13.000 euro emanen dira saritan lehiaketaren hiru kategorietan, eta lau unibertsitateetako ikasle, tituludun, AZL eta irakasleek hartzen ahal dute parte
Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusak –haren kide da Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP)– eta Exolumek, Europan produktu likidoen logistikaren arloan liderra den konpainiak, “Emprende” Iberus-Exolum sarien VIII. edizioaren deialdia egin dute. Edizio honetan 13.000 euro emanen dira saritan. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 8a arte dago zabalik.
Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sortutako ezagutzatik abiatuta, bi erakundeek Ebroko ibarrean ekintzailetza bultzatzeko sinatutako hitzarmenaren emaitza da Iberus Emprende. Lehiaketa lau unibertsitateetako ikasle, tituludun, administrazioko eta zerbitzuetako langile eta irakasle eta ikertzaileei dago zuzenduta, eta argibide guztiak http://premiosemprende.campusiberus.es web-orrialdean kontsultatzen ahal dira.
Zortzigarren edizioan ere saria emanen zaie jakintzan eta enpresa berritzailean oinarritutako negozio-ideiarik hoberenei, eta Erronka Baten Ebazpena sari gehigarria sortu da Exolumek proposatutako 3 erronkei erantzuten dietenentzat.
Hiru kategoria
Enpresa Berritzailea Sariaren bidez, espiritu ekintzailea sustatu nahi da, eta ikasleek, tituludunek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek edo irakasle eta ikertzaileek abian jarri dituzten enpresa-proiektuak aitortzen eta indartzen lagundu. Irabazleak Iberus – Exolum Emprende trofeoa eta 7.000 euroko saria jasoko ditu, eta bere enpresa-proiektuari ikusgarritasuna emanen zaio Campus Iberuseko hedabideetan.
Negozio Ideia Sariari dagokionez, bere helburu nagusia espiritu ekintzailea sustatzea da, Campus Iberuseko lau unibertsitateetako ikasleek eta tituludunek enpresa berriak sor ditzaten. Modalitate honetan, enpresa oraindik martxan jarri ez baina negozio ideia garatua duten ekintzaileek hartzen ahal dute parte. Irabazleari 4.000 euroko saria emanen zaio, baita garaikurra ere, eta ikusgarritasuna izanen du Campus Iberuseko hedabideetan.
Azkenik, Erronka Baten Ebazpena sari gehigarria sortu da edizio honetan, Exolumek planteatutako erronkak konpontzeko proposamenik hoberena saritzeko. Erronkak eskuragarri daude jada lehiaketaren oinarrietan. Lehiaketaren bi modalitate nagusietako batean (Enpresa Berritzailea edo Negozio Ideia) aurkezten diren pertsonek hartzen ahalko dute parte, baldin eta uste badute beren ideia edo enpresa planteatutako erronketako baten konponbide gisa egokitzen dela. Kategoria honetan, 2.000 euroko saria emanen da, eta ikusgarritasuna lortuko da Campus Iberuseko hedabideetan.
Faseak eta azken gala
Lehiaketaren lehen fasea urrian eginen da, epaimahaiak modalitate bakoitzetik hurrengo fasera pasako diren proiektuak aukeratzen dituenean. Fase hori azaroan eginen da. Sailkatutakoek zortzi minutuko bideoa grabatuko dute beren proiektuen aurkezpen gisa. Epaimahaiak azken fasera pasako diren modalitate bakoitzeko proiektuak aukeratuko ditu.
Azken gala abenduan eginen da, eta finalistek 3 minutu izanen dituzte beren proiektua aurkezteko igogailuko eztabaida baten formatuan.