Definizioa
Odoleko kolesterola, maila normalen gainetik igotzearen ondoriozko asaldurak. Kolesterol-maila altuak arazo koronarioekin lotzen dira. Faktore hereditario eta dietetikoek eragiten dute igoera, baita jarduera fisikoarekin loturiko beste zenbait faktorek ere.
Nahasmendu horiek saihesteko, garrantzitsua da lehen tratamendu-mailan arreta jartzea; hau da, ohitura dietetiko osasuntsuak, pisuaren kontrola eta jarduera fisiko moderatua erregulartasunez egitea.
Sintomen identifikazioa
200 mg/dl inguruko kolesterol-balioak.
Xantomak (koipe-metaketak azalaren azpitik).
Medikuagana bideratzeko irizpideak
Odol-analisia 200 mg/dl-tik gorako kolesterol-balioekin.
Gaixotasun koronarioa.
Bi arrisku-faktore edo gehiago egotea: hipertentsio arteriala, obesitatea, hipergluzemia eta/edo tabakismoa.
Ebaluazioa
Eraginkortasunik gabe egindako aurretiazko ekintzak.
Kolesterola igotzea eragin dezaketen beste medikamentu batzuk: kortikoideak, progestagenoak, erretinoideak, anabolizatzaileak, karbamazepina, fenobarbitala, ziklosporina…
Alergiak
Haurdunaldia/edoskitzaroa
Medikuaren eta farmazialarien jarduna
Neurri higieniko-dietetikoen indikazioa: Gutxienez 1,5 litro likido hartu egunean. Elikadura orekatua mantentzea, gantz-aserik gabekoa. Arrain urdinean, oliba-olioan eta hazi-olioetan dauden koipe monoasegabeen eta poliasegabeen ekarpena handitzea. Landare-, lekale-, barazki- eta fruta-kontsumo handia mantentzea. Zuntza gehiago hartzea. Alkoholaren kontsumoa kontrolatzea. Erretzeari uztea.
Tratamendu farmakologikoa: estatinak, truke-erretxinak, fibratoak, ezetimiba.
Fitoterapia: Allium sativum L., Plantago ovata Forssk., Monascus purpureus legamia.
BARATXURIA
Allium sativum L.
Droga begetala: erraboila.
Osagai nagusiak: aliina (alizina bilakatzen dena).
Indikazioa: aterosklerosia prebenitzeko laguntzailea.
Posologia EMA: 300 eta 750 bitartean mg/dosi (900-1380 mg/egun), 3-5 hartualditan.
Kontraindikazioak: substantzia aktiboarekiko hipersentikortasuna.
Arreta-neurriak: baratxuri-prestakinak kontu handiz erabili behar dira ahotiko koagulazioaren aurkako terapiaren eta/edo plaketa antiagregatzaile terapiaren pean dauden pazienteekin, odoljario-denborak areagotu baititzakete.
Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da sendabelar horien segurtasuna ezarri.
Kontrako erreakzioak: arnasketa kiratsa edo gorputz-usaina, sabeleko mina, hantura, flatulentzia, anorexia. Erreakzio alergikoak, hala nola ukipen-dermatitisa, konjuntibitisa, errinitisa edo bronkoespasmoak, batzuetan larriak. Buruko mina, zorabioak eta izerdi ugari. Odoljarioa.
ARROZ-LEGAMIA GORRIA
Monascus purpureus legamia
Droga begetala: arroz gorrian hazten den Monascus purpureus legamia.
Osagai nagusiak: monakolinak, batez ere monakolina K.
Gaur egun, elikadura-osagarri gisa baimenduta dago, Araudiak (EB, Europar Batasuna) 432/2012 adierazpen baimendua ezartzen baitu: “arroz-legamia gorriaren K monakolinak odol-kolesterolaren maila normalak mantentzen laguntzen du. Adierazpen honek egunero 10 mg K monakolina ematen duten elikadura-osagarrietarako baino ez du balio.
Arreta-neurriak: 2019/1901 Araudiak Monascus purpureus legamia gorriz hartzitutako arrozez egindako elikadura-osagarrietan, gehienez ere, 100 mikrogramo/kg zitrinaren edukia ezartzen du.
ISPAGULA
Plantago ovata Forssk.
Droga begetala: kutikula.
Osagai nagusiak: zelulosa eta % 20-30 muzilagoak.
Indikazioa: Idorreria kasuetan, zuntz gehiago hartzea gomendatzen den pazienteak; baita dietetan ere, hiperkolesterolemia dagoenean.
Posologia EMA: 10 g/egun, 2-3 hartualditan banatuta.
Berariazko posologia AEMPS-ren fitxa teknikoaren arabera: 7-20 g egunero, 2-3 hartualditan banatuta.
Propietate farmakodinamikoak: Saiakuntza kliniko batzuek erakusten dute hiperkolesterolemia arina edo moderatua duten pazienteen dietari ispagula gehitzeak odoleko kolesterol-maila jaisten duela.
Kontraindikazioak: Substantzia aktiboarekiko hipersentikortasuna. Heste-ohituran bat-bateko aldaketa duten pazienteak. Ondesteko odoljarioa diagnostikatu gabe. Libratzailea erabili ondoren libratzerik ez izatea. Urdail-hesteetako traktuan konstrikzio anormalak dituzten pazienteak. Hesteen paralisia. Megakolona. Irensteko zailtasunak dituzten pazienteak (disfagia edo hestegorriaren buxadura).
Arreta-neurriak: Ez da gomendatzen 12 urtetik beherakoetan. Haurdunaldiko eta edoskitzaroko segurtasuna ezarri da. Beste medikamentu batzuk hartu baino ordu erdi edo ordubete lehenago edo geroago hartu behar da.
Kontrako erreakzioak: Bere zuntz edukia dela eta, flatulentzia ager daiteke, normalean, tratamenduan zehar desagertzen dena. Sabeleko distentsioa, hestegorriko edo hesteetako buxadura eta inpaktazio fekala izateko arriskua dago, batez ere likido nahikorik gabe irensten bada.
Erreferentzia:
Egileak: Ramírez, M. (Sendabelarretako batzordekidea. Farmazialarien Elkargo Ofiziala. Jaen). Berrazterlea: Allúe, J. (Sendabelarretako batzordekidea. Farmazialarien Elkargo Ofiziala. Bartzelona).
2020-2021. Plantas Medicinales. Protocolos del Servicio de Indicación Farmacéutica en trastornos asociados a la elevación de los niveles de colesterol. Farmazia Bulegoko Batzorde Nazionala. Sendabelarrak. Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia. Kolaboratzailea: Arkopharma Institutua.