NUPEN INSTALAZIO BAT ERAIKI DUTE MUSIKARI ETA SORTZAILEEK SOINU-INGURUNE BERRIETAN ESPERIMENTUAK EGIN DITZATEN

Jaulab proiektuak aukera tekniko eta konpositibo berriak eskaintzen ditu, audioa espazio-mailan manipulatzeko aukera ematen baitu

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Akustikoko taldeko kideek, UpnaLab laborategiarekin eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko Ikus-entzunezkoen Unitatearekin batera, Jaulab izeneko proiektua amaitu dute. Jaulab proiektua kaiola esferikoaren itxurako instalazio batean gauzatzen da. Laborategi horretan, musikariak edo konpositoreak hartzen du erdigunea, eta modu murgiltzailean erreproduzituko diren soinuak sortzen ahal ditu instalazioaren ezaugarri inguratzaileei esker. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak finantzatu du proiektua, Kultura Proiektuen 2020. eta 2021. urteetako deialdien barnean.


Pablo Cotton DJa konposizio bat entzuten

NUPeko akustika-laborategian dagoen Jaulabizeneko instalazioan

 

Ricardo San Martín Murugarren irakasleak, Ikerketa Akustikoko taldeko kide eta Jaulaben sustatzaileak, azaldu du “2020an hasi zela proiektua, Soinuaren Nazioarteko Urtea zela eta, baina pandemiaren ondorioz ezin izan dela orain arte amaitu”. Helburua gizarte modernoaren hainbat esparrutan soinuak duen zereginari buruz hausnartzea zen, komunikazio hutsetik hasi eta ikus-entzunezkoraino edo artistikoraino. NUPen aldetik, honako hauek parte hartu dute: Asier Marzo Pérez, Mikel Sagues García eta Enrique Piñeiro Ben irakasleek, Asier Beunza González laborategiko teknikariak eta Miriam Uriz eta Gorka Larralde Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiko kideek.

Soinu-instalazio hori sortzeko prozesuan, hainbat diziplinatako artistek hartu dute parte, eta 3Dko soinu-eszenekin esperimentatzea proposatu zitzaien. “Soinuarekin, kontua ez da soinu-errealitatea modu fidagarrian erreproduzitzea; izan ere, soinuak sortzeko algoritmo berrien bidez, haratago joan gaitezke, sortzaile izan gaitezke eta soinu-ingurune berriak sortu”, dio San Martinek.


Ezkerretik eskuinera, atzean Mikel Abete eta Borja Muro (Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa, konposizioa), Joseba Torre (CSMNko koordinatzailea), Eduardo Pardo (soinu-teknikaria eta prestatzailea), Eneko Azparren eta Ander Larrinaga (CSMNko koordinatzailea); aurrean, Odd Signals eta Pablo Cotton, DLC Kulturekoak, Asier Beunza eta Ricardo San Martín (NUP) eta Antton Iriarte (CSMN konposizioa)

 

Jaulaben garatutako beste tresna batek soinu-paisaien analisi psikoakustikoak egiteko aukera ematen du, eta Akustikari buruzko XI. Biltzar Iberikoan aurkeztu zen. Oro har, analisi psikoakustiko bat soinu jakin batzuek gogora ekartzen digutenaren pertzepzio subjektiboa aztertzea da. 

Gainera, proiektuari esker, azken ikasmailetako hiru ikaslek ikasketa-amaierako lana egin ahal izan dute, eta bi lankidetza-beka eman dira.

Zenbait kolektibok hartu dute parte

Jaulabek zientzia-, arte- eta teknologia-ibilbide oso bat egiteko aukera eman digu, zenbait ikuspegi eta diziplinatatik jorratutako proiektua baita, eta parte hartzen duten kolektibo guztiek ateratzen baitiote etekina”, esan du Ricardo San Martín NUPeko ikertzaileak.

 

Jaulaben barrualdetik ateratako argazkia

 

Zehazki, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako Eskultura Saila arduratu zen egitura nagusiaren diseinuaz (Zuriñe Urbeltz eta Iñaki Otsoa); eraikuntzak Elkarte Fundazioaren laguntza izan zuen; UpnaLab taldeak, egizu zerorrek delako kultura sustatzen duenez (Do It Yourself), instalaziorako bozgorailuak diseinatu eta inprimatu zituen; eta bai Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Konposizioaren Espezialitateko ikasleek, Joseba Torrek koordinatuta, bai DLC Kulture musika elektronikoaren zaleen taldeak, Pablo Cottonek eta Raffaelek ordezkatuta, Jaulabek eskaintzen dituen aukera tekniko eta konpositibo berriekin esperimentatu zuten beren sorkuntzetan.

Artistei eta konpositoreei dagokienez, ikasgela beren unibertsora hurbildu ordez, akustika-laborategira joatea proposatu zitzaien eta Jaulab barruan saioak egitea, audio espazialak eta, bereziki, instalazioak nolako prestazioak eskaintzen zizkieten azter zezaten beren saioei geruza eta testura berriak eransteko.