“AUDIOVISIONES” ERAKUSKETA

 

Ziudadelako Arma Aretoan ‘Audiovisiones’ erakusketa dago ikusgai, begirada bat mundu garaikideari, teknikak, formatuak eta adierazpen-lengoaiak hibridatuz

27 lanek osatzen duten erakusketan, Udalaren arte garaikidearen bilduma beste instituzioetakoekin elkarrizketan ari da

Iruñeko Udalak eta 9915 Elkarteko bildumazaleek hizkuntza artistiko berrien aldeko apustua egiten dute ‘Audiovisiones’ ekimenean; arte-erakusketa Ziudadelako Armen aretoko lehen solairuan dago eta otsailaren 13ra bitarte bisitatzen ahalko da. Erakusketaren interesgunea ikusizko eta entzunezko dimentsioak –munduaren giza-pertzepzioa baldintzatzen duten bi bektore nagusiak– bateratzean datza.

Gaur goizean aurkeztu dute erakusketa María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, Jaime Sordo Espainiako Arte Garaikideko Bildumazaleen 9915 Elkarteko lehendakariak eta Alicia Ventura erakusketaren komisarioak. Erakusketak ikus-entzunezko 27 lan eta beste hainbeste artistaren instalazio eta bilduma ditu ardatz, horien artean Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumako zazpi.

Lanek artistikoki islatzen dituzte garaikidetasunari dagozkion kezkak. Hala nola, adimen artifiziala eta automatak, terrorismo globala, genero-estereotipoak, egungo bizitzaren erritmo bizia eta Arteak identitatearen islan edo definizioan duen zeregina; proposamenek eguneroko bizipenen ikus-entzunezko collage bat osatzen dute, modu kontzientean izan ala ez.

Erakusketa plural eta hibridoa

Sortzaileak honako hauek dira: Alegría y Piñero, Eugenio Ampudia, Manu Arregui, Jaime de la Jara, Juan del Junco, Karin Dolk, Nezaket Ekizi, Pep Fajardo, Fiumfoto, Paco Guillén, Cao Guimaraes, Fermín Jiménez Landa, Glenda León, Ignacio Llamas, Mario M. Martínez, Begoña Montalbán, Coco Moya e Iván Cebrián, Ángel Núñez, Jacco Oliver, Sergio Prego, Samuel Ortí y Nelo Vinuesa, Eder Santos, Karina Skvirsky eta Tim White-Sobieski.

Audiovisiones’ erakusketan dauden bildumen artean, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen bildumaz gain, bilduma partikularretako obrak daude eta baita DKV, Francisco Cantos, Los Bragales, Alicia Aza, Navacerrada, José María Lafuente Balle eta Valzuela bildumetakoak ere.

Ziudadelako Armen aretoa erakusketaren esparru gisa hautatzeak balio erantsia ematen dio kokaguneari; izan ere, gune hori hezkuntza, ikerketa ezagutza sortzeko jarduera gisa eta arte garaikidearendako ikusle berriak hedatu / bilatzea bezalako balioak kontuan hartu eta praktikatzen dituen espazioa da. Izan ere, aurkezten diren arte-jardunen multzoak gure garaiko artearen funtsezko ezaugarri bat du: diziplinartekotasuna eta teknika, formatu eta adierazpen-hizkuntzen arteko hibridazioa. Alicia Ventura erakusketaren komisarioaren hitzetan “erakusketaren diskurtsoak arreta berezia eskaintzen die ikusleari espazioaz, bere gorputzaz eta inguratzen duen erakusketa-inguruneaz hausnartzeko aukera ematen dioten obrei (modu esperimentalean, intuitiboan, ludikoan ere bai). Espazioa eta denbora fisikoa, baina baita bizitako espazioa eta denbora ere: sentsazioa, mugimendua, oroitzapena, esperientzia, memoria.”