MOTOSTUDENT DESAFIOAN PARTE HARTZEN ZUTEN NUPEKO IKASLE BATZUK ITALIARA JOANEN DIRA MOTO ELEKTRIKOEN LEHIAKETA EUROPAR BATERA

Motostudent desafioan parte hartu zuten ikasleak. Ezkerretik eskuinera: Iker Urquijo Recalde, Andrea Moreira Padrao, Iñaki Ojer Palacios, Iñigo Lizarralde Gilcuartero, Rafael Barrio Huarte, Jeremy McWilliams (MotoGPko pilotu ohia), KTMren ordezkari bat, Álvaro Zubiaur Urdanoz, Luis Mendivil Ayerbe eta Juan Chuliá Barriocanal.

Bost herrialdetako 10 talde lehiatuko dira urriaren 10ean eta 11n, Enzo e Dino Ferrari nazioarteko autodromoan, Imolan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritzako zazpi ikaslek osatutako talde bat Moto Engineering Italy izeneko moto elektrikoen lehiaketara gonbidatu dute. Urriaren 10ean eta 11n izanen da, Imolan (Italia), Enzo e Dino Ferrari nazioarteko automodromoan. NUPeko taldean, aurtengo udan Motostudent delako unibertsitateko desafioan parte hartu zutenetako batzuk eta beste ikasle batzuk daude. Bost herrialdetako beste hamar talde lehiatuko dira, horiek ere Motostudent desafioan parte hartutakoak; izan ere, desafio horretan, zenbait herrialdetako unibertsitateetako talde batzuek motozikleta baten prototipoa diseinatu, garatu eta fabrikatu behar izaten dute, eta harekin norgehiagoka aritu.

Oraingoan, Moto Engineering Society, Boloniako Unibertsitateko Alma Mater Festa eta autodromoak berak antolatu dute ekitaldia, eta Motorsport Italia elkarteko ordezkariak izanen dira han (Ducati, Ferrari eta Lamborghini etxeak besteak beste). Hilaren 11n, azelerazio proba, balaztatze proba eta ginkana bat eginen dira, bai eta zirkuituari lau itzuli emateko “ez-lasterketa” bat eta safety car delakoa ere. Proiektu osoari buruzko azalpen bat ere eman behar dute taldekideek, eta hari dagokion txostena aurkeztu. Bidaia egiteko, Industrias Iname SLren eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren (IITIGMET) laguntza izan du taldeak.

Ikasleak, irakasleak eta enpresa laguntzaileak

Hauek dira Italiara joanen diren NUP Racing taldeko ikasleak:
Rafael Barrio Huarte (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua), taldeko buru eta Mekanikako Saileko arduradun gisa; Iker Urquijo Recalde (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua), Elektrika eta Elektronikako Saileko arduradun gisa; Andrea Moreira Padrao (Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua), Administrazio Saileko arduradun gisa; eta Juan Chuliá Barriocanal (Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra), Javier Iribarren López, Luis Mendivil Ayerbe (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Álvaro Zubiaur Urdanoz (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua) taldeko kideak.

Haiekin batera joanen dira José Sancho Rodríguez, Pedro María Villanueva Roldan eta Pedro María Gil Izco irakasleak. Motorra gidatuko duen pilotua Marcos Barrientos Andrés izanen da.

Lehiaketara eramanen duten moto prototipoa Motostudent desafiorako egin zuten Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroaren finantzaketarekin (CEIN). Horrez gain, NAITEC mugikortasunean eta mekatronikan espezializatutako Nafarroako zentro teknologikoak ere esponsorizatu zituen, eta motorraren egitura balioztatzeko saiakuntzak egiten lagundu zuen. Honako enpresa hauek ere lagundu diete NUPeko ikasleei: Talleres Atondoa eta Industrias Iname (mekanizazioan), Cenasa SL (soldaduran), Enpa engranajes SL (engranajeak tailatzen), Transformados Ruiz, SFK, Mupo, NG Brake Disc, MS Lehiaketa, Serigrafia Redín, Irigaray Burdindegia, Puro Racing, Natronic, SolidWorks eta ANSYS. Azkenik, IITIGMETen, NUPeko Industria 4.0 Katedraren eta Nafarroako Zirkuituaren laguntza ere izan dute taldekideek.

NUPeko taldearen emaitzak Motostudent desafioan

Motostudent desafioa MotorLand Aragón zirkuituan egin zen (Alcañizen). Berriki eman dituzte ezagutzera behin betiko emaitzak, erreklamazio aldiaren ondoren, eta 19. postuan gelditu da NUPeko taldea. Proba praktikoak eta idatzizkoak egin zituzten, eta azkeneko horietan proiektua deskribatu beharra zegoen. Banaka, 7. postuan gelditu ziren “berrikuntza hoberenaren kategorian”, 9. ean “diseinu hoberenaren kategorian” eta 11.ean “proiekturik hoberenaren kategorian”. Nabarmentzekoa da 2. postua lortu zutela “kontzeptuaren garapena” azpikategorian edo 3.ean “ginkana” ren lehenbiziko txandan.

Lehiaketan, 4 kontinentetako 17 herrialdetako 82 taldek hartu zuten parte, bi modalitate hauetan: Moto Student Petrol (errekuntzako motorra) edo Moto Student Electric. Azkeneko horretan aritu zen NUPeko taldea, 15 herrialdetako beste 46 talderekin batera.

Motostudent-en parte hartu zutenak probak egiten lasterketa egunean, Alex Ruiz Jiménez supermotard modalitateko Espainiako oraingo txapeldunarekin batera.