NUPEK ANTOLATUTAKO HITZALDI ZIKLO BATEK GIZADIAREN BIDAIA BEHINENAK EKARRIKO DITU GOGORA ZINEMAREN ETA LITERATURAREN BIDEZ

NUP bidaia handitan abiatuko da” izeneko zikloko hitzaldiak urriaren 13an, 20an eta 27an eta azaroaren 3an eta 10ean eginen dira, 19:00etan, Kondestablean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “NUP bidaia handitan abiatuko da” izeneko hitzaldi zikloa antolatu du, literaturaren eta zinemaren bidez historiako bidaiaririk bikainenak gogora ekartzeko. Doakoak izanen dira saioak, eta urriaren 13an, 20an eta 27an eta azaroaren 3an eta 10ean eginen dira, 19:00etatik aurrera, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Ez da sarrerarik behar, eta aretoa bete arte onartuko da jendea.

Unibertsitateko Liburutegiak antolatu du ekimena, eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren proiektu kulturalen azkeneko deialdian hautatu zuten. Bost aditu mintzatuko dira, eta “gertaera historikoetara, haien gertalekuetara, leku urrunetara eramanen gaituzte. Abentura horiek lagungarri izanen zaizkigu bizileku dugun mundu honi eta unibertsoari buruzko ikuspegi zabalagoa izateko”, dio ekimenaren programak. Hitzaldi zikloaz gainera, bidaia handiei buruzko liburuen bilduma bat prestatu du Liburutegiak. Lehenbiziko solairuan hartzen ahal dira, eta katalogo honetan daude kontsultatzeko moduan.

Hitzaldien eta hizlarien programa osoa

Urriaren 13an eginen da lehenbiziko hitzaldia, “Magallanes eta Elkano: anbizioaren ausardia” izenekoa, eta Juan Manuel Errea Argaiz merkataritza-nabigazioko pilotu eta Nafarroako Nautikako Eskolako zuzendariak emanen du. Urriaren 20an, Pitxi Eguillor Ulzurrun mendi garaietako gidaria “Pirinioen eta Himalaiaren artean” gaiaz arituko da. Urriaren 27an, Ignacio Oficialdegui López Acciona Energy enpresako Teknologia Eolikoko eta Fotovoltaikoko zuzendariak “Antartika esploratugabera espedizioa 2018-2019. Bizitza posible ez den tokian esploratzen” izeneko hitzaldia eginen du.

Azaroko mintzaldiak, berriz, honako hauek izanen dira: “Espazioari buruzko ametsa” izenekoa Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioaren zuzendariak emanen du hilaren 3an, eta, azkenekoa, “Lurraren bukaerarainoko bidaia (Finisterreraino): Santiago bidea Erdi Aroan” izenekoa, Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Erdi Aroko Historiako katedradunak hilaren 10ean.