Guztira 30 kreditu ditu diplomak, eta Unibertsitateko graduko ikasleei eta hezkuntzaren eta osasunaren arloko profesionalei dago zuzendua
Hogeita hamar bat ikasle hasi dira berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Sexu Hezkuntzako Espezializazio Diplomako ikasketak egiten, eta ekainera arte arituko dira horretan. Guztira 30 kreditu ditu diplomak, eta 60 ECTS kreditu gaindituak dituzten NUPeko graduko ikasleei, hezkuntzaren eta osasunaren arloko unibertsitate-titulazioa dutenei eta arlo horietako profesionalei dago zuzendua.
Eskolei hasiera emateko egunean, Félix López Sánchez izan zuten gidari. Sexualitatearen Psikologiako katedradun erretiratua da Salamancako Unibertsitatean, hogeita hamar urtetik gorako esperientzia du gai horren inguruko irakaskuntzan eta ikerketan, eta erreferentziazko zenbait liburu idatzi ditu, besteak beste “Educación sexual”, “Educación sexual y ética” eta “Ética de las relaciones sexuales y amorosas”. Gainera, Gaztela eta Leongo Haurren Aldeko Lanengatiko Saria eman zioten, eta Honoris Causa irakaslea da Limako Unibertsitatean (Peru).
Tituluaren zuzendaria Roberto Aguado Jiménez da, Osasun Zientzien Saileko irakaslea, eta irakaskuntzaren koordinatzailea, berriz, Esther Cremaes Mayorga, Nafarroako Osasun Zerbitzukoa (Osasunbidea).
Titulu berekiaren helburuak
Titulu berekiak giza sexualitatearen alderdiei buruzko ezagupenen oinarri zientifiko sendoa eman nahi die ikasleei, eta ikuspegi globala eskaini garapen sexualari eta bizi zikloan sexualitateak izaten dituen aldaketei buruz. Horretaz gainera, osasunaren esparru teorikoa eta osasuna sustatzeko estrategiak ezagutuko dituzte ikasleek, zehazki osasunerako heziketaren ingurukoak, eta zenbait gaitasun, abilezia eta metodologia ikasiko dituzte sexu hezkuntzako esku-hartzeak egin ditzaten banakakoekin, taldeekin eta/edo komunitateekin.
Gainera, ikasleei irakatsi nahi zaie nola diseinatzen eta garatzen diren zenbait kolektiborentzako programak eta nola ematen zaien aholku beren bizi zikloaren etapa batean eta bestean, eta garrantzi berezia emanen zaio hezkuntza sexuala eskoletako hezkuntza-sisteman eta etapa horretako curriculumeko arloetan sartzeari. Azkenik, jarrera eta portaera etikoak bultzatu nahi dira giza sexualitatearen eremuko jarduera profesionaletan.