LURRAMA 2021 ARBONAN !

Lurzaindia eta ELBk, eroslearen erretiratzea lortu eta, Arbonaren okupazioa urriaren 24ean amaituko dela jakinarazi dute.

Urriaren 24ak, okupazioaren 120garren eta azken eguna markatuko du.

120 egun espekulazioa eta laborantza lurren bereganatzearen kontra.

120 egun herritar, politikari eta elkarteek sustengatzen dutela.

120 egun jendea elkartzen dela eta trukatzen duela Iparraldeko lurren inguruan ezagutzen ditugun kezken inguruan ausnartzeko.

120 egun Lurramako arduradun eta laguntzaileek mobilizazioa laguntzen dugula eta ELB eta Lurzaindia sustengatzen dugula.

Borroka hortan eraman diren gogoetak dira, Miarritzen udazken guziz laborantza herrikoiaren saloinaren kari plazaratzen diren eztabaidak eta funtsezko galderak : amalurraren defenditzeko beharra, elikadura burujabetza, klimaren desafioeri aurre egiteko hurbileko laborantza elikatzaile baten mantentzea, tokiko politika iraunkor eta eraginkorren bultzatzea.

Urte berezia, formula ezohikoa

Egoeraren larritasuna, orain arte nehoiz ezagutu dugun okupazio azkarra eta nekez baztertzen dugun pandemia ikusirik, Lurramaren arduradunek manera berezi batez erantzutea erabaki dugu, eta mezu politiko azkarra zabaldu nahi dugu : ELB eta Lurzaindiaren borroka sustengatzen dugu eta adierazten diegu gure saloina Arbonara lekutuz.

Urriaren 24a bataila baten bukaera ospatzeko data garrantzitsua da, eta gure publikoa harat eraman nahi genuke. Bederen aurten, gure oinak lurraren gainean ezarriko ditugu, badu 15 urte defenditzen dugun lurra bera. Oinarrizkoari lotzeko parada.

Lurramaren banderola batean lurrari buruz irakur daiteke : behin saldua, betikotz galdua. Aurten, Arbonakoa ospatuko dugu, espekulazioaren errotaren petik salbatu duguna.

Gure usaiako laguntzaile, bisitatzaile eta partaide guziak gomitatzen ditugu, denek elgarrekin garaipena ospa dezagun !