HIRUROGEI IKASLEK PARTE HARTZEN DUTE IKASTURTE HONETAN NUPEKO LITERATURAKO ETA ZUZENBIDEKO LYDER PROGRAMAN

José F. Alenza García Zuzenbide Administratiboko katedraduna eta 2021-2022 ikasturtean Lyder Programan sartu diren ikasleak

Bi arlo horiek uztartzen dituzten irakurgaien plan bat du ezarria prestakuntza-programak, eta zenbait mintegitan lantzen dituzte gero

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 60 ikasle LyDer Programan (Literatura eta Zuzenbidea) parte hartzen ari dira ikasturte honetan. Ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, bai eta lau ikasmailetan banatuta dauden irakurgaien plan bat ere (aipatutako 60 ikasleetatik, 26 sartu berriak dira programan ikasturte honetan). Irakurgaiak mintegietan eztabaidatzen dituzte, eta ikasleen hezkuntza integrala bultzatu nahi da, giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez.

LyDer programa 2010ean jarri zen abian, eta “gozaraziz irakasteko” asmoarekin sortu zen, José F. Alenza García programaren arduradun eta Zuzenbide Administratiboko katedradunaren esanean. Jarduera honek “helburu bat baino gehiago du, baina denak elkarren osagarri dira; laburbilduz, prestakuntza jaso baterako bidea ematea, ikasleari gaitasuna eman diezaion errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko. “Zuzenbidea produktu kultural bat denez eta gizarte jakin batean sortu eta aplikatzen denez, legelariek jakin behar dute zer-nolako oinarriak dituen lan egiten duten sistema kulturalak eta sozialak”, gaineratu zuen.

Hala, irakurgai plan bat prestatu zen, eta gero mintegietan eztabaidatzen dituzte irakurgaiak. Mintegiak graduko ikasketen erritmoaren arabera antolatzen dira: mintegi bat egiten da seihileko bakoitzaren amaieran, eta beste bat ikasturte hasieran, udan irakurri diren irakurgaiekin. Horretaz gainera, mintegi bereziak ere antolatzen dira.

Balio literarioa duten hogeita hamar bat lan eta idazle gailen batzuk

Eduki juridikoa baino gehiago balio literarioa hartu da kontuan irakurgaiak hautatzeko. Irakurgai planak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendekoak (Calderón de la Barca, Lope de Vega), XIX. mendekoak (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente), XX. mendekoak (Camus, Kafka, Golding, Orwell, Chesterton) edota idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada, Cristina López Barrio…).

Irakurgaiez aparte, Espainiako literaturaren esparruko idazle batzuk ere gonbidatu dira, zuzenbidearekin nolabaiteko lotura dutenak, beren esperientziaren berri eman diezaieten ikasleei; besteak beste, Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada, Almudena de Arteaga, Jesús Sánchez Adalid, Cristina López Barrio eta Manuel Loureiro.

Mintegiko une bat, Arrosadiko campusean (Iruñea).