HONDALEA

Maiatzaren erdialdean, hots handiz aurkeztu zuten, Santa Klara uhartean, estreinatu duten Cristina Iglesiasen ‘Hondalea’ izeneko artelana. Ekainean hasi ziren bisitak egiten Donostiako itsasargira, Cristina Enea fundazioak antolatuta; 5ean eta 6an izan omen ziren lehenengoak. Donostia udal talde batzuek ‘Hondalea’ obraren kudeaketa kritikatu zuten, Cristina Iglesiasen artelanak <txikizioak> eta gehiegizko kostua eragin dituelako, baina, hala eta guztiz ere, EAEn boterean dauden agintarien hedabideetan (EITBn), ez dut kritika horren isla handirik ikusi.

Baina, bueno, alde batera utzita artelan hura ona den ala ez, leku egokian dagoen kokatua ala ez, nik hemen, lan harekin zerikusia duten beste gai batzuk aipatu nahi ditut, esate baterako, nahiko paradoxikoa gertatzen da, artista erdaldun batek izen euskalduna jartzea bere obrari (niri hori zoragarri iruditzen zait; inor ez dadila nahastu!), eta, bitartean, ikustea, EAEko agintari euskaldun nagusiek daukaten amorrazioa, izen erdaldunak jartzeko: Bilbao Exhibition Centre, Basque Culinary Center eta abar. Nire iritziz, beste paradoxa kozkor samar bat da, obraren egileari entzutea, ‘Hondalea’ ongi ulertzeko, ezinbestekoa dela bertatik bertara ikus-entzutea, eta, puntu honetara iritsi nahi nuen nik, hain zuzen ere, alegia, nola ailegatuko dira, bada, ‘Hondalea’ dagoen lekuraino pertsona guztiak, esate baterako, gurpil aulkian dabiltzanak, uharteko eskailerak igotzeko ez baldin badute jarri tresna egokirik, eta, Santa Klara irlara heltzeko, ezin badira erabili kaiko itsasontziak?

Donostiako kaiko itsasontziren bat edo denak, ez dakit zenbat, egokituta omen daude aulki gurpildunekin erabiltzeko, baina sarrerak eta irteerak, ez, ordea, eta hor dago bekatu handia egina, akats barkaezina, alegia, zeren eta, ‘Hondalea’ diru publikoarekin egin baita, baina, hala ere, pertsona guztiek ezinen dute erabili, eta, hori ez da huskeria; gizaki guztiek berdintasun egoeran bizi ahal izateko daukaten eskubideari buruz ari baikara, ez hutsalkeriei buruz.

Gogora etorri zait, orain dela zenbait urte, ETB1en, berri handi bat bezala, esan zutenean, Donostiak, azkenean, bazituela itsasontzi egokitu batzuk, badian zehar, mota guztietako pertsonak eraman ahal izateko; poz eskergaz hartu nuen berri hura, eta, Donostiara joan nintzen hurrengoa aldian, saiatu nintzen bidaiatxo bat egiten badian barna, baina, horratx zein izan ziren nire harridura eta dezepzioa, jakitean itsasontziak baietz, egokituta zeudela, baina kaia, ez, ordea, gurpil aulkiak sartu eta atera ahal izateko! Tamalgarria iruditu zitzaidan, eta, hantxe gelditu behar izan nuen, kaian, desengainatuta!; nire erru bakarra, aulki gurpildunean ibiltzea izan zen. Gerora, hainbat eta hainbat aldiz saiatu izan naiz helburu berbera lortzen, baina inoiz ere ez dut arrakastarik izan; negargarria iruditzen zait Donostia bezalako hiri moderno usteko batentzat, eta, batez ere, bere herritarren sektore zaurgarri garrantzitsu batentzat; ala, ez al da horrela, alkate jauna?

Ez al dizue lotsa eta ahalke pixka bat ematen, Eusko Jaurlaritzako jaun-andreak, 2021ean egoera atzeratu lotsa-emangarri honetan egoteak? Zuok aipatu zaituztet, hain zuzen ere, badakidalako kaien ardura guztiak Eusko Jaurlaritzarenak direla, eta, nor dira, bada, Jaurlaritzaren arduradun nagusiak zuek baino, e, lehendakari jauna eta lehendakariordea? Zu ere, Donostiako alkate jauna, ez zara asko libratzen, zeren eta, Jaurlaritzan ez baldin bazaude ere, lehendakari jaunaren alderdi politiko berean bai, ordea. Ea Jaurlaritzak noiz egokitzen dituen bere eskumenean dauden kai guztiak, Europako azkena ez gelditzeko! Santa Klara uharteko ‘Hondalea’ artelana, beste kontu bat da, eta, horretaz asko eztabaidatu beharko litzateke.