HISTORIA

1997ko abenduaren 6an sortu zen Euskalgintzaren Kontseilua, Durangoko Azokaren magalean (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua zuen sorburuko izena). Bederatzi hilabete lehenago Euskararen Unibertsoa jardunaldia egin zen Donostian, 400 lagunekin. Euskalgintzako erakundeak batu, eta euskararen nomalizazioaren alde elkarrekin jarduteko premia geratu zen agerian, eta behar horri erantzuteko sortu zen Kontseilua.

Xabier Mendiguren Bereziartua idazkari nagusi izendatuta, Bai Euskarari kanpaina abiatu zuen. Euskararen aldeko gizarte konpromiso zabala lortzeko ekimena izan zen, eta irudi gogoangarriak utzi zituen: 1998ko abenduan 120.000 pertsona elkartu ziren Euskal Herriko bost estadioetan egindako kanpaina-amaierako ekitaldietan, ‘bai euskarari’ ozen aldarrikatuz. Aldez aurretik herriz herriko hamaika ekitaldi antolatu ziren, eta Bai Euskarari Akordioa sinatu zuten hainbat eragilek.

Dinamika ugari jarri ditu geroztik martxan Kontseiluak: Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoa, Bai Euskarari Ziurtagiria, Hizkuntz Eskubideen Behatokia…

2010. urtean idazkari nagusiaren aldaketa egin zen, Paul Bilbaok Bereziartuari lekukoa hartuta. Epealdi berri honetako mugarri nagusienetako bat 2016ko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan da. 30 hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten 100 eragile baino gehiagok sinatu zuten; Europan zein Euskal Herrian hizkuntza-politikari dagokionez inoiz lortu den adostasun zabalena.

Bide horretan jarraitzen du lanean egun Kontseiluak, gizarte-kohesioa eta hizkuntza-eskubideen bermea helburu.