ANTERAL NUPEN “SPIN-OFF” ENPRESARI BIKAINTASUNEKO VI. SARI KANTAURIARRETAKO I+GKO SARIA EMAN DIOTE

Itziar Maestrojuán Biurrun Anteraleko zuzendari exekutiboa saria eskuan duela, A Coruñan

Profesional, enpresa eta erakundeentzat izaten dira Sari Kantauriarrak

Bikaintasuneko VI. Sari Kantauriarren galan, Anteral Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “spin-off” enpresari eman diote I+Gko kategoriako saria. Izan ere, Galiziako, Kantabriako, Asturiasko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako profesional, enpresa eta erakundeen lana aintzatesten dute sari horiek. Itziar Maestrojuán Biurrun Anteraleko zuzendari exekutiboak jaso zuen saria, Coruñan.

Jakintza trukatzeko gunea da sariketa, eta profesional, enpresa eta erakunde nabarmenak elkartzen ditu networking proaktiboan jardun daitezen. 2021eko edizioan, hogei sari eman dizkiete zenbait arlotako profesional eta entitate bikainei irailaren 10ean Coruñan egindako ekitaldian.

Anteral 2010ean sortu zuen NUPeko Antenen Taldeak, eta Unibertsitatearen eta enpresaren arteko jakintzaren transferentziaren adibide ezin hobea da. Sortu zenetik, ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egin du. Bi negozio ildo ditu. Lehenbizikoa sektore aeroespazialerako, telekomunikazioetarako, segurtasunerako, defentsarako eta abarretarako prestazio handiko antenen eta pasiboen garapenean oinarritzen da. Enpresak garatutako produktu batzuk 12 satelite baino gehiagotan aplikatu dira, eta sektoreko enpresa eta erakunde liderrekin egiten du lan: Airbus, Thales Alenia, Indra, ESA, JPL-Nasa, etab.

Bigarren negozio ildoa radar teknologiaren garapena da, eta haren erabilera hiri adimendunetan, industrian, hezkuntzan, osasunean eta bestelako sektoreetan sustatzea eta unibertsalizatzea du helburu.