BATERAGARRITASUNAREN UZTARRIPEAN

Sub iugum mittere

Begi-niniek iluntasunera nola, hala moldatu behar omen dute haurtxoek haurtzaindegi zein eskolara hasiberritan. Eta ondo iruditzen zait, larunbateko parrandaren ondoren, sofan egoteko igande errukiorra bezala. Abuztuko (eta hainbatetan ekain erdia eta uztail luzeko) oporraldiaren ostean, biharamun-igandeen baliokide den iraila dator. Aldapatsua, diotenez, eta ez ekonomikoki bakarrik, baita zentzurik zabalenean aje itxurako buruko min ugari ematen dituelako ere.

Amazoneko enpresa logistika baino bikainagoa da, askotan, etxe bakoitzean egin behar izaten den guzti-guztiaren kudeaketa. Orain ulertzen dut txikitako Tetris jokoaren egiazko funtsa: entrenamendua zen, forma anitzeko piezak nola kokatu bata bestearen gainean edo ondoan, guztiak kabitu zitezen: umeak, aiton-amonak, gurasoak, etxea, arropak, lana, erosketak, dirua, denak pantaila txiki berean; botoiei eman eta eman, izerditan. Game over askotan.

Benetako bizitzan, ordea, ez dago partida bukatu eta berriz hasteko aukerarik, bizitza bakarra dago jokoan. Ez daukagu katu-bizitzaren barkaziorik. Gaizki eginez gero, kexatzeko imintziorik eginez gero, esamesen itu bilakatzeko aukera larregi. Nola kexatu lana, osasuna eta familia edukita! Ez okurritu, gero! Ez dago ondo ikusita. Beraz, arrangurak irentsi eta saldu diguten bizimodu paregabeari zure indar guztiak zorretan emateagatik erabat zoriontsu bizi zaren plantak egin.

Behin iraila pasata, umeak jada eskolara egokituta, gurasoek atseden itxuran igaroko dituzte euren soldatapeko lan orduak, zortzi izan edo lau, aita zein ama.

Aurrekoan, kasu, malabarista bati so egon nintzen kalean, euria ari zuenik ohartu ere egin gabe. Adia zeharo galduta egon nintzen denboratxoan. Aho zabalik begietsi nituen esku batetik bestera gora jaurti eta jasotzen zituen koloretako pilotak. “A ze abilidadea!”, pentsatu nuen neure artean. Bolatxo bakoitza familia-osagai gisa irudikatu nuen: otartekoak, fakturak, mantenua, garbiketa, emozioak, sozializazioa… Eta denak jasotzen zituen, beti, bat bera ere erori gabe.

Seme edo alabarik ba ote zuen galdetzeko zorian egon nintzen. Bera han zegoen bitartean, haiek non eta norekin zeuden galdetzeko gogo bizia izan nuen, ea gurasorik ba ote zuen umeez arduratzeko, berak bere lana egitea ahalbideratuko luketenak. Lotsak jota, ordea, alde egin nuen. Agian, beste lanen bat egingo du eta sos batzuk ateratzeko gehigarri gisa egiten du kalekoa. Edo agian ez. Beharbada hori da haren benetako bokazioa, eta bestea, bizitzeko giltza.

Kalean gora amona ugari ume-kotxeari tiraka. Parkean aitona asko zabuari bultzaka. Aiton-amonak dendatik ateratzen, lurrerainoko haur-oihal garestiak ia arrastaka. Aiton-amonak tabernetako terrazetan haurtxoari biberoia ematen. Eta pozik, gehienak bederen, bizia ematen omen dielako, lanik gabeko urte hutsalei bizitzeko xedea eskaintzen dielako, oraindik baliozkoak direla sinestarazten dielako.

Hori da, beraz, familia eta lana bateragarri egitea. Familia hitza bere osotasunean ulertu behar da, baita zaintza lanetarako noizbehinkako neska ere, kontratupean egon ala ez. Egokitzapen garaian haurtzaindegira jo besterik ez dago, bateragarritasuna zer den jakiteko. Umeen negarrak atzeratu asmoz, gela barruan egon ohi den ikuslegoa da familia eta lana zeinen bateragarri diren erakusten duen adierazgarririk egokiena: aldi baterako lana utzi ahal izan duen ama (edo aita?), ordutegi xelebre baten truke lanaldia murriztu duen ama (edo aita?), oporraldiko egunak haurraren egokitzapenean gela barruan sartuta egoteko erabili dituen gurasoa, amona asko, eta tarteka aitonen bat edo beste.

Europako iparraldeko eskoletan zoragarri funtzionatzen omen du sistema horrek. Gurean ere bai, aizu! Beste erremediorik ezean, nola edo hala, begiratu batean uztargarria ez dirudien hori, balizko bateragarri bilakatzeko ahalmena daukagulako. Biziraupen-gaitasuna deituko nioke nik.