Martxoak 16 zen, ez zen inolako egun berezirik, astearte arrunt bat baizik, aurreko astekoaren modukoa eta hurrengo asteartekoaren modukoa. 07:30tan jo zuen alarmak, kosta egin zitzaidan ohetik altzatzea, ez nuen inolako gogorik ikastolara joateko, baina hala ere, altxatu egin nintzen. Komunean sartu , eta aurpegia garbitzen nuen bitartean, zelakoa izango litzatekeen nire eguna pentsatzen hasi nintzen. Etxean kriston hotza egiten zuenez, bainugelako berogailu txikia piztu nuen. Etxea isiltasunez beteta zegoen, ama eta aita jadanik lanean ari ziren. Armairutik praka beltzak eta jertse grisa hartu nuen.
Ez nengoen oso goseak, matematikako azterketa nuen eta nahiko urduri nengoen, hala ere, esne edalontzi bat hartu nuen. Esnea edan bezain laster, komunaren aurrean eseri nintzen, nire burua azkarregi zihoan, betiko moduan. Banekien zein zen egoera horren amaiera. Betiko amaiera berdina. Egunero errepikatzen zitzaidan amesgaiztoa. Banekien amaiera horrek gauza txarrak bakarrik ekartzen ahal zizkidala, baina amaiera aldatzeko gogo eta indar gutxi nuen. Denbora laburra pasa zen nire bi atzamarrak ahoan sartuta ikusi nituenean. Eta imaginatzen duzun amaiera gertatu zen. Ez zen mingarria, ezta atsegina ere, ohitura bat baizik, duela urtebeteko ohitura. Ondoren, ahoa garbitu nuen, eta erlaxatuta sentitu nintzen, erlaxatuta baino gehiago, liberatuta. Egunaren lehengo proba gaindituta irten nintzen etxetik.
Normalean oinez joaten nintzen ikastolara, autobusean erakusleiho batean egongo banintz moduan sentitzen bainintzen. Begi guztiak niri begira, denak ni epaitzen ari. Etxetik ikastolarako bidea ez zen luzea, nire gauzei buruz pentsatzen ari nintzen, gehienetan zelan ikusten nuen nire burua pentsatzen ari izaten nintzen. Klasera iristerakoan, nire lekuan eseri nintzen. Nire gelan ez nuen lagun askorik. Duela urte batzuk jende askorekin ari izaten nintzen berbetan, baina, poliki-poliki urrundu egin dira, nire burua isolatu egin dudala diote. Egia esanda, ez zait gehiegi axola.
Azterketa lehenengo orduan zen, ez zitzaidan gaizki atera, matematiketan nahiko ona naizela pentsatzen dut, eta holan dio irakasleak. Azterketa amaitzerakoan, ikasleak zorionak zuri abesten hasi ziren. Ez nekien Mikelen urtebetetzea zenik, eta nahiko berri txarra iruditu zitzaidan, bizkotxo bat ekarri baitzuen. Hurrengo bi klaseak azkarregi pasa zitzaizkidan. Ez nuen bizkotxoa jan nahi, baina, ez nuela nahi esan izan banu, denak galdezka hasiko zitzaizkidaketen. Momentua iritsi zen. Ez nuen ezer erantzun galdetu zidanean, mutu geratu nintzen, eta baietz baten moduan ulertu zuen. Nire aurrean txokolatezko bizkotxo zati bat nuen. Nire burua bueltaka zebilen, 500kcal gutxi gora behera nituen nire aurrean. Gehiegi zen hori, baina egin ahal nuen bakarra jatea zen.
Ez nintzen batere gose, nahiz eta sabelan ezer ez izan. Nire buruak kontrolatzen ninduen, goseak ez nengoela pentsatuz gero egun oso bat egon ahal nintzen ezer jan gabe. Ez zen atsegina nire buruak ni kontrolatzea, nire buruak ez baitzuen niretzako hoberena bilatzen. Baina duela urte asko nire buruak nire kontrola darama, eta ez dut uste hori aldatuko denik. Gutxinaka gutxinaka jan egin nuen, patioko txirrinak jo zuen arte.
Patioko bainugeletan sartu eta han eman nuen patio tarte osoa. Egia esanda, nahiko luzea egin zitzaidan. Hamaiketako osoa oka egitea lortu nuen, eta lortu nuela ikustean, pixkat hobe sentitu nintzen. Nire eztarria sutan zegoen, min egiten zidan, azken finean, nire urdaileko azido guztiek eztarria erre egiten zidaten. Ez zen hau gertatzen zitzaidan lehenengo eguna, jendeak ez zuen nitaz galdetzen, eta nahiz eta gogorra izan, holan nahiago nuen.
Nire gauzen gainean pentsatzen eta nire eraztunarekin jolasean aritu nintzen klasera bueltatzeko txirrinak jo zuen arte. Hurrengo klaseak betiko moduan joan ziren, ezer garrantzitsurik gertatu gabe. 15:00etan irten nintzen ikastolatik eta iritsitako bide beretik itzuli nintzen etxera.
Bakarrik bazkaltzen nuen normalean, nire gurasoek lanean jarraitzen baitzuten. Nire amak aurreko egunean egindako janaria jaten nuen. Ez nuen inoiz uzten zidan plater osoa jaten. Normalean nahi ez nuen janaria komunetik botatzen nuen, eta holan egin nuen egun horretan. Arroza neukan, pixka bat jan nuen eta gainerakoa bota egin nuen, azken finean banekien janari hori modu batean edo bestean, leku berdinean amaituko zuela. Eta horrela izan zen, betiko moduan, 5-10 minutu pasa ondoren berriro ere komunean sartuta nengoen.
Ni aldatzen ari nintzen, neure burua argalagoa ikusten nuen batzuetan, baina ez oso, nire ingurukoek nik baino askoz gehiago nabaritzen zuten, eta honek oso pozten ninduen, nahiz eta nik ez nabaritu. Baina, benetan gorroto nuen jendeak nire fisikoari buruz komentarioak egitea. Argaltzeaz aparte, nire azazkalak ahulagoak ere ikusten nituen, horregatik margotuta eramatea nahiago nuen. Ilea ere ahulago zegoen, errazago erortzen zitzaidan orrazten nintzenean. Baina, aldaketa hauek gehien nabaritzen zituen pertsona nire amama zen. Igandetan eta asteartetan egoten nintzen berarekin, benetan maite dudan pertsona da. Neure buruari min egiten ari nintzaiola esan zidan egun batean. Nik banekien min egiten ari nintzela, baina maite duzun pertsona batek esaten dizunean, mila zatitan zatitzen zaitu.
Egunero kirola egin behar izaten nuen, korrika egitera atera, txirrindulaz ibili… Horrez gain igeriketa klaseak ere izaten nituen astean hirutan. Egun horretan ez nuen igerilekura joan beharrik eta korrika egitera ateratzea erabaki nuen. Ez nuen ezer jan korrika atera baino lehen, eta nahiz eta arriskutsua izan zitekeela jakin, atera egin nintzen. Egun aproposa egiten zuen, egun hodeitsu zegoen, eta haize epela zebilen. Ibaiaren ondotik nindoan korrika nire musika talderik gustukoena entzuten nuen bitartean. Gustuko nuen korrika egitea, nire gauzak ahaztu egiten nituen eta benetan disfrutatu egiten nuen. Baina 20 minutu igaro ondoren zorabiatzen hasi nintzen. Dena bueltaka zebilen, eta ura edaten saiatu nintzenean, inkontzienteki oka egin nuen. Azken finean, nire gorputza ere ohitu egin da. Banekien zein zen nire zorabioaren erruduna.
Ez nintzen ondo sentitzen eta etxera bueltatzea erabaki nuen. Bidean gizon batek propaganda panfleto bat eman zidan. Kalearen amaieran Macdonalds berri bat ireki zutela jartzen zuen. Niri hau guztia gertatu baino lehen, ia larunbatero macdonaldsera joaten ginen ni eta nire lagunok, benetan atsegin nuen momentua zen. Beti hamburguesa berdina jaten nuen, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Ibiltzen jarraitu nuen, jatetxea topatu egin nuen arte. Kanpotik begira geratu nintzen. Nire lagunak gogorarazi zizkidan, eta haien falta susmatu nuen. Barrura sartzea erabaki nuen, dena hobe ikusteko eta bizi izandako oroitzapenak berritzeko. Nire burua pentsatzen hasi zen, ez nuen ezer jan, eta ez litzateke ezer gertatuko gehien gustatzen zitzaidan hamburguesa hori jango banu. Denbora luzea pasa nuen kontu honi bueltak emanez, gero nire burua gaizki sentitzearen beldur edo gero eta kirol gehiago egin behar izatea. Beldurrez hurbildu nintzen erakusmahaira. Ahots lotsatiz eskatu nuen janaria, hamburguesaz gain patatak eta izozki bat ere eskatu nuen. Urduri nengoen. Ez zen denbora luzea pasa nire izena entzun nuenean bozgailutik. Janaria hartu eta libre zegoen mahai batean eseri nintzen.
Duela urtebete hamburguesa hori probatzen ez nuela, inoiz baino hobeki zegoen, benetan disfrutatzen ari nintzen. Konturatu baino lehen nire erretilua hutsik zegoen, eta orduan zer egiten ari nintzen kontziente izan nintzen. Berriro ere, betekada huts bat zen. Askotan antsietatea eragiten zidan, ezin nuen elikagaiak jan nahi izatea inolako kontrolik gabe. Horregatik, batzuetan pentsatu gabe jaten nuen. Baina okerrena ez zen betekada hori, gero zetorrena baizik.
Ordaindu eta korrika bueltatu nintzen etxera, eskerrak etxean inor ez zegoen. Inoiz baino azkarragoa zihoan nire burua, ez nintzen ondo sentitzen, nahi nuen bakarra nire etxeko komunean giltzaperaztea zen. Komunaren aurrean eseri eta ezer pentsatu gabe nire bi atzamar nire ahoan sartu nituen. Ez dakit zenbat alditan oka egin nuen, baina ez nuen guztia botatzea lortu. Saiatu eta saiatu egin nintzen baina ezin nuen gehiago. Buruko minaz, atzamarrek minduta eta eztarria sutan. Banekin oraindik ere nahiko janaria nire sabelean zegoela baina bota egin ahal nuen guztia bota nuen. Urduritzen hasi nintzen, nire amesgaiztoa errealitate bihurtu zen momentu horretan eta niregana zetorren. Nire amesgaiztoa nitaz jabea zen. Ez nekien non negoen, zer ordu zen, ezta zer gertatzen ari zitzaidan ere. Gogoratzen dudan bakarra lurrera erori nintzela luma baten moduan da.
Ondoren, ohean esnatu nintzen, hospital baten ohean. Ez nekien zer gertatu zitzaidan, zergatik nengoen hor, ezta zenbat denbora neraman ohe horretan ere. Gurasoak nire ondoan nituen, eta amama etorri berria zen. Ingurunea hotza zen, beldurrez betea. Bulimia diagnostikatu zidaten eta komunean gertatutakoa konbultsio-atake bat izan zela esan zidan medikuak.
Gaur urte bat bete da ospitalean ingresatuta nagoenetik. Nire ohe berdinetik idazten dizut. Oraindik ere gaisorik nago, igoerak eta jaitsierak izaten ditut. Nire buruak nire kontrola darama oraindik ere, baina espero dudan bakarra da nire burua nire bizi izateko gogoen menpe ez egotea. Astearte arrunt bat bezala izango zela esanez hasi nintzenean, ez nekien nire bizitza guztiz aldatuko zuen asteartea izango zela.