Zientzietako, Bioteknologiako eta Datuen Zientziako ikasleak dira, eta 40 herrialdetako parte-hartzaileekin lehiatuko dira
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek osatutako diziplina anitzeko talde batek Biologia Sintetikoko iGEM (International Genetically Engineered Machine) nazioarteko lehiaketaren hurrengo edizioan parte hartuko du. Azken fasea 2022an egingo da Parisen. Taldeak, gainera, unibertsitateko irakasleak eta 2019ko lehiaketan parte hartu zuten ikasleak ditu gainbegirale eta laguntzaile.
Biologia Sintetikoko katedrak babestu du lehiaketako parte-hartzea. Katedra hori NUPek sortu zuen, Elikagaien Segurtasuneko eta Teknologiako Zentro Nazionalarekin (CNTA) sinatutako hitzarmen baten bidez.
Txapelketa kudeatzen duen fundazioaren helburua biologia sintetikoa gizartearengana hurbiltzea da, baita teknologia berri horrek duen ahalmen guztia erakustea ere. Biologia sintetikoa diziplina enkargatu bat da, genetikarekin eta ingeniaritzarekin lotutako teknikak konbinatzen dituena naturan ez dauden funtzio berriak dituzten sistema biologikoak edo mikroorganismoak diseinatzeko.
Lehiaketak biologia sintetikoaren mugak gainditzeko aukera ematen du, munduak egunero gainditu behar dituen arazoak lantzen baititu. Diziplina anitzeko taldeak lankidetzan aritzen dira berezko diseinu programa bat diseinatu, sortu, probatu eta neurtzeko, pieza biologiko trukagarriak eta biologia molekularraren teknika estandarrak erabiliz.
Honako hauek osatzen dute NUPeko taldea: Irene Gil Lobo, Raquel Iriarte Cortés, Sergio Maraña Tolosa, Adriana Martínez Cifuentes, María Roldán Vergarachea, Aroa Roncal Pérez, Susana San Ildefonso García, Mario Santafé Méndez y Javier Zabalegui Bayonarene (Bioteknologiako ikasleak); Mikel García Amez eta Marta López Marsá (Datuen Zientzia) eta Aitor Ayape Rodríguez eta Juliana Cuervo Correa (Zientziak). Horiekin batera, Alex Pascual Cid, Laura Giménez Casado eta Pablo Allo Martínez (aurreko deialdian parte hartu zuten ikasleak); María Ancín Rípodas eta Sara Iglesias Rey (aurreko deialdiko gainbegiraleak); eta Ainhoa Zulet González, Esther González García, Rosa Murillo Pérez eta Carlos López Molina (NUPeko Biologia Sintetikoko katedrako irakasleak).
Taldeei ez zaie esleitzen gai bat, ezta erronka espezifikorik ere. Aitzitik, askatasun osoa ematen zaie biologia sintetikoa aplikatzeko konpondu nahi duten arazo batean, zeina arazo lokal batekin egingo baita lotuta. Beste zenbait alderdi ere hartzen dira kontuan, hala nola gaian adituak direnekiko harremanak edo dibulgazio jarduerak.
NUPeko taldea uda baino lehen osatu zen, eta egun proiektuaren definizioa du aztergai. Proiektua hori landuko du ikasturtean zehar eta hurrengo udan. Taldeak txanda hartu dio 2019ko deialdian parte hartu zuen NUPeko taldeari.
iGEM eta MIT
iGEM lehiaketak MITeko (Massachusetts Institute of Technology) ikastaro batean du sorburua, 2003an. Ikasleek gailu biologikoak garatu behar izan zituzten ikastaro horretan. 2004ko udan lehiaketa hasi zen, eta ordutik hona mundu osoko taldeak biltzera iritsi da hiru kategoriatan: bigarren hezkuntzako ikasleena, unibertsitateko ikasleena eta graduondoko ikasleena.
Ekimena 40 herrialde baino gehiagotara zabaldu da, eta hori dela-eta biologia sintetikoko mundu mailako lehiaketa handiena dela uste da. Komunitate ireki eta kooperatibo baten garapena sustatzen du lankidetzaren bidez, baita talde parte-hartzaileen arteko adiskidantzazko lehia ere.
You must be logged in to post a comment.