NUPEKO IKASKETA JURIDIKOEN XIX. JARDUNALDIETAN DESGAITASUNEN BAT DUTEN PERTSONEI LAGUNTZEKO LEGERIA ZIBILAREN ERREFORMA AZTERTUKO DA

Saioak irailaren 29an eta 30ean eta urriaren 1ean eginen dira eta “online” jarraitzen ahalko dira Zoom plataformaren bidez

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak (NUP) Ikasketa Juridikoen XIX. Jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldi horietan, desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntzei buruzko legeria zibil eta prozesalaren erreforma aztertuko da. Zoom plataformaren bidez bakarrik jarraitzen ahalko dira saioak, izena eman ondoren, irailaren 29an eta 30ean eta urriaren 1ean, 17:00etatik aurrera.

Jardunaldien antolaketan, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordetzak eta Unibertsitate Desgaitasuna Elkarteak parte hartzen dute, eta programa osoa Unibertsitatearen web gunean kontsulta daiteke. Izena emateko aukera ere badago han. Saioak izaera teknikoa dute, eta zientzia juridikoekin zerikusia duten graduetako ikasleentzat eta abokatutzaren eta zuzenbidearen arloko profesionalentzat dira, baita ezgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteentzat edo tutoretza fundazioentzat ere.

Jardunaldien helburua da desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko mekanismoen arloan Kode Zibilaren erreformara hurbiltzea, Nafarroan aplikagarria, eta laguntzak emateko prozeduran dauden berrikuntza nagusiak aztertzea. Irakasle antolatzaileak esan duenez erreforma garrantzitsu bat da, horrek goitik behera aldatzen baitu pertsonen gaitasunaren tratamendua, baita hain errotuta dauden beste instituzio batzuk ere, hala nola adineko pertsonen tutoretza. Zaragozako, Sevillako edo Murtziako unibertsitateetako irakasleek hartuko dute parte, bai eta zuzenbideko eta magistraturako profesionalek edo elkarteen ordezkariek ere.

Osasuna, ondarea, familia zuzenbidea eta lekukotasunak

Rafael Lara González Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak irekiko ditu jardunaldiak. Lehen eguneko programaren moderatzailea María Luisa Arcos Vieira NUPeko Zuzenbide Zibileko katedraduna izango da, eta gaitasun juridikoa erabiltzeko laguntza-sistemen diseinu berria izango dute aztergai.

Bigarren egunean, aztergai izango da desgaitasuna duen pertsona trafiko juridikoan, eta arreta berezia jarriko zaio Nafarroako zuzenbide zibilari; kasu horretan, Leyre Elizari Urtasun NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordeak moderatuko du. Ondorengo ponentzia eta eztabaida-mahaietan gai hauek jorratuko dira, besteak beste: desgaitasuna duen pertsonak egindako kontratuen aurkaratzea, azken borondateko egintzak, osasunari buruzko erabakiak edo ondare babestuak.

Jardunaldien hirugarren eta azken egunean, Leyre Elizari Urtasunek gidatuta, pertsonarentzako laguntzak aztertuko dira, bai eta epaileak edo fiskaltzak babes-arloan duen zeregina ere. Ondorengo mahai-inguruan elkarteen, familien eta tutore-fundazioen ikuspegia landuko da. Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak emango die amaiera jardunaldiei.