1810. urtean Antoine izeneko mutikoa Dublinen jaio zen. Bere aitatxi bat, berriz, Jean-Pierre (1731-1799), abade laikoa eta notarioa zen Zuberoan, non Pettar aldeko Ürrüstoi herrian etxea baitzuen. Jean-Pierre Ezpeizeko Marie Lacroix anderearekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zuten: Maria-Maitena, Michel-Arnaud, André eta Annette. Michel-Arnaud (1772-1832), Antoineren aitak, Euskal Herritik joan zen frantses iraultzan. Intsumitua zela aipatu da, baita aurreko arrazoia baztertuta merkatal interesengatik joan zela ere. Edozein kasutan, muga zeharkatu eta Malagarat joan zen, handik gutxirat Londonerat abiatzekotz. Dublinen finkatu zen, hondarrean, bertan aberastekotz.
Michel-Arnaud, Elisabeth Thompson of Park (1779-1865) anderearekin ezkondu zen Dublinen. Haien lau seme-alaba Eireko hiriburuan jaio ziren: Elisa, Antoine (1810-1897), Celina eta Arnauld. Ondorengo biak, Julia eta Charles, Frantziako Tolosa hirian jaio ziren. Ume hauek samurtasuna aitaren aldetik jaso zutela idatzi da, ama nahikoa gogorra zelakoan. Euskal Herritik bertatik neskame bat ere eraman zieten, euskaraz jakin zezaten. 1820an familiak Frantziako Tolosarat jo zuen, non Antoinek ikasten jarraitu baitzuen. Handik zortzi urterat Pariseko Saint-Dominique karrikan etxea hartu zuten. Bertan zuzenbide ikasketak amaitu zituen, baita bertze hauek egin ere: mineralogia, geologia, zoologia, astronomia,… Jean-Louis Davant zuberotar euskaltzainak idatzi duenez, frantziar hiriburuan ezagutu zuen Augustin Chaho atharraztar ezaguna.
Honela, 1836an Chahoren lana aztertu zuen argitalpen batean, baita berarekin euskal gramatika lan bat plazaratu ere. Urte berean Brazilen ibili zen, bertan Napoleon IIIa izanen zenarekin harremanetan jarriz. 1837an, berriz, bere anaia Arnauldekin Etiopiarat bidaiatu zuen. Afrikako herrialdean ia hamabi urte eman zuten. Niloko iturburuaren bila aritu ziren, baita erresuma hartako gorabehera politikoetan ere. Etnografia eta Hizkuntza lan erraldoia osatu bazuten ere, badirudi haien helburua Etiopia frantziar “protectorat” bihurtzea zela, Ingalaterraren aurkako interes kolonialengatik. 1849an Antoine Euskal Herrian zen berriro, Urruñako Aragorrian. Israel, Norvegia, Espainia eta Aljerian lan batzuk egin ondoren Frantziako “Académie des Sciences” izenekoan ateak ireki zizkioten 1852an. Urtebete lehenago, halere, Euskal Jaiak sortu zituen: pilota (1851), lore jokoak (1853). Urruñatik Sararat eraman zituzten eta gero Euskal Herrian barna. Bonaparte printzeari ere bere euskaltzale lanean lagundu zion (1856-1869).
1859an Virginie de Saint-Bonnet (1828-1901) anderearekin ezkondu zen. Aragorrian “Abbadia” jauregia eraiki zuen (1864-1870). Bertan menperatzen zituen hamalau hizkuntzaz idatzi zuen, irlanderaz eta euskaraz batik bat. 1865ean ama hil zitzaion Parisen eta Eiren lurperatu zuten. 1871-1875 tartean Hendaiako auzapeza hautatu eta berrikuntza handiak egin zituen (zubiak, argia, hondartza eta bertze). Bigarren guda karlistan (1872-1876), lehenean bezala, Hego Euskal Herriko karlisten alde ari izan bide zen. Bere lan euskaltzalean, bertzalde, arazoak izan zituen apaizekin, haiek hainbatetan helburu hori oztopatu ziotelakotz. Ondoren astronomia hausnarketetan murgildu zen, bidaietan ere. 1892an “Académie des Sciences” izenekoaren buru hautatu zuten. Urte berean, Donibane-Lohitzuneko Euskal Jaietan, gero hagitz oihu ospetsu bihurtuko zena asmatu bide zuen: “Zazpiak Bat!”. Handik bortz urterat Pariseko 120 rue du Bac karrikan hil zen, emaztearen ondoan. Hendaian lurperatu zuten, bertan Atharratze zein Andoaingo dantzariak nahiz nafar gaitajoleak izan zirelarik.