SAIAK ZERUAN DANTZAN

Biarnoko gizon bat zen, Pauen sortua. Irakaslea zen, baina kirol irakaslea eta gainera kirol irakasleen irakaslea. Gizon sanoa eta zintzoa zen. Bere bizi guzia menditik hurbil ibili da eta garai batean ere, Frantziako eski taldearen entrenatzailea izan da. Guy Dupont deitzen zen eta erretreta hartu eta aski laster, bere emaztea zendu zen. Pena handia sentitu zuen eta erabaki zuen oporretara joan behar zuela aire hartzera.

Bere karabana hartu eta gero, Euskal Herri aldera abiatzea erabaki zuen eta itzuli batzuen ondotik, Azkaineko herrira aliatu zen. Gustuko herria zuelako, hor bertan pausatzea erabaki zuen. Larrun mendiaren azpian kokatu zuen bere karabana eta hor beste bizi berri baten hasiera eman izan zuen.

Ezker-eskuin ibili da, jendeekin harremanetan sartu, inguruko mendiak kurritu eta Euskal Herriaren ohiturak bereganatu. Gizon idekia zen eta bihotz onekoa. Azkenean, Azkaine herria gustukoa zuelakoan, eta lagun onak egin zituenekoan, etxe bat eraikitzea pentsatu zuen. Herritar gazteen laguntzarekin etxe polita eraiki zuen, Eusko lokarri izenarekin. Herriko errugbi taldearen entrenatzailea izan zen eta ordu geroztik, Azkaineko ainitz gazteekin gurutzatzen zen. Eta euskaldun sentitzeko asmoa zuelakoan, Herriko kultur eta euskaldun elkarteetan ibiltzen zen. Hala nola, AEKn kurtsoak hartu zituen eta kantua maite zuelako, Martintxo kantu taldean ere, astero, ibiltzen zen euskal kantuen ikasten. Bere 80 urterekin, Laborantza ganbararen bilkura guzietan joaten zen eta inplikatzen zen. Anekdota bezala, aipatu nahi nuke, nola berak, Ideki zerrendan zelarik, auzapez zenaren zerrendaren aurka, bistan da, joan zen Herriko Etxera bozkatzera, pankarta batekin bizkarrean eta tripan gainean pausatua zuena nun idatzia zuen:

Tori zu, jaun auzapeza, zahar baten erantzuna”

Erran behar da, Auzapez horrek, kritika itsusia igorri ziola Ideki taldeari erranez holako gizon zaharrik ez zuela tokirik beraien zerrendan. Hori aparte ere, egun batez Martintxo taldean zelarik, lagun batek galdegiten dio nola zen eta berak erantzuten ongi, poliki-poliki oinez ibiltzen zela eta orain kurkuluiekin lasterketa egiten zuelarik ez zuela beti irabazten. Umorea erabiltzen zuen gizona. Azkenean euskaldun munduan sartu zen eta erraten ahal da euskaldun bilakatu zela…

Egun batez, gazte batzuekin bildu zen eta hasi zen bere heriotzaz hitz egiten, berak nola nahiko lukeen mundu honetatik joan. Proposatu zien gazteei, hilko zen egunean, Larrungo erreka bazter batetara botatzea bere gorpua, saiek jan zezaten eta izadiak egin zezala bere obra. Hala ere, galderak egin zituen jakiteko ea legez egiten ahalko zen holako ‘ekintza’ eta erantzuna bakarra izan zuena ezezkoa izan zen eta ilegala zela. Pena handi batekin hartu zuen administrazioaren erantzuna…

Ehorzketak

Guy Dupont zendu da! entzuten zen Azkaine guzian. Ehorzketak antolatu zituzten herriko elizan eta meza eder eta kantatua eman izan zitzaion. Guyren omenez jende ainitz bildu zen. Gorpua elizatik ateratu zutenean, itzal bat sentitu zen, iduzki tapatua balitz bezala, eta jendeek zeruari begira ohartu ziren saiak zirela elizaren gainean eta bazterrean, hurbil-hurbil, bira-bira egiten zeruan hilkutxaren gainean. Hor ziren guziak harrituak egon ziren eta gaur egun, beti aipatzen da. Saiek omenaldi eder bat eskaini zioten Guy Dupont jaunari eta administrazioaren erabakiarekin ez zirela ados erakutsi zuten. Ez ote zen gure sinesmen zaharren keinua?

Emozio hori pasatuta, Guyren alabak eta Azkaineko gazte batzuk igo ziren Larrungo mendira, akordeoia eta gitarrarekin omenaldi bat egitera Guy Dupont jaunari. Musikarekin batera, Guyren hautsak zabaldu eta hedatu zituzten Ihizelaitik Azkaine herriari buruz. Haizeak Eusko lokarri bere etxe aldera barreiatu zituen. Momentu hunkigarria eta goxoa izan zen…