Pilar zendu egin zen. Zaharra izanik ere osasun egoera onean zegoen Nabatzeko alaba. Emakume xaloa izan zen beti, gorabeherarik gabeko aldarteduna, hizkera xume eta garbikoa, elkarrizketa zalea eta liskarrak gorrotatzen zituena. Bizimodu ona izan zuen ia bukaera arte. Hil baino bi hilabete lehenago, aldiz, burua lainotzen hasi zitzaion. Aise okertzen zen, hutsik huts zebilen baita eguneroko ohituretan ere, nehoiz ez bezala. Gauean Mintxok, haren ilobak, etxeko atea gakotzen zuen; bertzenaz, karrikarat ateratzeko arriskua bazegoen, bitan egin zuen bezala. Suhiltzailea izanik ordutegiak uzten ziontxoa baliatzen zuen izeba ikusterat eta, ahalaz, zaintzerat joateko.
Nirekiko harremana, aldiz, beti atsegina izan zitzaidan, badakit bitxi gerta dakiokeela jendeari gu bion arteko harremana; baina egon, bazegoen eta hagitz ona. Astean bitan baino ez ninduen behar, atsoño xahar bat baizik bizi ez den etxean zer espero zitekeen, bada?
Nagusia hura zela beti jakin nuen, baita hark ere. Mailaketa beti garbi egon zen, txoil. Egin beharrekoak bitan agintzen zizkidan, astearteetan eta larunbatetan. Gainerako egunetan aske nintzen. Edonork sinatuko zituzkeen lan baldintzak. Erran daiteke harekin bizi izandako urteak biziki onak izan zirela, alor guztietan.
Pilarrekikoak bukaturik bertze etxe bat bilatu zidaten. Gaztea nintzen oraino, nagusi zendu berriarendako hamar urtez lan egin nuen arren, lan guti egindakoa nintzen ororen ustez. Etxe berria Iruñetik hamabortz kilometro urrundua zen. Gogoan daukat harat eraman ninduten eguna, hotz egonagatik zohar zen. Arrotxapeatik Berriozarrerat joan ginen, zorabiatu eta bitan ok egitear egon nintzen biribilgune madarikatuengatik. Gibeleko aldean hiru gindoazen, ongi dago lagunduta joatea, gustura nindoan ni bezalako bertze birekin. Semaforoek luze bezain jasangaitz bihurtu dute Berriozar edo, zehazkigo erranik, haren etorbide nagusia. Hasi eta gelditu. Abiatu eta balaztatu. Semaforo bakoitzean haste bakoitzak mina sortzen zidan gure kokalekua, batere babesik ez zuena, kolpatzen bainuen bizkarraz. Balaztatze bakoitzak, aldiz, goragalea handitzen zidan. Bizpahirutan baizik suertatu ez balira kontuoz barre eginen genukeen gibeleko bidaideok, baina nazkaturik geunden. Zorionez denak du bukaera eta hiribide hau burdinbidea iragaitearekin baterat bukatu zen.
Bidaideei so nago. Nehork ez du fitsik ere erran, biribilgunerik biribilgune ibili beharrak isilik eta erne egoterat behartzen gaitu, ok eginen ez badugu. Gidariak eskuinerat egin du. Jolas Toki bolatokia ikusi dut eta bi jatetxe. Horietako batean nire lehengusu bat dago, otsein hura ere. Lan zinez gogorra egiten omen du, aspaldian jakin nuenez (bion osasunaz arduratzen denari esker), egunero lan gaitza burutu behar du dozenaka bazkaltiar zerbitzen dituen jantokiak itxura ona eduki dezan. Duela hamar urte ikusi genuen elkar hondarrekoz, ni Pilarrenganat eta hura jatetxerat bereizi gintuztelarik.
Bi trango gainditu ditugu, segurtasun uhalari eskerrak; bertzenaz, lurrean bukatuko ginatekeen. Gidariak lasterregi garamatza, laster utzi nahiko bagintu bezala. Bigarren jauzi deskontrolatuaren ondoren ibilgailua da gelditu. Nire ondoan zegoenaren bila etorri dira, zorte ona eduki du nagusi berriek irribarrez eta aurpegi onez eraman dutelako. Ea niri ere halaxe suertatzen zaidan. Egia erran hagitz jabe ona izan nuen, Pilarrek beti ongi artatu ninduen. Gaixoa, hondar egunetan ez zen nik ezagutu nuena.
Bide tarte luzexka egin ondoren Ollakarizketarat iritsi gara. Herri honen izena usu aipatzen zuen Pilar zenak, ahaideak omen zituen errepideaz haraindiko auzoan. Hemen bigarren geldialdia egin dugu. Hasierako hirukoteko bigarrenaren xerka gizon lodi bat etorri da. Hagitz era txarrean jaitsarazi du ibilgailutik. Orain arteko bidaideak min hartu du lurraren kontra erori denean, nagusi berriak aditu ez badu ere, ni argi ohartu naiz haren auhenaz. Ez da nabaria izan, beharrik!, kontu gaizki ikusia da lan hasi berritan itxura txarra ematea. Hobe isiltzea. Penaz hondar soa egin dit etxe berrirat, bere paturat, joan aitzin. Sufrikarioa onartzen dutenen aldarte etsiaz abiatu da beharbada, nork jakin, azken helmuga izanen denerat.
Gidariak ateak itxi eta beribila pizturik, aitzina jo du, hondar bidaiaria uzterat. Laster aparkaleku handia duen jatetxe baterat iritsi gara, handik eskuinerat egin du. Bidegurutzeko txartelean ezagun zaidan izena ikusi dut: Nabatz. Pilarren herria. Ondoan Beltzuntze izena baita hirugarren bat, nire lantoki berriarena, Usi.
Jende andana polita dago jatetxearen aparkalekuan. Jendea alaitsu dago, solasean, batzuek puroaren hondar zupadak dastatzen dihardute. Bertze batzuk, emakumezkoak batez ere, haurrak errepidetik urruntzen saiatzen ari dira. Halako orrits-jai berezia dagoela ematen du, ezkontza-edo. Gidariak, aldiz, ez dauka bestarako gogorik. Ziztu bizian narama Usiri buruz. Bidearen ezkerrean frontoi txiki bat dakusat, bitxia haren barruan traktor bat dagoelako, asmaturiko modalitate berrian jokatzekoa ote? Geroago halako burdin bihurriez osaturiko eraikuntza berezia. Pilarri esker jakin nuenez ez da arte garaikidearen lana, haize-erauntsi latz batek airean eraman zuen lehendik zegoen berotegiaren hondar itxura baizik. Egun ekaiztsu hartan herriko teilatu askorenak ere egin zuen. Eskuineko aldean badago bidegurutze bat, Nabatz herrirat joatekoa. Hangoxea zen gure Pilar. Beti aipatzen zidan zerbait herriari buruz: hango etxeak, ondoko mendiak, aspaldiko garbileku berezia. Histura sortzen dit Pilar berriz ikusiko ez dudala jakiteak. Goirik bada, bego hartantxe, garbilekutik pasatu gabe.
Aitzina segitu dugu, Beltzuntze herria gainditurik aldapan gora abiatu gara. Jatetxe baten ondoko etxean suhiltzaileak daude pinu erori berriaren adarrak-eta mozten bidea oztoporik gabe uzteko. Txakur batek zaunk egin digu. Gogoan daukat Pilarrenaren ondoko etxekoek zuten txakurra. Zuri-zuria zen; ilea gabe, artilea zeukala zirudien. Pilarrenerat sartzen zenean, ni lanean ikusteko ohitura zeukan, garbitzeko egiten nituen mugimenduak errepikatzen zituen bere buru txiki bezain txoro horrekin. Txakur hau—pentsatzen ohi nuen neronen artean—txoratu eginen da nire ihakina egiteagatik. Aspaldiko oroitzek histen naute, Pilar berriz ikusiko ez dudala gogoratzeak bezainbat. Pilar gaixoa.
Mendateñoko bukaerarat iritsi gara. Aldapako hondar metroetan hasi dira etxe batzuk. Lehena arras txikia da, nekez bizi liteke hemen familia bat. Ondoan duena, aldiz, handi-handia da. Etxearen aitzinean, kontu bitxia, atari-txakurra barik, atari-ardia dute. Bai horixe. Ardia dute ateari loturik halako sola luze-luze batez. Batek daki nola iritsi den ardi hori egoera horretarat, banago ez ote den izan kaletarren batek edukitako halako xelebrekeria baten ondorioz, ardi bat etxeko atarian (!?).
Aitzinerat segitu du ibilgailuak. Ezkerreko aldean edukiontziak ikusi ditut. Geroago izugarri baratze eder bat, ohiko tipula, uraza, porru eta azez gain, bi gereziondo lerden ere badaude. Eta loreak, lore koloretsuak. Artista baten lanak, doike, Pilar zenak ere bazituen halako lili ederrak. Ondoko etxeko maizterrak egiten zizkion loreen lanak, behin haren ilobari azaldu ziona ongi ulertu banuen.
Baratze ederraren eskuinean, errepideaz haraindi, bi etxe daude. Bien arteko erdi plazatxoari begira daude haien aurrealdeak. Bidearen ezkerrean bertze bi etxe daude, lehenaren parean halako ibilgailu erraldoi bat dago. Pilarri aditu nionez, ilobari arratsaldero azaltzen zizkion kontuetan, eskualde horretan halako makina handiek izugarri erraztu zituzten lehengo lan ezinago neketsuak. Litekeena da ikusi berri dudana halako makinetako bat izatea, laborariak uzta biltzen laguntzeko. Gurpildun erraldoi honen ondoan daudenak solasean ari dira. Aitzintxeago dagoen etxearen azpiko aldea nekez ikusten da aurrean pinu handi bat duelako. Handik hurbil etxe multzo batek sorturiko plaza dago, beribilez eta katuz beterik.
Gidariak, aldiz, bertze bidetik eraman nau. Plaza baino lehen ezkerrerat egiten duenetik. Maldan beheiti abiatu gara bi bidek bat egiten duten tokiraino. Ezkerretik heldu dena latsategiraino, garbilekuraino iristen da. Gu eskuinerat joan gara, aldapan gora oraingoan. Bi etxe daude bidearen alde bakoitzean. Ezkerrekoak hagitz zuhaitz lerdenak ditu eta txoil belardi ongi zaindua. Eskuinekoaz ezin gauza bera erran. Sarreran txirrindulak, pilotak, jolasteko sokak eta haurrak daudela iradokitzen duen jostailu zenbait. Gorago bertze bi etxe daude, bidearen alde bakoitzean. Eskuinekorat joan nahi izan du gidariak, baina beribila gelditu egin da. Halako madarikazioa bota du eta ibilgailua berriz du piztu. Arras oker dagoen kale-argiaren ondoan aparkatu du.
Eskuineko etxetik gizon lodikote bat agertu da eskuez igurikitzeko adieraziz. Berriz etxe barnerat sartu eta garajeko ate altxagarria ireki du. Gero nire bila etorri da. Pozik dagoela ematen du. Garajean sartu naizelarik oso irudi bitxia ikusi dut. Ni bezalako bertze bat dago, lan eta lan. Nola da posible bertze bat egotea? Badakit Pilarren etxea berezia zela, emakume bakar bat bizi zen eta, jakina, lan guti eragiten zidan. Baina hemen zer nolako egoera dago ni bezalako bi egoteko.
Nire lanpostua erakutsi didate, Kidearen aldamentxoan. Hari so nago. Haren jarduerari. Bokata garbia ematen du, itxura onekoa, Pilarrenenen antzekoa. Etxe onerat ekarri naute, bigarrenez, hau poza!
Lehen egunak aise joan ziren, kidea ez zen oso hizketa zalea, baina haren lana ikusita pozik nengoen eta aiherrak ikusteko zein izanen zen nirea. Egun batean nagusia garajerat sartu zen, gureganat. Eskuan plastikozko poltsa bat zekarren. Goiko aldeko korapiloa askatu eta kirats okaztagarria zerion lohihartzeko zikin bat atera zuen. Kidea begiratu nuen eta haren keinuak argi utzi zidan zein izanen zen nire betebeharra etxe hartan. Lanetan ziren zikinenak nire esku. Izugarri kostatu zitzaidan lan-jantzi (zikin-jantzi) hari itxura ona ematea. Sekula ez bezala egin behar izan nuen lan. Pilarrenean emandako urteetan baino aisa neketsuago suertatu zitzaidan lehen lan hura. Koipea, olioa, zikinkeria ikuzteko izugarrizko ahaleginak egin behar izan nituen. Bukatu nuelarik halako usain gaitza geratu zitzaidan erantsita, burmuinean iltzaturik. Pilarri behin entzun uste izan nion hitza etorri zitzaidan bururat: ufestua. Horixe nintzen, ufestua, kirasduna, higuingarria, okaztagarria. Gaizki pasatu nuen hurrengo egunetan. Egia da ondoan nuen gazteak eguneroko lana zuela, baina harena nirearekin alderaturik pagotxa zen (kauke, Pilar maitearen hitzetan). Kide gazteak, gure arteko harremana ontzat emanik, behin bere kezka nagusia azaldu zidan, beldur naun hi jubilatzen hautenean ez ote didaten hire lana eraginen, jakina, nik orain egiten dudana egiteko gazteago bat ekarriko dutelarik. Ez dakit zein izan zen haren asmoa hori erran zidanean, baina arras urduri utzi ninduen hi jubilatzen hautenean horrek.
Urte gogorrak izan ziren etxe hartan emandakoak. Egia da lana soilik astean behin egiten nuela, baina zinez merezia zen ematen zidaten atseden astea. Han hartu nuen kiratsa ez dut egundaino nire baitarik urrunduko. Betiko geratuko da eni itsatsirik. Gogoan dut udan hilabete osoko oporraldia nuela eta, jakina, txoil gogorra suertatzen zitzaidala lanean berriz hasi beharra. Zahartuz joan nintzen, etxe berrian emandako urte bakoitzak Pilarrenean emandako hamarrek bezainbat zahartu ninduen. Nagusi zaharrarekin izandako solasaldiaren antzekorik ez nuen nehoiz izan herri, halarik ere, zoragarri hartan. Lankidea aisa kezkatuago zegoen bere egoeraz ondokoarenaz baino. Ene osasuna huts egiten hasi zen. Gero eta neketsuago zitzaidan bokata gogor haiek burutzea, munduko latsari arraiena nintzen hau hits eta ilun bilakatu zen, ia garbitzen nuen jantzi mordoa bezain ilun. Pilarrenean dena xahu-xahu uzten zuena xahu zen orain, Gero ilunak erranen zionaren beldur.
Denbora tarte luze bezain latza eman nuen zeregin haietan. Kide batzuei entzundako jopua hitzaren erranahia ederki ulertu nuen. Neholaz ere ulertu ez nuena nire kideari gertatua izan zen. Ni baino gazteago zen. Usirat iritsi nintzenean bi urte baizik ez zituen emanak etxe hartan eta, nirearekin alderatuta, haren lana aisa eramangarriago zen. Ez zuen, aldiz, gehiegi iraun lanean. Egun batean, nagusiarengandik sekulakoak eta bi aditu ondoren, garajetik hagitz era txarrean eramana izan zen. Herrirat eraman ninduen gidari bera etorri zen haren eske eta, geroago, kide berri bat ekartzerat. Ondoko lanpostua eman zioten, joan berriarena. Ni zaharrago bainintzen, lan txarra berriari emanen zioten uste izan nuen. Uste okerra, ordea. Aurpegian irri ezinago atsegina lagun, egin beharreko lana azaldu zioten nirekiko begirunea atariko haizearen parean utziz.
Joan arteko urteetan gaizki moldatu nintzen kide berriarekin. Nire samindurak batetik (niretzat beharko zukeen postu hark) eta haren harropuzkeria gazteak bertzetik, ederki karmindu zuten harremana. Egoera ez zen zuzena, postu hori niri eman beharko zidaketen, neuri, ez hari; nori berea Ezkurrako legea, herri hartan, aldiz, pribilegiatuen legea nagusi.
Osasuna, lehen aipatu ere dut, ahulduz joan zitzaidan. Bitan izan nuen espezialistaren bisita etxean. Gaizki ikusi ninduen, baina, halarik ere, ahal izan zuena egin zuen nire oinaze-bidea ematzeko. Beti eskertuko diot izandako artatzea. Ezin egin izan zuen gehiago, badakit, baina hagitz era eztian burutu zuen bere lana, horixe eskertzekoa. Karreran ederki irakatsiko zioten zer egin behar den hain egoera zailean daudenekin.
Gero eta makurragorat joan nintzen. Lana benetako kalbario bihurtu zen enetzat; Bizkaira joan barik, elorrio ikusi nuen. Hondar zuri-garbiak era negargarrian egin nituen, orbanak ezin kenduz neukan indar guztia erabilirik ere, egundaino ohitu ez nintzen kiratsek izugarrizko ezontsa sortzen zidaten… latza, oso latza izan zen.
Nagusia gero eta haserreago zegoen nirekin eta, jakina, eguna zen iritsi. Lanean oker eta ez-artez ari nintzelarik, nagusiak garajeko atea ireki zuen eta gizon mehar bat sartu zen bi garbitzaileonganaino. Biak ala biak begiratu gintuen eta, nagusiak agindu zionean, ibilgailurat eraman ninduen. Hantxe geratu zen kide gazte lehorra. Agurrik ere ez zidan egin. Sasikumea! Ibilgailuan, etorriko bidaian bezalaxe, gibelean jarri behar izan nuen. Gidariak behin eta berriz so eta irri egiten zidan. Nagusiak zerbait erran zion eta hondar hogei urtean nire etxea izandakoa utzi nuen.
Akatzeko, akatzeko… hi ez hago akatzeko, ez horixe! Leku egokirat eramanen haut, han hi bezalako anitz joan ditun, osasun egoera larrian eta ederki sendatu ditizten. Ikusiko dun, lasai egon.
Halakoa bota zidan ezagutu berriak. Bidaia arin joan zitzaidan, sendatuko nindutela aditzeak poz berezia eman zidan. Gidari honek ederki zaintzen zian ibilgailua eta bidean zerbait txar zegoenean biziki arduratzen zen oztopoaren ondorioak xumetzen. Nire bizkar izorratuak joera eskertu zion, zinez.
Bide nagusian Berriozari buruz abiatu gara, dagoeneko biribilgune bat iragan dugu, ene bada, biribilguneak, hau nazka! Bigarrena laster heldu da, baina oraingo honetan aitzinerat segitu beharrean, hirugarren aterabidetik jalgi gara. Sugai hornitegiaren ondotik irten gara. Bidea ez dago oso ongi asfaltaturik, horixe egia, baina gidari honen enantzuak ez du uzten nire gorputz ahuldua kolperik jasaterat. Ziplo lantegi handi baten sarreran gaude, kamioirik asko dago. Denak galtza bete lan. Mugimendu gaitza dago. Gidaria, ni lasaitu nahiz, emeki mintzatu zait
-Hemen ederki artatuko haute, hi baino okerragoak ere bizkortu ditizten. Lasai, hauek hagitz trebeak ditun, Emausko Trapuketariak, halako medikuntza berezian katedradunak ditun.
Kamio gehienek alde egin dutenean atarian aparkatu du nire eramaileak. Lantegiaren barnetik lau lohihartzekodun atera dira, denak bizi-bizi eta irribarretsu.
-Aupa, Txabi, zer moduz? Zer dakark gaur?—lohihartzekodunetako batek
-Hemen duzue harribitxi hau, ea zer egin dezakezuen—gidariak.
Ni egoeraz ohartzen hasi orduko lurrean nago, langilez inguraturik, denak eni so dauzkat.
-Ene—langiletako batek—hau bezalakoak hagitz onak izan dituk, lan anitz eta matxura guti.
-Honi, berriz, lan gaiztoa egokituko zitzaioan, begira nola daukan barnealdea—bertze lankide batek.
-Hau bezalakoak, gainera, hagitz erosoak zituan, zama, arropa alegia, gainetik sartzen baitzitzaien erabiltzailearen gerriaren onerako—hirugarrenak.
-Izena ere egokia dik, Otsein, lan egiteko sortua. Ea barneko guztia garbi diezaiokegun, oraino maindire eta praka anitz ikuzi behar ditik honek—azken iritsitakoak.
Barnerat sartu naute, lantegia zinez handia da. Ni bezalako anitz dago, aspaldiko ezagunak ikusi ditut, Bergarako lantegitik atera nintzenez geroztik ikusi gabe nituenak. Lasaitu egin naiz, Geroak nahi duen guztia erran dezake.