Ez daukat argi nola geratuko zaidan artikulutxo hau, ezta hasierak zer ikustekorik izango ote duen amaierarekin, baino nago guztiak batera azalduta ikusgarritasuna areagotu egingo dela, eta horretara noakizue. Azken egunotan Nafarroan euskal literaturaren inguruko hainbat gertakizun izan baita. Edozein ordenatan zerrenda nitzake, guztiak direlako esanguratsu eta adierazgarri; irizpide bat ezartze aldera, iritsi zaizkidan hurrenkera kronologikoaren arabera aipatzea dirudit egokiena.
Bada, aurreko astean ospatu zen Nafar Ateneo eta Iruñeko Udalaren artean antolatutako ‘Iruña Hiria – Ciudad de Pamplona’ poesia lehiaketaren sari emate ekitaldia. Gaztelerazkoan Toño Benabides izan da garaile eta euskarazkoan, Lierni Azkargorta lazkaotarra, ‘Eripoemia’ izeneko lanarengatik. Eta hemen bai nahiko nukeela egin geldialdi bat, izan ere, iaz xomorro nazkantearengatik, ekitaldi hau bertan behera geratu, eta V. edizioaren garaile suertatu zen Oihane Garmendia erronkariarraren lanari, ‘Bidaia (h)ariketak’ izenekoari, ezin izan baitzitzaion ekitaldi honek eman diezaiokeen eta ongi merezia izango zukeen oihartzuna eman. Ekitaldi honetan izaten baita Denonartean-ek argitaratzen dizkien liburuen lehen aurkezpen ofiziala eta honen biharamunean izaten baitira liburuak eskuragarri liburutegi, liburu denda eta bestelako erosketa gunetan. Denonartean argitaletxean buru belarri diharduen Unai Paskuali ere eskertzekoa, euskarazko epai mahaikide aritu eta ondoren bere gain hartzen baititu edizio eta zabalpen aferak.
Oihaneren lanak Grezian zehar bidaia poetiko batean murgildu gintuen, maisutasunez eta dotoreziaz harilkatuz greziar mitologia eta kulturari aipuak, eta egile klasiko eta garaikide hainbatenak. Liernirenak, ‘Eripoemia’ izenburuak berak laburbildu eta azaltzen du bilduma osatzen duten poemen esanahia: ‘eri’, eritasuna; ‘poe’, poesia; eta ‘emia’, grezierazko jatorria daukan atzizkia, odolarekin lotutako hitzak eratzeko erabilitakoa; alegia, zainetan odola darabilkigun bitartean poesiaren bidetik beti izango dugu bidaiatzeko parada eta zailtasunei aurre egiten lagunduko digun ihesbide eta arnasbidea. Oihane eta Lierni bertan elkar egotea izan zen egun hartako une berezietako bat, bata epaimahaiko kide gisa, bestea, saria jasotzen. Ondo baino hobeto merezitako bejonak biei. Beñat Sarasolak aspaldiko txio batean Liernik jasotako sari baten harira idatzi zuena lapurtu eta hona ekarriko dut bientzat: idazten duzuena idazten duzula, ezezko bat jasotzean, ez etsi. Bikainak zarete bai idazle bezala, baita daukazuen bihotzarengatik ere!
Aste honen hasierak ‘Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia’ren 4. liburukia oparitu zidan. Asier Barandiaranek koordinatutako lana, Nafarroako Gobernuak argitaratua, zeinetan parte hartzeko aukera eskaini zidan Asierrek. XXI. mendeko 33 idazle eta 14 bertsolari nafar daude bertan jasoak. XXI. mendean, 47 euskal egile nafar, ez da zifra makala!
Mila esker, Asier, plazera izan da bidaia zoragarri hau burutu ahal izana, Iñigo Astiz ultzamarra eta Fertxu Izquierdo txantrearra hobeto ezagutu, eta beraien literaturaz eta poesiaz asko ikasi eta gozatu baitut. Bi idazle eta bi pertsona handi, inondik inora.
Aste honetan jaso dugun berria ere bada Aritz Otazuk zuzentzen duen Nafarroako Mintzoa argitaletxearen aurkikuntzarena, 1533. urteko euskarazko hiztegi batena, Italian, nafar batek inprimatutakoa. Bernat Etxepareren aurretik beraz bazen ere Lingua Navarrorum-ez jarduten zuenik. Bide batez, Angulemako Margarita eta bere alaba Albreteko Joanaren garaikidea litzateke lan honen egilea, ezta?
Ezin aipatu gabe utzi adiskide eta Joxemiel Bidador euskarazko poesia taldekide dudan Mikel Sanz Tirapu, berak idatzitako ‘La parte predominante del caos’ izenburuarekin argitaratu berri dioten poesia liburua eta Caparrosoren Errota tabernan ostiralean zertatutako aurkezpena. Mikeli ere berdin esango nioke, idazten duzuna idazten duzula, ezezko bat jasotzean, ez etsi!
Astea bukatzear zelakoan eta jada nahiko ase beterik nengoelarik, Iosune de Goñi burlatarrak XXI. Pasaia Hiria euskarazko lehen saria eskuratu duela irakurtzen dut. Iruñeko Egile Berrien lehiaketan hainbatetan jaso ditu merezimenduak, baita beste hamaikatxotan ere; eritasunaz diharduen ‘Trenza roja’ fanzina argitaratu eta aurkeztu berri du Ines Martinez kazetari eta editore madrildarrarekin batera eta Euskal Herrian Liberoamerika argitaldariaren editore lanen ardura partekatzen du Leire Alonso idazle, musikari eta matematikari herrikidearekin. Oihane Garmendiak ere parte hartu duen ‘Izotzetan islatuak’ 24 idazle euskaldun gazteren testuen bilduma aurtengo udaberrian bertan kaleratu dute.
Sasoian dago Nafarroan euskal literatura eta sasoitsu daude egile nafar euskaldunak. Ez naiz ez aztia ezta iragarlea ere, baina susmoa daukat etorkizuna oparoa datorkigula eta pozten naiz. Bejondeizuela artikulu honetan aipatu zaituztedan guztiak eta aipatu ez zaituztedan beste asko ere.
Ines Castiella Imaz
Nafar Ateneoko Euskara eta Euskal Kultura saileko eleduna