Bi kategoria zeuden, fisioterapiakoa eta erizaintzakoa, eta prestakuntzaldian izandako bizipenak eman behar zituzten aditzera parte-hartzaileek
Beatriz García Lozano Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Fisioterapiako graduatuak irabazi du “Erizaintzako eta Fisioterapiako ikasle gisa izandako bizipenak” izeneko lehiaketaren III. edizioa. SATSE Erizainen Sindikatuak antolatzen du lehiaketa Espainia osorako, eta bi kategoria ditu: erizaintzakoa eta fisioterapiakoa.
Parte-hartzaileek, hau da, bi arlo horietako ikasle eta egresatuek, kontakizun baten bidez azaldu behar zuten haien ustez nolakoa izanen zen lanbidea etorkizunean, beren prestakuntzaldian izandako bizipenetan oinarrituta. Beatriz Garcíak “FisioEsterapia” izeneko kontakizuna aurkeztu zuen. Sari gisa tableta elektroniko bat eta azterketa ofizialen bilduma bat jaso ditu. “Lanbide polit hau zeinen garrantzitsua den transmititu nahi izan du, eta merezi duen bezala baloratu behar dela. Horretarako, garrantzitsua da lanbide honetako espezialitateak ikusaraztea eta haien balioa aitortzea, fisioterapeutek aspalditik eskatzen duten bezala. Aberasgarria izan da niretzat hain profesional onak izatea nire prestakuntza akademikoan. Berriz aukeratu beharko banu, bide bera aukeratuko nuke zalantzarik gabe.”, esan du Beatriz Garcíak. NUPen ,Tuterako campusean irakasten da Fisioterapiako Gradua.
Ziurgabetasuna eta itxaropena pandemia garaian
Beatriz Garcíak (Calatayud, 1995) bere kontakizunean kontatu du masajeak baino gehiago dela fisioterapia: ariketa terapeutikoa, gorputz-jarreren berreziketa eta entrenamendu aktiboa proposatzen ditu egoera fisikoa hobetzeko eta mina agertzea edo berriz agertzea eragozteko: “Fisioterapia ez da magia, etenik gabeko lan bat da, eta pazientea eta fisioterapeuta talde-lanean ari direnean izaten ditu emaitzak”, esan du saridunak.
Kontakizunean, azken urtean izandako bizipenak deskribatu ditu: batetik, ziurgabetasuna eta beldurra, eta, bestetik, itxaropena eta indarra. Gaineratu du, pandemia garaian agerian gelditu dela zenbateko garrantzia duen ospitaleetako fisioterapiak eta, ariketei eta mugimenduari esker, askok lortu dutela onik ateratzea. Azkenik, Beatriz Garcíak ibilbide profesionalean etengabe prestatu behar dela esan du, eta ez dela sekula galdu behar ikasteko ilusioa.