Ez da hagitz arrunta izan, gure artean eta XX. mendearen bukaera heldu arte, bederen, euskaldunok munduan zehar hamaika herrialde bisitatzea denbora laburrean. Dena den, arrantzale edota marinel izan ez diren salbuespenak ere badira, Jean Pierre Armand izeneko David Halsouet gizon aipagarriaren gisa.
Lapurdi herrialdeko barnealdeko Ezpeleta herrian jaio zen, hain zuzen ere Itsasu, Larresoro, Lapurdiko hiriburu zaharra zen Uztaritz handia, Zuraide, Ainhoa eta Nafarroa Garaiko muga artean (Baztan harana, Urdazubi). Erran nahi baita ekialdean, guztiz euskalduna zen eta lapurteraz bizi zen inguruan sortu zela.
1826an izan zen, hots, 1789ko gertakari latzek eskualdean eraginiko zauriak (milaka hildako, ohiko ekonomiaren hondamena) oraindik sendatzeke zirelarik. Ildo beretik, Europa kiskali zuen Napoleon enperadorearen gerra ikaragarriaren emaitza ere agerian zen, eta tikitan mugetako gaulana nahiz Hego Euskal Herritik harantz abiaturiko karlista bolondresen gorabeherak ere ezagutzekotz parada izan zuen.
Edonola ere, eta hasieran erran bezala, Jean Pierre Armand gaztearen patuak bertze norabide zuen idatzirik, urrutiko zibilizazioei lotua. Ondoko Larresoro herrian eskolatu, Baionan eta Parisen ikasketak biribildu eta XIX. mendearen erdi aldean nolabaiteko muga ezartzen ahal dugu, orduantxe apeztu baitzen.
Baina Frantziako hiriburu korapilatsuan (1848 iraultzailea) zen Parisen sustraitu beharrean, “risorgimento” delakoaren giroan diplomazia zein borroka armatuaren bidez batzen ari zen Italiarat jo zuen, eta bertan urte luzez natur zientziak mamituz aritu zen buru belarri, betebehar horretan hamar urte ere eman zuela idatzi baita.
Hondarrean, 1861. urtean, Txinarat abiatu zen, bere zientzia ezagupena sakondu asmoz. Bortz urte beranduago bidaia errepikatu zuen, antza denez erraldoi haren kartografia lanak ere burutzekotz. Hirugarren bidaia, berriz, zapuztu zen, ezpeletarraren osasuna ahulezia larriak jota ei zegoelakotz. Hortaz, Europarat itzuli zen.
Europan aurrekoak baino hagitzez ere lasaiagoa izan zen laurogei hamarkadan, halere, eta jadanik gaztea ez zenean, Afrika nahiz Asia xedea izan zituen. Horren adibide zehatzak Tunisiarat (1881) eta Turkiarat (1883) eginiko bidaiak dira. Ondoren ez zuen izen handiko bertze bidaiarik eginen. Parisen hil zen, 1900. urtean.
Bidaia hauen ondorioz zenbait lan garrantzitsu argitarat eman bazuen ere, gutitan azpimarratu da euskaldun honen kemena, bere garaiko adituen arteko mahainguruetan erakusten bide zuena, munduaren gaineko ikuspegi zabalari lotuta zegoena. Nagusiki Ipar Euskal Herriko eta frantses liburutegietan diren artikulu eta liburu batzuk, behinik behin, XXI. menderat heldu dira, gure eskuetarat, alegia.