Lehiaketa graduko eta masterreko emakumezko ikasleentzat da, 2.700 euro ditu saritan, eta izena emateko epea urriaren 8an amaituko da
Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei (IAL) buruzko poster lehiaketaren III. edizioaren deialdia egin du. Lehiaketak 2.700 € ditu saritan, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 8an amaituko da. Aipatu katedraren webean kontsultatzen ahal da deialdiari buruzko informazio guztia.
Gradu edo master amaierako lana 2020-2021 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleentzat da lehiaketa, betiere lanen haien edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bada. Gradu-amaierako lanen kasuan, beste unibertsitate batean ikasketak egin dituzten ikasleek ere parte hartzen ahal dute, baldin eta 2021-22 ikasturtean NUPen matrikulatuta badaude.
Bi modalitateetako bakoitzean (gradua eta masterra) 900 euroko lehen sari bat eta 450 euroko bigarren sari bat emanen dira.
Urriaren 2a baino lehen, izangaiek poster bat aurkeztu beharko dute lehiaketara, gehienez ere 120 x 90 cm-ko tamainakoa (A0), diseinu horizontala nahiz bertikala izan dezakeena. Ikasleek beren ikasketa amaierako lanaren ideia garrantzitsuenak islatuko dituzte posterrean, eta, geroago, lehiaketa egiten den egunean, haren edukia defendatuko dute ahoz, bost minutuan, lehiaketaren epaimahaiaren aurrean”.
Deialdiaren oinarrien arabera, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu aintzat: ikasketa amaierako lanaren kalitatea eta interesa zientziaren eta teknologiaren esparruari egindako ekarpenarekin loturik; nola dagoen egina posterra, hots, laburra eta argia den eta ongi aurkeztua dagoen; lehiaketaren eguneko azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak; eta nola egokitu den izangaia ahozko defentsa egiteko eman zaion denborari.
Emakume gehiago zientzian eta teknologian
NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko sigletan), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartu ere.