik gabeko alegiazko garai hotz honetan, fidagarritasuna truke-txanpona dela erabat kontuan izan behar da; jasotzeko, alegia, lehenik eman egin behar.

Nola egin aurre, beraz, norbaitek, edonork, gugan konfiantza izateko erronka konplexuari? Faltsutik datozen irriak aurpegitik deuseztatzetik hasi, burua jiratu orduko tragediako maskara janzteari uko egin, eta egiatan konfiantzazkoak garela geuk sinetsi ondoren, urkoari sinetsarazi, azpijoko zein zurikerietatik urrun.

Irakasle izateak, bestalde, ez du nahitaez pedagogoa dela esan nahi. Etimoaren hastapenetan, haurra eskolara gidatu eta haren eskola-materiala eramaten zuen esklaboari deitzen zitzaion horrela. Zertxobait beranduago, umea hein batean hezten zuen maisuak hartu zuen izen hori. Gaur egun, ordaindutako titulu batek egiaztatzen du norbait pedagogoa dela, sen onaz haratago.

Ratio altuko gela baten aurrean dagoen irakasleak, hortaz, ikasle bakoitzarengan izan behar du konfiantza, printzipioz, inork ezer txarrik egingo ez duen fedea eduki behar du, haietako norbaitek aurkakoa erakutsi arte, bederen. Inork ez du kopiatuko, inork ez du lapurtuko, inork ez du inor irainduko edo antzeko esaldiak ezkorregiak direlakoan, alderdi baikorretik heldu eta “guztiek egingo dituzte aholkaturiko lanak”, “guztiek arretaz entzungo dituzte nire azalpenak” (edo youtuberrarenak), “guztiek zintzotasunez jokatuko dute ni begira ez egon arren”, mantra behin eta berriro errepikatu eta aldarte onez zapaldu behar du gelako zoru higatua pedagogiaz ere jakin badakiela aurrez suposatzen zaion irakasle ustez motibatuak. Eta “guztiak” ez badira ere, “gehiengoa”rekin konformatu behar.

Bikote harremanean ere, bietako inork pedagogia ikasi ez arren, maiteminduek hasieratik elkarrenganako konfiantzazko adreiluz eraikiko dute amodiozko eraikuntza sendoa, harik eta bietako batek etxea garbitzeari utzi eta zikinkeria pilatzen uzten duen arte, edo, besterik gabe, dinamitazko argudio txatxuren bat medio, hura eraisten duen arte.

Ildo beretik jokatzen dute norbanakoaren arduraren izenpean hiritarrengan duten balizko konfiantza uzten duten politikariek. Izan ere, agintarien beraien uneko burutazioen ondoren, hiritarrek (hots, guk eta eurak) jokamolde eredugarriak izango dituztela sinesten dute, edo behintzat, itxura hori ematen saiatzen dira, sarriegitan haiek ere hiritarrak direla ahaztu dutela dirudien arren, eta beraiek hartutako neurri zentzugabeen ondorioengatik harritu itxurak gero eta okerrago egiten dituztelarik.

Ez da pedagogiarik egin behar, ondorioz, konfiantza eman edo hartzeko, uste ona, hain justu, giza harremanen euste-horma delako; guztiok bizitzan topo egindako pertsona bakoitzarekin konfiantza izatea nahi dugun ala ez, horren araberakoa izango baita gizaki jakin horrekin ehunduko dugun etorkizuneko harremana. Konfiantza barrutik eta nahita ateratzen den zerbait den heinean, ikasitakoa eta landua izanagatik, geure ekintzek, jestuek eta jokaerek egingo diote irakasleari, irakasleari, gurasoei, seme-alabei, politikariei zein hiritarrei ispilu lana. Ispilu horren aurrean norberak bere burua ere tarteka jarri behar duela ahaztu gabe.