Bi urteren ondoren mutil-lagunak uztea erabaki zian, ziplo, fundamentuzko azalpenik eman gabe. Ez zegoan bertze neskarik tartean, edo hori duk erran ziona, behintzat; ez zuan liskar gogorrik suertatu, ez ezin gaindi daitezkeen horietarik, behinik behin. Egia duk hondar aldian gainerako adiskideengandik urrunxko zebiltzala eta ia soilik bien artekoa zen harremanak, noizean behin, itotzen zituela. Litekeena duk hastapeneko eguneroko liluratzea eta sua iraungitzen hasi izana. Mutil-lagunak bere eremua eskatzen zioan, arnas hartu nahi omen zian. Kontua duk egun sapa hartan, espaloiak ere urtzen ziren sargori itogarriko egun hartan, mutilak utzi nahi zuela erran ziola.
Itzultzen saiatu zuan. Bikotekide ohia joaiten zen tokietarat hurbiltzen hasi zuan, segika bezala. Ez zian hark ikus zezan nahi, baina haren gibelean zebilean, informazioa eskuratu nahian, itzultzekotan zer kontaturik izaiteko, nola jokatu beharko zuen jakiteko.
Emaitzarik ezak kamusada sortu zioan, etsitzen hasi zuan. Sekula ez bezalako etsipenak gaina hartu zioan eta gainbeheran hasi zuan. Betiko adiskideek ez zitean alaitzen, aspaldian ez zeukaan irririk begitartean, etxean bakarrik geratzen zelarik orduak eta orduak emaiten zitian negarretan, negar-zotinka eta oihuka. Eroen antzerat egiten zian negar. Ezin kanpora zezakean barrendik zerion histura. Mingostasuna nagusituz zihoakioan, aldartea arras mikaztu, karmindu zitzaioan, beti txoil gogoko izan zitian haurñoekin ere tristerik mintzo zuan, ez zegoan lehengo garaietako pozaren lorratzik ñimiñoena ere …
Harik eta bukaera otu zitzaion arte: buruaz bertze eginen zian. Ez zegoan denboran gibelerat joaiterik, ezin berreskura zezakean galduriko mutila, deusek ez zian bizkortzen haren bihotz eria. Baina orain aterabidea oldozturik zeukaan.
Bizitza arrunterat itzuliko zuan, lehengo aldarte onaren itxura emanen zian, neholaz ere ez zian eginen haren erabakia antzemanaraz zezakeen fitsik. Bizpahiru hilabetez betiko jardueretan ariko zuan ezer susmagarririk egin gabe.
Eta halaxe burutu. Berriz neska alaiaren itxura hartu zian, betiko adiskideekin betiko eran aritu zuan, lantegian ere ekoizpena handitzeari ekin zitzaioan buru belarri, gogo biziz; erosketak egiteko unean beti zian ele goxoren bat saltzaile nahiz aldamenean zituen erosleendako.
Egutegian zehaztuta zeukan eguna iritsi zelarik amaren baitarat joan zuan bazkaltzerat. Bazkari eztia izan zuan. Ama-alabek, elkarri aspaldiko kontuak solasgai, bazkalgibel ederra izan zitean. Askietsi zuelarik amari agur erran zioan eta beribilean joan zuan. Lasai-lasai gidatu zian, eztiki-eztiki, emeki-emeki “bai, horixe, emeki-emeki, ez gizonki-gizonki seinaleak eta oinezkoak arriskuan jarriz” ziotsoan bere buruari.
Azkenean helmuga ikusi zian, orain kontua nehork ez ikustean zetzaan. Izan ere buruaz bertze egitea bakarrik egin behar den ekintza duk. Ez duk nehoren gogokoa bertze norbait hiltzen ikustea. Horregatik errepidea hutsik egon arte igurikitzea xedatu zian. Bidean nehor ez zegoenean bere beribil zahar hark harrapa zezakeen lastertasunik handienean abiatu zuan helmugarat. Han zegoan, burdinbidearen azpiko zutabe gaitza. Porlanezkoa, “latsunbeltzezkoa” Urzainkiko adiskideak zioen bezala. Azeleragailua zapaldu zian, gogotik zapaldu ere. Kilometro-kontagailuari so lasterra egin zioan, lasterra ez baitzuen jomuga bistatik galdu nahi; beribilak nekez, izerdiz eta arranguraka harrapatu zian ehun kilometro ordukoko lastertasuna. Gero ehundik zerorat lipar batez iragan zian.
Ikusi zuan hurrengoa ospitaleko gela izan zuan, eta amaren aurpegia aldamenean. Begian ireki bezain agudo ama musukatzen hasi zitzaioan, musukatzen eta negarretan. Eskuan zuen sudur-zapiaz mukia idortzen zian ondoren bularrari kontra jarriz gora begira eskerrak emaiten zituen bitarte zinez hunkigarrian.
Bi aste eman zitian ospitalean, sendagileek bizkorretsi zuten arte. Hurrengo hilabeteak mantso joan zituan, hagitz mantso, sobera mantso. Neskak ezin ken zitzakeen burutik mutil-lagunarekikoa hautsi izana ezta, batez ere, buruaz bertze egin nahi baina ezin hura. Hutsaren hurrena sentitu zuan. Dena galduta zegoelarik, geratzen zitzaion aukera bakarra, laster joaitekoa, “B” plana pikutarat joana zuan, ezin eror zitekeen maila apalagorat.
Eta edaten hasi zuan, eta drogatzen, hau ere -zioen bere artean- hiltzeko bertze modu bat duk. Eta hilez joan zuan, egunero poxi bat. Lehen lana galdu zian, gero beribila, ondoren etxea bera ere, abantzu ez zuan amaren baitarat joaiten, zubipean bilatu zian babesa. Babesa, droga hornitzaileak eta, ogibidea barik, drogabide berria. Lehengo gorputz mardul liraina zimelduz joan zuan, gazte garaiko gihar bizkorrak zeharo ahuldu zitzaizkioan. Halaxe ibili zuan lantxo berezi baten eske bezero berezi bat jin zitzaion arte. Neska net arraildua ezagutu ez zuen mutil-lagun ohiak zerbitzuaren truk sosa eman zion egunean erabaki zian joateko tenorea zuela. Ahal izan zuen diru guztia hornitzaileari eman zioan drogetan zen gogorrena eman ziezaion.
Udaltzainek zubipeko txokoan ediren zitean. Nehork ez zian jakin eskuan bikote baten argazki erre bat zeukan neska hura nor zen.
Egon bizkor.