NUPEN DIBULGAZIOKO 60 HITZALDIREN ARTEAN AUKERATZEN AHAL DUTE AURTEN BATXILERGOKO ETA LANBIDE HEZIKETAKO NAFARROAKO IKASTETXEEK

Programa sortu zenetik, 69 irakaslek 2.000 hitzaldi baino gehiago eman dituzte 70 ikastetxetan, eta 40.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) dibulgazioko 61 hitzaldi eskainiko dizkie 2021-2022 ikasturtean Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Nafarroako ikastetxeei. Urriaren 15era arteko epea dute eskaera egiteko. Programa 2005-2006 ikasturtean sortu zenetik, 69 irakaslek 2.000 hitzaldi baino gehiago eman dituzte 70 ikastetxetan, eta 40.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte

Ekimen horren bidez, zientziari, teknologiari eta giza eta gizarte zientziei buruzko hainbat gai ekarri nahi dira unibertsitate aurreko ikasleengana. Hitzaldien eskaera eta egitarau osoaren kontsulta hitzaldien webgunean egin daiteke. Webgunean, saioetako batzuen adibideak ere ikus daitezke, hala nola energia-sistemari, Nafarroako geologiari, lurzoruaren kalitateari, saguzarrei edo ikusizko ilusioei buruzkoak.

Hitzaldiak, gaika antolatuak

Ikastetxean bertan egiten dira hitzaldiak, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei daude zuzenduak, eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak abiarazi eta José Basilio Galván Herrera Ingeniaritza Saileko irakasleak koordinatu ditu. Honako zazpi bloke handi hauetan daude sailkatuak: Natura Zientziak (21), Fisika eta Teknologia (25), Matematika (6), Kimika (2), Ekonomia (3), Gizarte Zientziak (3) eta Hizkuntzalaritza (1).

Hauek dira ziklo honetako hitzaldien izenburuetako batzuk: “Gure elikaduraren bidez mundua aldatzen”, “Birusak, bakterioak eta epidemiak”, “Zer jan, hura izan”, “Zergatik hazten dira arbolak?”, “Klima aldaketaren kontu horrek ba al du zerikusirik nirekin?”, “Genetika publizitatean: ez naute engainatuko”, “Hara!, zulo beltz batean erori naiz. Hau zoritxarra!”, “Grabitazio uhinak. Leku-denboraren “astindutxoak”, “Finantza krisia eta kapitalaren merkatuak”, “Planeta asko, bai, baina, baten batean bizitzarik bai?”, “Lebitazioa eta zientzia-fikzioaren beste teknologia batzuk” eta “Edozeinek ikas dezake hizkuntza bat? Sinesmena vs Zientzia”, besteak beste.