HAIN GORA EGIN NUEN HEGAN

Testua: Jose Mari Zendoia Sainz

Erramun Mendibelandaren pintura erakusketa

Juan Manuel Lumbreras arte-galeria

Henao, 3 – Bilbo

2021/09/09 – 2021/10/15


HAIN GORA EGIN NUEN HEGAN

Badatoz atzera egun basatiak

galsoroen gaineko ilargi beteetan

heroi gosetiak lurreratzen ziren

erbeste urrunetako zelaiak onduz.

Gertuko herioa agortuz bizitzan

munduari itsatsita kolore eztandan

amorruzko zerrendetan bildutako

disidenteekin zorretan gara betiko.


Ziurtasunik gabeko gauak ito zituzten

errauts haietan askeago izan ginen

geure miserien berri argitan,

zurezko tren kraskatuetan gindoazen

egunsenti aurreko txilibitu hotsetan,

eta sinistu genuen noizbait, gaur,

azkenik arrazoiak harrituko gintuela

atzemandako kurbetan moldatuta.

Sakrifiziorik ezin izan genuen eskaini

trukean, denbora bihurrian geroratuak,

baina hara, itzuleran bai aurkitu

haizeari emandako milaka pintura.


Bada kolorez estalitako etorbide bat

nire arima helburu duena.

Noizbehinka osatzen dut hasieratik

helmugarako tartea,

pintzeletatik eroritako tanta lodiek

harlauzak tindatzen dutela.

Etorbidearen azpian, ordea,

zutabe erraldoiek eusten duten tenplua

urez gainezka dago

errekasto kontrolagaitzek

requiem bat aldarrikatuz

inauteri makabroaren ondoren.


Kaia txikia zen ilunabarrean eta halere

helmuga urruneko ontziak irteten ziren

ilargi erdiaren argi erdi hilean,

itsasoa handia zen biharamuneko eguzkitan

eta ihes egindakoen agurra bakarrik

iristen zitzaigun kresalean.

Lurra oparoa, arroken gainean,

erreka ondoko magal okerretan,

ametsak islatzeko egin genituen

olio mihisetan.


Itsas gaineko talaia umil honetan dago

adeitsu, ahots haien guztien oihartzuna,

gozo, arbasoen begirada, eta kontzientzia

ispilu aurrean zauritua.

Odisea gehiagorik ez uharte urrunetan,

izan zitekeen abentura betiko utzi

edertasun itzel hau bizitzeko

ahanzturak irauten duen hartan.