ZINEKLUBAK ETA ZINEMALDIAK: IRAGANA, ORAINA ETA ETORKIZUNA

Datorren irailaren 23an Keler gunean K Sarien bultzatzaileek (Donostiako Kresala, Beasaingo Goieniz, Azkoitiko Zinetogram, Urretxu-Zumarragako Butak21 zineklubek eta Animadeba, Donosskino, zeinu hizkuntzaren jaialdia, Zinetika eta Amua zine jaialdiek) antolatutako hausnarketa gunea burutuko da. Javier Tolentinok dinamizatuko duen mahai-inguruak jaialdiek, zineklubek eta zinema industriako beste eragile batzuek izan dituzten elkarlanak izango ditu ardatz, eta horien etorkizunaz eztabaidatuko da.

Parte hartuko duten pertsonak honako hauek izango dira: Sara Hernandez, Zinemaldia 70: Historia posible guztiak, Elias Querejeta Zine Eskolaren ikerketa taldeko ordezkaria eta, gaur egun, Tabakalerako zine unitateko programen koordinatzailea, Joan Sala, Filmin eta Atlàntida Film Festeko argitalpen-koordinatzaile eta programatzailea, eta Ander Gisasola, k Sarien talde bultzatzaileko kidea.

Bakoitzak landu dituen kasuak aurkezteaz gain, besteak beste, zineklubek, jaialdiek eta plataformek izan duten paperaz eta gaur egun dutenaz eztabaidatuko dute, lehiakideak edo aliatuak diren galderari erantzunez.

Saioa Keler gunean izango da, Ramón María Lili kaleko 2. zenbakian, eta eguerdiko 12: 00etan hasiko da. Egungo edukiera murrizketak eta COVID protokoloak direla eta, beharrezkoa da lekua erreserbatzea K_sariak@kresalazinekluba.com helbidera idatziz.