ZABALIK DA EPEA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO UDAZKENEKO IKASTARO KULTURALETAN IZENA EMATEKO

Herritar ororentzako modukoak dira. Errege Bardeako ondarea, gizakia eta kosmosa, edota Biologia Sintetikoa izanen dituzte hizpide.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak udazkeneko ikastaro kulturalak antolatu ditu Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren bidez, gai askotakoak eta herritar orori zuzenduak. Izena emateko epea zabalik dago, eta ikastaro bakoitzak 15 euro balio du. Ikastaroetarako matrikula “online” egiten ahal da edo aurrez aurre Kulturako eta Kiroletako Bulegoan, Arrosadiko campusean (Sekuoia eraikina) eta Tuterako campuseko informazio bulegoan. Plaza kopurua baino inskripzio gehiago egonez gero, inskripzio ordena errespetatuko da.

Bertzeak bertze, Errege Bardeako ondarea, paisaia natural eta kulturala ikerketarako, hezkuntzarako eta turismo kulturalerako izenekoa izanen da. Tuteran eginen da, irailaren 23tik urriaren 19ra, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:30era. Honako hauei zuzenduta dago: ondarearen edo turismo kulturalaren kudeaketan adituak direnei, ondarea aurkezten duten aditu zein gidariei, unibertsitateko ikasleei, ondarearen arloko ikerketako eta hezkuntzako profesionalei, batik bat Errege Bardearekin lotura eta/edo interesa dutenei, eta, oro har, Errege Bardearen alderdi turistiko eta kulturalak interesatzen zaizkion orori.

Biologia sintetikoa: nekazaritzako elikagaien sektorerako aukerak izenekoa irailaren 27an eta 28an eginen da, 09:00etatik 14:00etara. Unibertsitateko ikasleei, bioteknologiako profesionalei (datu-analistei), nekazaritzako elikagaien sektorekoei eta biologia sintetikoko espezialistei zuzendua dago.

Urrian Unibertsoaren misterioak argituz: gizakia eta kosmosa izenekoa ostegunetan izanen da, 19:00etatik 21:00etara, urriaren 7tik azaroaren 11ra, eta astronomiari buruz arituko da zentzu zabalean: inguratzen gaituen zerua, han bizi diren astro eta objektuak eta, oro har, bizileku dugun unibertsoa nolakoak diren azalduko dute. Gaian interesa duen edonori dago zuzendua, eta ez da aldez aurreko ezagupenik behar.